2018/04/14

Arantxa Urbe
Hezitzailea eta Hik Hasi-ko kidea
Eskolan kabitzen ez zaizkigun haurrak

Botika hartu ondoren, nire alaba ez zen bera. Badakizu nolakoa den, alaia, irekia, hiztuna. Botika hura hartuta, ordea, ez nuen ezagutzen, beste bat zen. Horregatik, erabaki nuen botika nik hartzea, zer gertatzen zen ikusteko. Berehala, ezinegona, takikardiak sentitu nituen, oso gaizki aurkitu nuen nire burua. Bikoteari azaldu nion egin nuena, eta erabakia hartu genuen: ez genion berriro botika emango, eta gerta zedila gerta beharrekoa, gelako azkena izatea ekarriko bazion ere». Zur eta lur ari nintzen laguna entzuten. Orduan 12 urte zituen alabaz ari zitzaidan, minetik eta ezintasunetik; artean, derrigorrezko eskolaldia nekeza eta aldapatsua gertatu eta orain ikasketak arrastaka zeramazkielako psikiatrak errezetatutako piruletan aterabidea aurkituko omen zuen alabaz. Joan dira pare bat urte lagunak bizipen latz hori kontatu zidanetik. Aitortu behar dut, ordutik, hotzikarak hartzen nauela hitz haiek gogora ekartzen ditudanero.

Bitartean, kezka handiz ikusi dut adiskideena ez dela kasu bakana, eta gero eta sarriago jakiten dut, han-hemenka, eskolako zailtasunak, jarrera eta portaera desegokiak, eskolan ezinegonak, arreta mantendu ezinak eta parekoak, botiken bidez artatu nahi diren kasuak. Eta larriagoa dena, nire ustez, gero eta neska-mutil gazteagoetan, oso adin txikietan.

Banuen irudipena gero eta ume gehiago ditugula gure heziguneetan marraztu ditugun «eskola ibilbide» gero eta estu eta zurrunagoetan kabitu ezin zaizkigunak. Eta hor nonbait, derrigorrezkoa den hezkuntza horretatik ere, bazter geratzen ari zaizkigunak; gehienetan hezitzaileak eta etxekoak gaindituta zer egin ez dakitela, eskolak eta zenbaitetan osasun zerbitzuek eskain ditzaketen bitartekoekin erantzun ezinik, zer egin eta nola bideratu jakin ezinik.

Fernando Gonzalez-Serrano eta Francisco Vaccari psikiatrak eta Xabier Tapia eta Manuel Hernanz psikologo klinikoak Osakidetzako Bizkaiko Osasun Mentaleko Sarean, Getxoko Uribe Haur eta Gazte Psikiatria Zentroan ari ziren “Desarrollo psíquico y aprendizaje. Early psychological development and learning” artikulua idatzi zutenean. Han, haurrek Lehen Hezkuntzaren hasieran, Derrigorrezko Hezkuntzaren hasieran, aurkezten zituzten arreta zailtasunen, hiperaktibitatearen eta portaeraren nahasmen kasuen kontsulten gorakadak eragindako hausnarketa egin zuten.

Ikerketan baieztatu zutenez, Bizkaian hamar urtetan (2000tik 2010era), 18 urtez azpiko populazioari zegokionean, %25 egin zuten gora kontsulta kopuruek. Gorakada nabarmenena, bost urtez beherako haurrena izan zen, %73 hain justu. Bestalde, eskola zailtasunak izan ziren, zentzu zabalean, 5-7 urte arteko haurren kontsulten arrazoia neurri handian.

Egindako ikerketaren harira hainbat ondorio aipatu zituzten. Tartean, eskola eskakizunetara ongi egokitzen ez den ume orok ez duela, nahitaez, nahaste psikopatologiko bat izan behar. Horrek ez zituela, baina, salbuesten derrigorrezko eskola urteetan esperientzia horrek haurraren autoestimuan izan zitzakeen garapen arriskua egoki baloratzeaz.

Eskolan kabitzen ez zaizkigun haur horiek –gero eta gehiago, gero eta gazteagoak–, ikasle izaeratik haratago ikusiak ote dira... ikusten ote ditugu? •