Maite Ubiria

Maiatz berriaren atarian, campusetik burdinbideetara

Parisko karrikak hartu aitzin, orain dela 50 urte gertatu zen iraultzak Nanterren izan zuen abiapuntu. 200 lagun inguruk Parisko Unibertsitatea hartu zuten, testuingurua guztiz ezberdina izan arren, gaurkotasun handia duen protestari bide emanez. Ikasle atzerritar baten kanporatzea salatzeko martxan jarritako altxamenduak autoritarismoaren aurkako dimentsio zabaleko matxinada piztu zuen Hexagonoan.

Eliseoan jeneral bat zen agintean eta gazteen kexa isilarazteko ohiko errepresio eskema baliatu zuen Estatuak. Mende erdi geroago, Nanterreko Unibertsitatea berriro okupatu dute udaberria pizteko beharra sentitzen duten gazteek –agian, urtemugaren gaineko mitifikazioa hautsi nahian?–. Eliseoan De Gaullen garaitik honat botere handiena lortu duen presidentea dago. Gaullismoak CRS poliziak estreinakoz baliatu zituen unibertsitate batetik bestera izurrite bezala zabaldu zen gizarte eta mundu berria eraikitzeko altxamendua itotzeko esperantzaz. Macronismoak ere gorputz armatua baliatu du Nanterren sortu den protestak beste campusak kutsa ez ditzan. Izan ere, 1968ko Maiatzaren bezperan gertatu zenaren kontra, erreboltaren epizentroa Frantziako hegoaldeko campusetan kokatu da oraingoan, handik egin du jauzi Pariserat. Bertan, erakusketa soil batekin nahi zuen errektoreak ospakizunen garaia itxitzat eman. Alta, Macronen erreforma tarteko, okupazioa hobetsi dute ikasleek eta errektoreak iraganeko jiteak azkar berreskuratu ditu. Polizia izan zen Nanterren 1968ko apirilaren 9an, baita iragan astelehenean ere.

Moldeek soilik ez, diskurtsoek ere bat-batean argazkiak zuri-beltzean egiten ziren garaietara eraman gaituzte. Nanterreko Unibertsitateko buruek beraiek mende erdi atzera jo baitute, okupazioa gauzatu duten gazteak ordenaren aurkako arerio gisa irudikatuz. Hitzez hitz, unibertsitatean sartzeko erreforma auzian emateaz gain, gazteokin «ezinezkoa» dela hitz egin deliberatu dute. Zergatik? Protestaren baitan kurduen aldeko elkartasuna aldarrikatu, Notre-Dame-des-Landeseko ZAD erresistentzia eremua husteko polizia operazioa salatu eta milaka pertsonaren kanporatzea azkartuko duen migrazio lege berriaren aurka azaldu direlako.

Ñabardurak ñabardura, Nanterren asteon protestan aritu diren ikasleek hari ikusezina irun dute maiatz miresgarriaren iratzargailu bilakatu zen apiril hura gorpuztu zuten ikasle txima luzeekin. Erromantizismoa alde batera utzita, klase ertainaren asmakizunak burgesiaren eta langileriaren arteko kontradikzio historikoa eta, ondorioz, harreman dialektikoa desitxuratu duela onartuta ere, «galtzada-harrien azpian harea badagoela» sinetsi nahi duten ameslariak nola elkartuko diren da galdera. Philippe Martinez CGTko buruak «1968ko desmartxa berean» dagoela bere sindikatua adierazi du. Hori ona edo txarra den esatea baino «sufritzen duen herriak» bere mezua hartuko duen da gakoa.

Globalizazio liberalak «gerriko gorriak» irentsi ondoren, zerbitzu publikoaren defentsak zentzu iraultzailea hartu du. Geltoki horretatik abiatu da aitzineko gudek utzitako oroimenez beteriko konboia. Hexagonoa zeharkatzeko gaitasuna badu, ziztu biziko komunikazio garaiotan horrek duen garrantzia eztabaidagarria bada ere. Trenbide konpainia baino, etorkizuna dago jokoan nostalgiaren soinupean hasi den bidaia honetan. •