2018/04/14

Tuterako latsariak, XX. mendearen hasieran

XX. mendearen hasieran Tuterak 9.449 biztanle zituen. 1903an egindako argazki honetan 50etik gora latsari ageri dira, Ebro ibaiaren ertzean, Tuteran. Irudiaren atzealdean hango zubi historikoa dago, 360 metroko luzera duena. Argazkia Nicolas Salinasek egin zuen. Tuteran jaio zen Salinas, 1872an. Estatu frantsesean jaso zuen prestakuntza akademikoa eta haren argazkigintzarekiko zaletasuna berantiarra izan zen. Salinasen argazki dokumentalak batez ere XIX. mendearen amaieran eta XX.aren hasieran egindakoak dira, eta arkitektura, kaleak, eraikinen fatxadak eta Tuterako hainbat bazter erakusten dituzte. Nicolas Salinasek, era berean, bere inguruko jendea erretratatu zuen. 1955ean zendutako argazkilari horren funtsa 6x9ko plakek eta irudi estereoskopikoek osatzen dute, eta Tuterako Udal Artxiboan dago gaur egun.