Juantxo EGAÑA

1968ko udaberriko mobilizazioak, Donostian

1968a asaldura handiko urtea izan zen mundu osoan. Parisko 1968ko Maiatza, Vietnamgo Gerra, Mexikoko Hiru Kulturen Plazako ikasleen sarraskia 400 hildako baino gehiagorekin, Pragako Udaberria… Sasoiko lekukotasun grafiko ugari geratu dira. Urte hartan Hego Euskal Herrian zapalkuntza handia zegoen. Aldiz, Poliziak gogor erreprimitzen zituen mobilizazio haien irudi gutxi iritsi dira gaur egunera. 1968ko apirilaren 14an Donostian izan zen Aberri Egunean 8.000 lagunetik gora bildu ziren eta 200 atxiloketa baino gehiago izan ziren. Egun batzuk geroago, Maiatzaren Lehenean, Euskal Herriko hainbat lekutan egin ziren manifestazioetan ere ehunka lagun atxilotu zituen Poliziak. Artikulua ilustratzen duten irudiak Arturo Delgadok Donostian egindakoak dira, 1968ko udaberriko elkarretaratze haietako batean. Orain arte irudiok sinatu gabe agertu izan dira, argazkilariak, errepresalien beldur, Donostiako Parte Zaharreko bizilagun bati eman baitzizkion negatiboak, zabal zitzan. Zoritxarrez, negatibo haiek galdu egin ziren lekualdatze batean, egun argazki-paperezko original batzuk badauden arren.