Miren Azkarate Badiola

Amatiñoren gehiegikeriak

Altsasuko auziari buruz asko hitz egin eta idatzi da azken aste hauetan, batez ere epaiketari hasiera eman zaion honetan. Ez dut ezer berria esango gertaera hau Euskal Herrian bakarrik eman daitekeela baieztatzen dudanean; taberna batean gertatutako liskar batengatik 300 urtetik gorako espetxe zigorrak eskatzea eta terrorismo ekintza bat bezala epaitzea.

Baina bereziki eskandalu bat iruditu zaizkidan deklarazioak Luis Aranberri Mendizabal Amatiño-k aste honetan egindakoak dira. Beste perla batzuen artean, hauxe esaldia: «Proportzionaltasun bila, nik pare bat hilabetez sartuko nituzke, baina ez kartzelan, guardia zibilen kuarteletan baizik. Eta ez egonean egoteko, oheak egin, platerak garbitu eta erratza pasatzeko baino ez. Ea behingoz gizarteratzen diren».

Alde guztietatik iruditzen zait eskandalu bat. Batetik, gizon honek oso ondo daki zer gertatu zaien guardia zibilen etxeetan herri honetako ehunka gazte eta ez hain gazteri, eta, beraz, gizarteratzeko funtzioa Guardia Zibilaren esku uztea iraingarri bezain probokatzailea iruditzen zait. Bestetik, gizon hau ez nuen ahotsa altxatzen ikusi lau militarrek LGTBI kolektiboko kide bati sekulako jipoia eman ziotenean, ez eta EHGAMen egoitzaren bat garbitzeko proposatzen ere. Eta azkenik, gizon honek gazteentzako zigorra garbiketarekin lotzea lotsagarria iruditzen zait. Zer da, garbiketa zerbait umiliagarria? Ala gazteak umiliatuak izatea da zure nahia? Amatiño, pentsatzen nabil zein lan gomendatuko nizukeen zuri dentistarenean. •