Max DELANY (AFP)
ZIPRE

Egunkariak eta irratia sortu ondoren, alderdi bat jarri dute abian errusiarrek

Oinarri kristau ortodoxoaren gainean oso harreman onak eraiki dituzte zipretarrek eta errusiarrek. Azken hamarkadotan garai bateko Sobietar Batasuneko herritar askok Mediterraneoko uhartea aukeratu dute bizileku moduan eta horien eragina oso nabarmena da Limassol bezalako hirietan: «Limassolgrad» deitzen diote.

Hemen behar duzun guztia aurkituko duzu», adierazi digu Zipre uharteko hegoaldean dagoen Limassol hirian Svetlana Bogomilova errusiar jatorriko herritarrak. Janari denda batean topatu dugu Moskun jaiotako “zipretar” emakume erretiratua. Berak egin zuen moduan, garai bateko Sobietar Batasunean bizi ziren milaka herritarrek Mediterraneo itsasoko irla aukeratu zuten bizileku moduan, Europar Batasuneko herrialdea alegia, inoiz eguzkia falta ez den tokia. Eta bisitatzea merezi duten hondartza ugari dituena. Herrialde txikiak harreman onak izan ditu Moskurekin eta errusiarrekin historikoki, erlijio bera izatearen ondorio.

30.000 errusiar baino gehiago bizi dira Zipren gaur egun eta horien eragina begi bistakoa da arlo ekonomikoan zein kulturalean. Politikoan ere gauza bera gertatzeko bidean da uhartea, errusiar jatorriko herritar batzuek Ego o Politis (“Ni herritarra”) izeneko alderdia sortu baitute.

Zirilikoa

Errusiako alfabeto zirilikoa erabiltzen dute higiezinen agentziek beren luxuzko eskaintzak ezagutzera emateko. Bisitariak kalean ikusiko dituen txarteletan errusiar izarren emanaldiak iragartzen dira. Ez da harritzekoa Zipreko portu-hiriari askok “Limassolgrad” deitzea.

Egungo egoera eragin duen hiriaren bilakaera 1990eko hamarkadan hasi zen, bertako zerga politikak Sobietar Batasun ohiko herritar asko (errusiarrak ziren nagusi, baina ukrainarrak eta beste herrialdeetakoak ere baziren) erakarri baitzituen. Eta orduan hasitako fenomenoak gero eta indar gehiago du.

Errusiar jatorriko turista askok ere Zipre bisitatzea erabakitzen dute (ehunka mila urtean) eta gaur egun uhartera iristen diren bisitarien herrialdekako sailkapenean bigarren lekuan ageri da Errusia, Britainia Handiaren atzetik.

Errusieraz egiten duen komunitateak egunkari propioak sortu zituen aurrena, eskolak ondoren, eta irrati bat ere jarri zuten abian. Egun alderdi politiko bat ere badute, Ego o Politis izenekoa. Iaz sortu zuten errusiar jatorriko bi enpresarik, baina urtarrilaren 28an egin ziren presidentetzarako hauteskundeetan esku ez hartzea erabaki zuten. Datorren urtean Europar Parlamenturako egitekoak diren bozketetara aurkezteko asmoa dute.

Zipretarren interesak

Alexei Voloboev alderdiko sortzaile eta presidenteak jatetxe bat izan zuen bere garaian uhartean. Orain hamarren bat urte eman zioten Zipreko hiritartasuna, eta, berak adierazi digunez, inoiz ez zitzaion burutik pasa ere egin uharteko politikan sartzea. 2016an aldatu zuen jarrera, hauteskundeetara eskuin-muturreko alderdi bat aurkeztu zela ikusi zuenean.

Ivan Mikhnevitx bielorrusiar jatorriko enpresari informatikoa da Ego o Politiseko presidenteordea. Presidenteak bezalaxe, grezieraz ez du egiten, baina ez du uste gabezia horrek zipretarren bazterketa eragin behar duenik. Adierazten dute alderdia «europazalea» dela eta uhartea modernizatu nahi duten herritarren botoa eskuratu dezakeela.

Alderdiak Nikosia hiriburuan duen egoitzan esplikatu du Voloboevek bere posizioa: «Nik Errusia eraiki nahiko banu, bertara itzuli eta han biziko nintzateke. Baina ez da hori egoera. Nik ez dut hau Errusia bihurtu nahi. Handik alde egin nuen eta egun Zipre da nire herrialdea».

Ez dago datu ofizialik, baina alderdiburuaren iritziz garai bateko Sobietar Batasuneko 35.000 herritarrek dute Zipren botoa emateko aukera. Alderdi politiko berriak horiek bereganatu nahi lituzke. Alexei Voloboevek emandako datuen arabera, dagoeneko horietako 1.000 lagunek bat egin dute alderdiarekin, eta 550.000 boto emaile baino ez dituen uhartean politikan sartzeko oinarri indartsua izan daiteke hori.

Alderdia sortu zen Europako hedabide asko Kremlinek Mendebaldeko herrialdeetako hauteskundeetan «interferentziak» egiten dituela salatzen ari zirela. «Errusiaren aurkako histeria» baino ez dira salaketa horiek, Voloboev eta Mikhnevitxen iritziz.

Erlijioa dago bi herrialdeen arteko harremanen atzean, biak kristau ortodoxoak baitira. Horri esker, Zipreren eta Errusiaren arteko lotura politiko zein ekonomikoak oso estuak izan dira historian zehar, eta, 1974an uhartea bi puskatan zatitu zenean, Moskuko agintariek bat egin zuten Zipreko Errepublikarekin (greziarrak nagusi ziren zatia), Turkiaren aurkako jarreran.

Gainera, 2011n Kremlinek 2.500 milioi euroko laguntza eman zion Nikosiari, Ziprek zituen arazo ekonomikoei erantzun ahal izateko. Oso estimatua izan zen errusiarren laguntza, nahiz eta Mediterraneo itsasoko uhartea Europar Batasuneko kide izan 2004az geroztik, eta eurogunekoa 2008tik aurrera.

Sobietar Batasunaren gainbeherarekin batera, bertako herritar batzuek arrakasta izan zuten enpresari moduan egoera berrian, eta haietako batzuek hasi zuten Zipreren «errusiartze» prozesua. 1990eko hamarkadan gertatu zen hori, eta geroztik errusieraz egiten duen komunitateak baliabide ugari garatu ditu. Uharteko banku sistemak oso baldintza egokiak eskaintzen zien pertsona haiei. «Kapitalak ahalbidetutako kolonizazioaren modukoa da», esan du Christophoros Christophorou analista zipretarrak, errusiarrek pasaportea eta bizitzeko baimena lortzeko dituzten erraztasunak gogora ekarriz. Horri esker garai batean komunista izandako eremuan aberastutako pertsona ugari uharteratu ziren, eta 2013an Errusiak jasandako finantza krisi larriak ere ez zuen eragin pertsona horiek Mediterraneoko uhartea uztea.

Ez da ekonomikoa zipretar berri horiek uhartea aukeratzeko izan duten arrazoi bakarra, errusiar askok nabarmentzen baitute betiko zipretarrek oso ondo hartu izan dituztela uhartean. «Zipretarrek errusiarrak maite dituzte eta errusiarrek hori barru-barruan sentitzen dute», adierazi du Natalia Kardatx “Vestnik Kipra” errusierazko egunkariko editoreak.

Honi buruzko guztia: ZIPRE