Nagore Belastegi Martin

IRAGANEKO LANGILE ETXEAK EZAGUTUZ

Duela 70 urte inguru Euskal Herriko hainbat herri industrializatutara lanera etorri zirenen historiari gainbegirada bat da honakoa, lehenik apopilo etorri zirenena ondoren familia osoa ekartzeko. Inguruko herrietatik lehenik, ehunka kilometro atzean utzita ondoren, baina denak etorkizun hobeago baten bila.

Adibide zehatz bat erabiliz, Legazpiko kasua, Euskal Herriko historia ezagutzeko aukera eskaintzen du Lenbur fundazioak. Mirandaolako burdinola eta bere inguruan sortu den ibilbidea aski ezaguna bada ere, herrian bertan dagoen Langileen Ibilbidea ez da hain ospetsua. XVIII. mendean egon zen burdinaren krisiaren ostean koka dezakegu oinarria. Ingelesek labe garaiak asmatu zituzten eta bertako enpresek bezeroak galdu zituzten. Euskaldun asko Ameriketara joan ziren dirua egitera, baina beste batzuek bertan bilatu zuten etorkizuna. Horrela sortu ziren herrietan ekintzaileak, Legazpiren kasuan, Patricio Echeverria.

Lenburreko Olatz Condek kontatutakoaren arabera, «Echeverriak tailertxo txiki bat zabaldu zuen. Hasieran lau lagun ziren, gero hamabi, gero 100… eta gero 3.500 gizon. Lantegia herri bat bezalakoa zen. Gerra ostean izan zen, 40. hamarkadatik aurrera. Etorkin pila bat etorri ziren eta ez zegoen etxerik». Hasieran iritsi ziren familietako batzuk ganadu bordatan bizi ziren. Nagusiak poliki-poliki etxebizitzak egiten hasi ziren, eta lehenengo eraikina Etxe-alai izan zen, lantegiaren parean zegoena. Baina hori ez zen nahikoa eta gehiago eraiki artean jendea apopilo bezala bizi zen; hau da, beste familia baten etxean gelak libratu eta bertan lo egiten, ohatzeetan.

Beharrari jarraituz, lehenengo langile auzoa sortu zen Legazpin, San Inazio. Gero etorri ziren San Jose, Arantzazu eta Urtatza, besteak beste. Etxeak alokairuan ematen ziren, merke eta oso ondo antolatuta, aireztatuak eta hegoaldera begira. Baina, langileekin hitz egiterakoan, Conderi esaten zioten «kate motzean» lotuta zeudela. «Greba egin nahi bazuten nagusiek esaten zieten kontuz ibiltzeko, lana beste leku batean topatu ahalko zutela baina euren familiak nagusiaren etxean bizi zirela, euren seme-alabak nagusiaren eskoletara joaten zirela...».

Burdinolen Ibilbidea dagoen bezala, herrian bertan Langileen Ibilbidea ere badago. Eraikin batzuk bisita daitezke eta horietako bat da San Inazio auzoko Langileen Etxebizitza (erreserbak egiteko Lenbur fundazioarekin harremanetan jarri behar da). Etxea auzoko jendeak kontatutako istorioak oinarri atondu dute, eta horiek eskainitako elementuekin hornitu, kontakizun bizia izan dadin.

Hasiera batean inguruko herrietako jendea iristen hasi zen: Zumarraga, Oñati, Antzuola, Ordizia… Horiek jada lanean zeudela hasi ziren etortzen urrunagoko langileak, batez ere Nafarroa eta Arabakoak. San Inazio auzora batez ere Araiatik etorri ziren. Bertan zegoen Ajuria lantegia, eta, itxi egin behar zutenez eta langile on piloa zeudenez, Legazpira bidali zituzten. Patrizio Echeverriak laminazioa martxan jarri behar zuen orduan eta langileak behar zituen; handik etorritako familiak dira Gordoatarrak, Ibarniatarrak, Garatetarrak… Langileen jatorria gero eta urrunagokoa izaten hasi zen, eta laster hasi ziren etortzen Burgosetik, Zamoratik edo Extremaduratik.

Zonalde publikoa: jangela eta komuna

Etxean sartu eta izkinan dagoen lehen gela jangela da. «Zertarako ote nahi zuten horrelako gela bat? Sekulako sukalde handia zuten eta jangela ez zuten ezertarako erabiltzen, urtean bitan agian. Eta kontraz, ume guztiak elkarrekin egiten zuten lo gela hau erabili beharrean. Baina badauka bere arrazoia», kontatu du Condek. Auzotarrak elkarrizketatu ondoren ulertu zuen gela horren funtzioa; egun baditugu jatetxeak ospakizunentzako, baina, orduan, dirua ez zutenez, bertan egiten zituzten familia bazkariak. Gela hau beilatoki bezala ere erabiltzen zuten.

Hori dela eta, etxea bitan banatuta dago. Korridorean ate bat dago, eta hori itxiz publikoa dena –jangela eta komuna– eta pribatua dena –logelak eta sukaldea– banatzen dira. Nahi izanez gero, atea itxi eta etxea kontu publikoetarako erabiltzen zuten. «Komunaren distribuzioa ere oso bitxia da. Hemen badago galdara txiki bat. Ur beroa izatea luxu bat zen. Iturriko ura berotzeaz gain, komuneko giroa ere berotzen zuen eta horrela dutxatzea atseginagoa zen. Bestalde, etxean pila bat zirenez, komun bakarrarekin moldatzea ez zer erraza. Horregatik, letrina, dutxa eta konketa aparte daude; hiru lagunek erabil dezakete komuna aldi berean nahiz eta gela bakarra egon».

Sukaldea, etxearen bihotza

Etxearen bihotza sukaldea da, eta emakumeekin harreman handiena duena. «Emakumearen historia kontatzen da etxe honetan. Emakumeen papera funtsezkoa izan da. Denek esaten dizute ez dutela lanik egin, etxekoandreak zirela, baina etxekoandre izatea ez zen bazkaria prestatu eta etxea garbitzea soilik. Jostunak, brodatzaileak, emaginak... ziren, denetarik zekiten!», azpimarratu du Condek.

Emakume batek kontatu zion sukaldeko mahaian erditu zituela bere bost seme-alabak. «Nik ezjakintasunagatik galdetu nion ea zergatik ez ohean. Bada koltxoia zikindu egiten zelako, eta errazagoa zelako mahaia eta lurra garbitzea. Dena garbitzen zuten eta senarra eta apopiloak lanetik etortzen zirenerako bazuten jada mahai gainean bazkaria!», aipatu du.

Emakumeen artean sareak eraikitzen zituzten. Batek haurrak jasotzen zituen, beste batek bazkaria egiten zuen, eta denak elkarrekin ibiltzen ziren. Jakinduria elkarbanatzen zuten. Batek brodatzen bazekien horren etxera joaten ziren denak, eta hurrengo astean beste baten etxera. Horrela, elkarrekin hitz egiteaz gain, bonbilla bakarra gastatzen zuten. «Koltxoiak beraiek egiten zituzten eta bazekiten izarak berdetara ateratzen bazituzten zuritu egiten zirela», esan zuen Lenburreko kideak liluraturik.

Sukaldean txapa ekonomika zegoen, gauza askotarako balio zuena. Beroa ematen zuen, galdarako ura berotzen zuen, janaria prestatzeko balio zuen, arroparako zein ilea txukuntzeko plantxak berotzen zituen, eta, gauean, arropa gainean zintzilikatuz gero, lehortu egiten zuen. «Ekonomika beti zegoen piztuta, irratia bezala».

Bazkaldu txandaka egiten zuten. Lehentasuna langileek zuten, eta gero gainontzekoek. Emakumeek, ordea, bazkaria prestatzen zuten bitartean bazkaltzen zuten, beti zutik. «Eskolako haurrak bisitara etortzen direnean esaten diet lehen ez zela orain bezala, mikrouhin labea jarri eta minutu batean gosaria prest. Lehendabizi esne-saltzailea Gabiriatik etortzen zen, eta, ondoren, esnea irakiten jarri behar zen», azaldu du.

Auzoan denda txiki bat besterik ez zegoen eta okina edo arrain-saltzailea gurdiarekin etortzen ziren. Gainontzeko erosketak egitera ekonomatura joaten ziren, baina, gerraoste betean, ezin zuten nahi zuten guztia erosi; langileak kartillarekin joaten ziren dendara. Hor jartzen zuen zenbat erosi ahal zuen familia bakoitzak. «Ohikoa zen bertara iritsi eta galdetzea ‘nor da azkena Teresarentzat?’; Teresa harakina zen. Behi bakarra hiltzen zuen eta bertara ez ziren sekula azpizunak iristen! Artistak ziren emakumeak sukaldean: oilasko bakarrarekin bost egunetarako bazkariak prestatu behar zituzten. Hankekin zopa, hezurrekin kroketak... ez dakit nola moldatzen ziren. Lau arrautza bazituzten eta sei baziren familian, bexamelarekin nahastu eta horrela arrautza zati bat zegoen bakoitzarentzat», nabarmendu du Condek.

Etxean familia bat baino gehiago bazegoen, emakumeak txandaka aritzen ziren sukaldean. Despentsan gordetako gauzei markak egiten zizkieten, etxeko gainontzekoek ez kentzeko.

Nola antolatzen zituzten gelak

Korridoreko atea pasa eta berehala dago umeen gela. Bertan egiten zuten lo familiako txiki guztiek, bi ohetan pilatuta. «Etxe honetan hotza egiten du, ezta? Ba horrela zen beti garai hartan. Poltsa beroarekin edo adreilu bero batekin sartzen ziren ohera, eta anai-arrebei ondo helduta mantentzen ziren bero», gogoratu du Condek.

San Inazio auzora etorri ziren lehen familiek etxea alokairuan hartu zuten, eta, ostean, beraiek gela bat beste langile batzuei alokatu. «Etxe honetan ikus ditzakegu desberdintasunak. Aurretik etorri zirenek jada bazuten diru pixka bat. Gelan josteko makina bat dago, eta hori oso garestia zen. Azkarrago josi ahal izaten zuten eta diru gehiago lortzen zuten horrela. Etxeko umeen arropa ere egiten zuen amak», aipatu du.

Emakumeen helburua ezkontzea zen, «neska-zahar» izatea gauzarik txarrena zelako. «Eskoletan neskei emazte ona izateko liburuxkak ematen zizkieten. Nire amaren garaiko liburuxkak dira, eta, irakurri nituenean, harrituta gelditu nintzen zein atzerakoiak diren ikusita!», nabarmendu du Condek.

Demagun bisitatu dugun etxeko familia Araiatik etorritakoa dela, eta gela bat libratu ostean Extremaduratik etorritako familia bati alokatu diola. Gela handia da, baina bertan lo egiten dute senar-emazte eta seme-alabek; gurasoek ohean eta haurrek koltxoi batean. Ez dute tranpadurarik eta horregatik herritik ekarritako guztia armairu gainean uzten dute. Eta, emakumeak, josteko, makinarik erosteko dirurik ez duenez, eskuz josten du. «Oporretan herrira joaten ziren guztiak eta auzoa hutsik gelditzen zen. Iristen zirenean, denak egun berdinean, trenak beteta etortzen ziren», gogoratu du Condek.

Etxean irudikatutako familia baten bizitza kontatzen bada ere, benetako familia askoren bizipenetan dago oinarrituta. Horren erakusle, etxean bizi izandakoen argazkiek gogoratzen dizkigute hormok gordetako sekretuak.

Pixkanaka, ahalegin handiz, gauza pila bat lortu zituen belaunaldi bat izan zela iruditzen zaio Lenburreko kideari: «Hobera egin zuten, eta, lan asko eginez, seme-alabei etorkizun askoz hobeago bat eskaini ahal izan zieten».•