Antton Izagirre

Sinbologiaz

Sinbolismoz beteriko garaiak bizi ditugu. Kontu berria ez izan arren, inoiz baino kontzienteagoak gara sinboloen atzean ezkutatzen den ingurumaria soziopolitikoaz.

Komunikazioaren munduan bizi gara, iruditegi oso zabala dugu. Komunikabideetatik jasotzen ditugun irudi eta mezuez baldintzaturik bizi garen sentsazioa dugu. Politika, ekonomia, gizarte manipulazioa, zeharkako sinboloen bidez eragiten dela agerikoa da. Egunerokotasunean hain barneratua ditugun medioek ia oharkabean gidatzen dute gure jarduna, gure pentsaera eta jokamoldea. Hori guztia inkontzientea den neurrian, gizartea moldatzeko duten indarra paregabea izan ohi da.

Baina komunikazio bide guztien artean, gizakion gorputza eta larrua bitarteko egiten dena oso indartsua da. Gure gorputza estaltzeko erabiltzen ditugun jantziak, buruko zapiak, larrua apaintzeko tatuajeak, piercingak, orrazkerak, margoak... garaian garaiko testuinguru soziopolitikoaren sinbolo dira. Zenbateraino dira askatasun ala menpekotasun ikur?

Irakurri berri dut Opus Dei elkarteak zuzentasunez jantzita ez ibiltzea bekatutzat hartua izan dadin aholkatu omen duela, «janzkerak nortasuna biltzen duelako». Gorputzaren gaineko sinbologiaz egiten den erabilpen horrek gizakiaren eta gizartearen kontrola duela helburu. Halakoetan, interpretazioak egiteko orduan, beti galdetu beharko dugu gaiaren sustatzaileak duen ideologiaz eta horren baitan egin geure hautua. •