Iñaki Altuna

Urratsei baino gehiago, ibilbideari begiratu

Ostegunean amaitzen dugu GAUR8. Segidan, errotatibara bidaltzen dugu. Ostiralean inprimatutako ale horiek larunbateko GARAn sartzen dituzte. Asteari zeharka begiratzeko atal hau egiterakoan ostiralaren beldur izaten gara beti. «Ez ote da bihar ezer berezik gertatuko eta ez ote du horrek erabat lekuz kanpo utziko oraintxe idatzitakoa?», galdetu ohi diogu ostegunero geure buruari. Ezustekoaren zaplaztekoaren beldur izan ohi gara.

Aste honetan, aldiz, beste arazo bat sortu da. Erredakzioan badakigu jadanik biharko egunkarian ETAren adierazpen bat izango dela, eragindako kalteari buruzkoa, baina, hauxe idazten dugun artean, ez da oraindik kalean ezaguna, ez dago oraindik hedabideetan, eta, beraz, ezin dugu zehaztasunez aurreikusi zer oihartzun izango ote duen. Nola egin, orduan, azterketa?

Hori dena gutxi ez, eta maiatzaren hasieran ETAk bere eztabaidaren emaitza ezagutzera emango duela bolo-bolo dabil, zurrumurru hutsetatik haratago. Informazioaren, albistearen itxura osoa hartu du dagoeneko. Egia esan, berri hori bazetorrela bagenekien guztiok, eta erabaki horren zentzua ere nahiko argi dago. Orain, ordea, hortxe bueltan dago kontua, eta bestelako galderak sortuko dira. Nola egingo da? Zer mami izango du?…

Hedabideak ere lasterraldian hasiak dira, ea nork zer berri eman, eta zenbaitetan konfusioa ere sortuko da, are gehiago inork akatsa egin izana aitortuko ez duelako. Gogoratzen al duzue nola ETAk zuloen geolokalizazioa publikoki BBC katearen bitartez ezagutzera eman behar zuen? Atzo, berriz, Espainiako hedabide batek ETAk maiatzaren hasierarako «aurreratu» duela iragarpena esan zuen, izan ere, duela gutxi, hilaren bukaeran edo ekainaren amaieran egingo zuela argitaratu zuen hedabide horrek. Garrantzitsuena ez zen eguneko albistea, aurreko hari eustea baizik. Duela urte dezente, bazen irrati bat ETAk su-etena emango zuela iragartzen zuela tarteka, eta, albistea betetzen ez zenean, «los duros se han impuesto y han frustrado la tregua» bota… eta hurrengora arte.

Ordezkari politikoak ere hasiko dira adierazpen jarioarekin. Horiek ere urteotan sortutako egoera onartu eta aurrera begira aprobetxatzeko aukera izango dute, baina, egongo dira, ohi denez, beraien buruan baizik pentsatuko ez dutenak. Armagabetzean ere ikusi genituen antzeko jokabideak. Erakundeetako ordezkari batzuk bete-betean inplikatu ziren artean, beste batzuk, publikoki babesa adierazi arren, kalkulu politikoetan galdu ziren zenbaitetan.

Nolanahi ere, asteotan ETAren inguruan gertatzen ari dena ulertzeko, ikuspuntua zabaldu behar da, data bat edo esaldi bat gorabehera. Ezker abertzalearen estrategia aldaketaren ondotik hasitako ibilbidea hartu behar da kontuan, eta azken garaiko ETAren barne eztabaida, hilabetez luzatu dena. Eztabaida horren emaitza plazaratzen ari da jada. Aberri Egunean hildako burkideei eta militantziari egin zion omenaldia ETAk. Eztabaida amaitzeko puntuan zegoela zioen agiri horretan. Atzoko adierazpenean eragindako kalteari buruz aritu zen. Testu horretan eztabaida amaitua dela dio ETAk. Beraz, hirugarren urratsa falta da, eztabaidaren erabakia kaleratzea, eta, bi gai horiek aurreratu dituela ikusita, pentsa daiteke zentzu politikoagoa izango duela azken testu horrek, euskal prozesu politikoari lotuagoa. Baina hori ere, beste hedabide askotakoa bezala, espekulazio hutsa da uneotan. •