Nuria Vila
BURUSOILTASUNA

Kostu baxuko turismo kapilarraren epizentro bihurtu da Turkia

Azken hamarkadotan ospe handiko burusoilak ikustera ohitu gaituzte hedabideek. Hala ere, oraindik herritar askok sufritu egiten dute ispiluaren aurrean jarri eta bere irudiari begiratzean. Ile inplanteak dira horiek beharrezkotzat jotzen duten irtenbidea eta Turkiako ehunka zentro zeregin horretan espezializatu dira. Prezio merkeek milaka bezero erakartzen dizkiete.

Estatu espainoletik etorri da Jose Turkiako Istanbul hirira. Kezkatzen hasita zegoen 33 urterekin, askoz ere zaharragoa baitzirudien ispilura begiratuz gero. Soilduta zegoen eta horrek tristatu egiten zuen, arazoa estetikoa baino ez bazen ere. Interneteko foroetan ikerketa batzuk egin ondoren, buruari buelta gehiegi eman gabe, lanean opor egun batzuk hartzeko aukera zuenez, Turkiarako hegazkin-txartela erosi zuen buruko ilea berreskuratzea ahalbidetu behar zion ebakuntza egiteko. «Berriz ere ilea izan nahi nuen, benetan dudan adinaren itxura emateko», aitortu dio GAUR8ri Malagako erizain gazteak Istanbul hiriko Maral Klinik zentrotik, ebakuntza egin dioten lekutik alegia.

Turkiako hiriko zentro horretan ia gizon atzerritarrak baino ez dira ikusten, normalean Ameriketako Estatu Batuetatik, Britainia Handitik eta Kanadatik etorriak. Estatu espainoleko pazienteak ere badira: astean hogeiren bat iristen dira, eta gehiago, tartean festa egunen bat tokatuz gero.

2016ko estatu kolpea

Turkiak mundu osoko bisitariak erakartzeko moduko sektorea aurkitu du. Batzuek osasun-turismoa deitzen diote eta etengabe gora egiten ari da, nahiz eta eraso jihadistek eta 2016ko estatu kolpe saiakerak bestelako turismoan beherakada eragin duten. Sektore berrian ile-inplanteek sekulako garrantzia dute: 200en bat zentro daude burusoil izan nahi ez duten milaka atzerritar tratatzeko. Salneurriak beste lekuetan baino merkeago edukitzeak, zain egon beharrik ez izateak eta Istanbul bezalako hiri baten txoko erakargarrienak bisitatzeko aukerak eragin dute osasun turismoaren arloan Turkia goi-mailako helmuga turistiko bihurtzea.

Turkiako prezioak Estatu espainolean eskatzen direnekin alderatuta garbi ikusten da bisitariek zergatik aukeratzen duten lehen helmuga. Josek, aldiz, eguna aukeratzeko garaian Istanbulek eskaini zion malgutasunagatik egin zuen Turkiaren alde, berak nahitaez oporrak egun zehatz batzuetan hartu behar baitzituen. «Ez dago itxarote-zerrendarik eta hori garrantzitsua da, baina salneurria ere tentagarria da», onartu digu. Maral Klinik zentroan lehen ebakuntza 2.100 euroren truke atera zaio (ostatua eta mantenua barne, pazienteak hegaldia baino ez baitu ordaintzen), eta Estatu espainolean prezioa 8.000 eurotik gorakoa izango litzateke. Nolaz horrenbesteko aldea? Tugrul Maral zentroko zuzendariak honela azaltzen du: «Ebakuntza egitea ez da merkeago Turkian, bizi baldintzak baizik».

Ebakuntzaren prezioa Turkian hain merkea izateak bertara joatera deitzen badu ere, Joseri ebakuntza Espainian bertan egitea ere pasa zitzaion burutik. Baina zenbait zentrorekin hitz egitean ikusi zuen hobe izango zuela atzerrira joatea. «Sei edo zazpi hilabete egin nituen Espainiako zentroetan ebakuntza nola egin pentsatzen, baina nire gustuko medikuek sekulako itxarote-zerrendak zituzten, urtebetetik gorakoak! Gainera, prezioa oso altua da, eta, nik dudan alopezia maila handia denez, batek baino gehiagok ezetz esan zidan. Soilgune txikiak dituzten pazienteak baino ez dituzte nahi horrelako lekuetan, lanaren emaitza arrakastatsutzat hartu ahal izateko», kontatu du Estatu espainoleko zentroak kritikatuz.

Turkiako ile-turismoaren arrakasta ikusita, Estatu espainoleko konpainia batzuek fenomeno horren aurkako “argudioak” eskaintzen dituzte Interneten, herrialde hartan ebakuntza egin ondoren pozik geratu ez ziren pazienteen eskutitzak argitaratuta. Kasu batzuetan emaitza ez zela ona izan nabarmentzen dute, edo emandako tratamendua ez zela egokia izan. Gorriz margotutako koadro batean Turkiaren ezaugarriak ageri dira: «Segurtasun falta, arriskua, medikuaren hizkuntza, komunikaziorako trabak, aldez aurretik egindako diagnosirik ez dago, bidaia estresagarria, ebakuntza egin bezain pronto hegaldia, masifikazioa, dirutan ordaindu beharra». Koadro berdean, berriz, Espainian gauza bera egitearen ustezko abantailak azaltzen dituzte konpainia horiek.

Diru asko

Turismo kapilarrak Turkiara erakartzen dituen bisitariek gainerakoek baino diru gehiago uzten dute herrialdean, Sasomer Politika Sozialen eta Osasunerako Estrategien Elkarteak nabarmendu duenez. Besteek halako hamar gastatzen omen dute, datu ofizialen arabera, burusoiltasuna atzean utzi nahi dutenek. 2016an inplanteak eta kirurgia plastikoa egitera 377.000 atzerritar joan ziren Turkiara eta 715 milioi dolar gastatu zituzten tratamenduetan, THTC Osasun Bidaien Turkiako Kontseiluaren arabera. Iaz, berriz, bisitari kopurua ia bikoiztu egin zen: 746.000 atzerritar. Betiko turismoak behera egiten du, eta, osasun turismoak, gora.

Interneteko foroak eta kontsumitzaileen arteko komunikazio zuzena dira zentro horiek beteta edukitzen dituzten publizitate iturri nagusiak. Marak doktoreak dio paziente kopuruak sekulako igoera izan zuela iaz, eta horien adina 21 eta 50 urte artekoa izaten dela. Estetikoki hobetzea izaten da beraien helburu nagusia. Gizonei baino ez dizkiete egiten ebakuntzak: «Ilea erortzearen arrazoiak gizonen artean batez ere genetikoak dira. Emakumeen kasuan, aldiz, hormona kontua izaten da. Beraz, ez duzu buruan ilea ondo daukan zatirik, eta ez daukagu ilea nondik hartu», esplikatu du medikuak. Gizonen kasuan, soildu gabeko zatietako ilea hartzen dute falta den lekuan inplantea egiteko. Ilea erortzearen arrazoia psikologikoa bada, ez daukate tratamendurik.

Istanbuleko puntu turistikoenetan ohikoa bihurtu da buruan benda jarrita dabiltzan gizonak ikustea: ebakuntza egin berriak dira. Anestesia lokala jarrita egiten dituzte ebakuntzak. Josek hiru egun baino ez ditu egin herrialdean, «klinikak exijitzen zuen gutxieneko egun kopurua», eta ebakuntza egin ondoren Taksim plaza, Santa Sofia edo Meskita Urdina bisitatzera joateko gogorik ez zaio geratu. «Nik argi dut Istanbulera ebakuntza egitera etorri naizela. Buruan 8.200 zulo dituzula, azken aukera tokiak bisitatzen hastea da», azaldu digu.

Klinikak eta «harategiak»

Hemendik 18 hilabetera itzuli behar du, emaitza zentrokoek ikus dezaten. Eta balorazioa egin diezaioten. Uste du beste inplanteren bat beharko duela. «Ebakuntza egitera animatuko nuke jendea, baina ez Turkiako edozein tokitan. Batzuk klinikak dira, eta besteek harategia dirudite», esan du.