Jose Angel Oria
PAKISTAN-AFGANISTAN

Paxtuak zutik, kolonizatzaileek ezarritako mugaren bi aldeetan

Mugimendu bakezalea sortu dute paxtu etnia nagusi den Afganistanen, Helmand probintzian batez ere. Pakistanen, berriz, Pashtun Tahafuz izeneko mugimendua zutitu da, mugaren bi aldeetan herritarrek jasaten duten jazarpen egoera salatzeko. Paxtu Udaberria ikusten dute begirale batzuek.

Gerra eta miseria besterik ez dute ezagutu afganiarrek azken hamarkadotan. Britainiarrek, errusiarrek, estatubatuarrek… porrot egin dute bertakoak mendean hartzeko ahaleginean, baina sufrimendurik jasangaitzena afganiarrei beraiei tokatu zaie beti.

Orain, mugimendu bakezalea sortu berri dute paxtu etnia nagusi den Afganistango Helmand probintzian. Pakistanen, berriz, Pashtun Tahafuz izeneko mugimendua eratu da, mugaren bi aldeetan herritarrek jasaten duten egoera salatzeko. Paxtu Udaberria ikusten dute begirale batzuek, herritarrek isilik denbora gehiegi egin ondoren.

Helmand probintzia Afganistango hegoaldean dago eta bertakoak dira taliban mugimenduaren buru asko. Ezaguna da oso munduan, bertako lo belar edo opio produkzioa ikaragarria delako. Herrialdeak bizi duen gatazkaren eraginez, ohikoak dira erasoak, bonbardaketak, hildakoak, zaurituak… Baina martxoaren 23an izan zen leherketa batek aurreko erasoek eduki ez zuten eragina izan zuen: borroka libreko saio bat ikustera joan ziren lagunen aurkako bonbak hamalau hildako eta dozenaka zauritu utzi zituen Lashkar Gah hiriburuan. Hurrengo egunean Helmandeko ehunka lagunek protesta kanpamentu bat antolatu zuten Afganistango Gobernuari zein talibanei bi eguneko su-etena eskatzeko. Hogeita hamar ekintzailek gose greba hasi zuten asmo berarekin. Mugimendu bakezalearen lehen urratsak izan ziren. Herriaren Mugimendua deitu zioten. Talibanen mendean dagoen Musa Qala herrira bakearen aldeko ekimena eramateko konpromisoa hartu zuten ekintzaileek.

Kabulgo agintariek ezetz esan zieten manifestariei, talibanek egin zuten moduan, baino hazia jarrita zegoen. Helmand probintzian bertan eta Heraten zein Farahn herritarrek bat egin zuten protestaldiarekin. Paktia probintzian, berriz, beren ekitaldi propioa antolatu zuten, «gerraren kontrako herritarren protestaren salneurria isiltasunarena baino askoz ere txikiagoa» delakoan.

Emakumeak protesta egiten

«Afganistanek gehiago galdu du gehiengoak gerrari eta droga saltzaileei aurre ez egiteagatik bestelako faktoreengatik baino», zioen manifestari batek Interneten.

Nabarmentzekoa da Helmand oso probintzia kontserbadorea dela, baina kasu honetan emakumeek bat egin zutela bakearen aurkako ekimenarekin, beren kanpamentu propioa antolatuta.

Manifestariek bi aldeak estutu nahi dituzte. Qais Hashimi ekintzaileak “The New York Times” egunkariari esan zionez, talibanak zein Gobernua «potentzia atzerritarren txotxongiloak dira: gure odola bukatu zen, gure malkoak lehortu dira. Ez dugu beste ezer esango. Ez dugu ezer jango». Baraualdian esku hartzen ari ziren sei lagun erietxera eraman zituzten. Azkenean, Helmand probintziako Ulema Kontseiluak (erlijio kontuetan jakintsuak), gose grebalariei baraualdiari amaiera emateko eskatu zien, bakearen aldeko manifestariekin batera lan egiteko konpromisoa hartzeaz gain.

Afganistanen askotan salatzen da mugimendu politikoak eta instituzioak kanpoko indarren mendean daudela, haien «txotxongilo» direla. Baina Sayed Madadi analistaren arabera, horrelakorik ezin zaio leporatu Helmango mugimendu bakezaleari: «Helmango protestaldiak arrakasta lor dezake. Hala ez. Baina beste mugimenduetatik bereizten duen gauza bat badu: Kabul hiriburuan Mendebaldeko hezkuntza jaso duten eliteek antolatutako zerbait ez dela. Nekazaritza eremuetan bizi diren herritarrek zuzentzen dute; talibanek beren zilegitasun osoa, baldin badute, hartzen duten lekuetako herritarrek».

Mugaren beste aldean

Mugaren beste aldean ere izan dira mugimenduak, nazka-nazka egindako herritarrek egindakoak. Apirilaren 8an izan zen, Peshawar hirian, aipagarriena: ehunka mila lagun elkartu ziren Pashtun Tahafuz mugimenduak deituta mugaren bi aldeetako paxtuek jasaten duten jazarpena salatzeko. Begirale batzuek idatzi dute Pakistanen inoiz egindako manifestazio jendetsuena izan zela igande hartakoa.

Mobilizazioa Pashtun Long March ekimenaren beste urrats bat izan zen: pasa den urtarrilean sortu zuten, terrorismoaren aurkako borrokaren aitzakiapean epaiketarik egin gabe segurtasun indarrek herritar bat hil ondoren. Beste bat esan beharko genuke, milaka paxtu hil baitituzte azken hamarkadotan joera ezberdinetako talde armatuek, uniformedunek barne.

Manzoor Pashteen 26 urteko Albaitaritza ikasleak sortu zuen Pashtun Tahafuz eta urtarrilaz geroztik milaka lagunek bat egin dute ekimenarekin. Pakistango agintariek paxtuak baztertuta dauzkatela diote, eta terrorismoaren aitzakiapean epaiketarik gabeko makina bat exekuzio egiten direla, beste horrenbeste lagun desagertutzat jotzen diren bitartean. Gainera, Pakistango ipar-mendebaldeko egoera jasangaitza dela adierazten dute, aipatu gerraren eraginez.

Joan den igandean 5.000 lagun elkartu ziren Lahore hirian Pakistango Armadaren «taktika zikinak» salatzeko, mobilizazioa debekatuta bazegoen ere.

Agintea eta militarrak

«Uniformedunak dira hemen agintea dutenak. Hemen jeneralek hartzen dituzte erabakiak», esan zien elkartutakoei Manzoor Pashteenek.

Militarren aurka hain garbi hitz egitea ez da batere ohikoa Pakistanen, Armadaren historiak isilik geratzea hobe dela erakusten baitie herritarrei. Baina mugimendu berriak garbi esaten du militarrek lagundu egin zietela Afganistandik zetozen talibanei, 2001ean AEBek herrialdea inbaditu zutenean. Horiek «taliban onak» omen ziren eta Armadak erabili egin zituen Afganistanera itzuli eta erasoak egiteko. Aldi berean, beti ere ekintzaile paxtuen arabera, Pakistango militarrek «taliban gaiztoen» aurkako borrokan segitzen zuten. Manzoor Pashteenek bere hitzaldietan esaten duenez, paxtuak bi su horien artean harrapatuta geratu dira.

Bi aldeek bortxatu dituzte herritarren giza eskubideak, biek bahitu eta hil dituzte. Bien jarduera armatuak eragin zuen ehunka mila lagunek ihes egitea. Pashteenek berak hurbileko 40 pertsona galdu ditu, lagunak batzuk, senideak besteak. Eta beste 30 desagertutzat jo zituzten, talde armaturen batek bahitu ondoren.

AEBen «laguntza»

Pashtun Tahafuz mugimenduaren diskurtsoak bat egiten du AEBek eta Afganistanek azken urteotan esaten dutenarekin. Horregatik Washingtonek orain hiru hilabete Pakistani ematen zion laguntza militarra etetea erabaki zuen, Afganistanen 14.000 soldadu dituen bitartean.

Pakistango agintariek ez dituzte onartzen akusazio horiek. «Ezin da esan hain modu gogorrean erasotzen ditugun terroristei laguntza ematen diegunik», esan dio France Presse agentziari Asif Ghafoor jeneral pakistandarrak. Salaketa egin duten manifestariak, berriz, «gazteak dira, gure aurkako indarrek erabilitako paxtuak». Hitzokin mobilizazioen atzean India dagoela aditzera eman nahi izan du jeneralak.

Albaitaritza ikasleak abian jarritako Pashtun Tahafuz mugimendua Islamabad hiriburuan sortu zen urtarrilean. Une hartan 150 izenez osatutako zerrenda bat zuten agintariei emateko: segurtasun indarrek bahitutako lagunak ziren.

Karatxiko modeloa

Egun haietan Karatxi hirian Poliziak paxtu ikasle bat hil zuen, «muturreko» ekintzailea zelakoan. Hildakoa modelo izateko ikasten ari zen. Sare sozialetan erabiltzaile askok salatu zuten gertatutakoa, eta batek baino gehiagok hiriburuan egindako manifestazioan esku hartu zuten.

Manzoor Pashteenek dio une honetan 8.000 izenez osatutako zerrenda bat duela, desagerrarazitakoen izenez osatuta. Analistek diote ekimenari esker herritar askok Armadari zioten beldurra atzean utzi eta kontatu egiten dutela sufritutako egoera. «Bere arrakastarik garrantzitsuena beldur giroa ezabatzea izan da», adierazi du Rafiullah Kakar analistak.

Belfast hiriko Queens Unibertsitateko Michael Semple irakasleak nabarmendu du Pashtun Tahafuz mugimenduak Armadaren aurkako salaketei pisua eman diela, guztiak bilduta.

Paxtu etniako ekintzaile bakezaleek esaten dute armarik ez dutela inoiz erabiliko eta joera horri eutsiko diotela ISIS Pakistango zerbitzu sekretuaren, Armadaren edo Estatu Islamikoaren jarduera armatuaren aurrean.

Inoiz baino gehiago kostatu zaie talibanei elkarrizketari ezetz esatea

Aste honetan esan dio ezetz taliban mugimenduaren zuzendaritzak Ashraf Ghani Afganistango presidenteak otsailean plazaratu zuen bake proposamenari.

Azken asteotako eraso baten ondorioz 18 urteko semea galdu zuen emakume batek talibanei bake ahalegin bat egiteko eskatu zien. Izan ere, paxtuen mugimendu bakezalea erabat neutrala bada ere, Ashraf Ghanik orain bi hilabete talibanei egin zien bake proposamenak eragin du Omar mulak sortutako mugimendua manifestarien presiopean egotea azken bolada honetan, eta horrek esplika dezake aurten aurreko urteetan baino denbora gehiago behar izatea erantzuna emateko.

Otsailaren 28an Ghanik ezagutzera eman zuen dokumentuak talibanak konbentzitzeko moduko zenbait puntu zituen: Gobernua prest dago talibanak alderdi politiko moduan hartzeko, matxinoek beren bulego politikoa zabaldu dezaten, horiei pasaporteak emateko, beren familiak leku batetik bestera eramateko erraztasunak emateko eta presoak askatzeko. Baita nazioarteko terrorista zerrendetatik taliban guztiak ken ditzaten ahalegintzeko ere.

Ghaniren proposamenari talibanek emandako erantzuna ia bi hilabete geroago iritsi da, aurrekoetan ezezkoa berehalakoa izaten zenean. Aste honetan Donald Trumpen Gobernuari leporatu diote gerrarekin bukatzeko asmorik ez izatea. Baina talibanen artean bazegoen proposamenari baiezkoa ematearen aldekorik, Rasoul mula horien artean. Haibatulla mulak ezezkoari eusten dio.