Iñaki Soto

Zikloak, gauzak errepikatzeko joera eta kezka berriak

Armagabetzea. Euskal bidea” lanaren aurkezpenean, Iñaki Egañak liburua idazterakoan azken urteotako denborari buruz zuen pertzepzioa nola aldatu zen aipatu zuen. Idazten hasi aurretik, gauzak motelegi egin zirela iruditzen zitzaiola onartu zuen. Idatzi ondoren, ordea, egin zena ikusita eta benetan armagabetzea zein baldintzatan egin zen ezagututa, are azkar egin zela pentsatzera ere heldu zen. Liburua irakurtzean sentsazio berdinarekin geratu naiz. Nekez egin zitekeen azkarrago, nekez hobeto. [Publizitate-oharra: irakurri, benetan, merezi du].

Denboraren pertzepzioa auzi berezia da, batez ere pertsonen eta herrien historia elkartzen diren puntu honetan. Zer da ziklo bat? Zer da ziklo baten amaiera? Ziklo baten amaiera hamarkada batez luza al daiteke? Hori txarra edo ona da? Galdera horiek bueltaka dauzkagu egunotan, ETAren amaierarekin ziklo bat amaitzen dela ukaezina baita. Ziklo berria noiz irekiko den, ordea, beste auzi bat da. Euskal “bake prozesua” delakoa zeharo ezohikoa da, Espainia bezain exotikoa. Hilabetetako kontua behar zuena zazpi urtez luzatu da. Blokeoaren helburua ziklo berria zangotrabatu eta gizartean etsipena sortzea dela uste dut. Hein batean lortu dutela iruditzen zait, baina, balantze sakonagoa egiten denean, liburu horretan bezala, emaitza oso positiboa dela agerikoa da.

Ez dakit ziklo bat zehazki zer den, baina, zahar bat itxi eta berri bat irekitzeko, iraganari begiratzeari tarte txikiagoa eskaini behar zaio eta aurrera begiratzen hasi behar da. Mekanismo zaharrak aldatu egin behar dira.

Lan berdinak, berdin, behin eta berriro

Alda dezagun, hasteko, gaiz. Bihartik hasita, GARAn adimen artifizialari buruzko erreportaje-saila argitaratuko dugu, Iker Bizkarguenagaren eskutik. Igandean hasi eta asteartean amaituko da, Maiatzaren 1ean. Diotenez, 15 eta 20 urte arteko tartean, egun existitzen diren lanen %50 eta %70 artean automatizatu egingo dira. Alegia, lan horiek era bateko edo besteko roboten esku egongo dira. Horrek lanbide eta lanpostu berriak sortuko ditu, jakina. Gure mundu soziolaborala guztiz aldatuko da.

Ziur naiz astearteko manifestazioetan gure arteko elkarrizketak ez direla robotei buruzkoak izango. Ziur asko, une historiko honetan, zikloaren amaieran eta krisi sistemikoaren erdian, gure sindikatuak zergatik ez diren deialdi komun bat egiteko kapaz eztabaidatuko da. Adi, jakin badakit, liburu bat idatziz gero, hain berandu ibiltzeko arrazoiak ezagutuko genituzkeela.

Beste hainbat kontutan, ordea, ez dut arrazoirik ikusten. Roboten gisara, lan berdinak, berdin, behin eta berriro egitera ohitu gara. Adimen artifizialaren erronketako bat horixe da: mekanikoki gauzak errepikatzeko muga hori gainditu eta egoeretara moldatzen ikastea.

Badakit asteotan robotei eta adimen artifizialari buruz idazteak martzianoa dirudiela. Ziklo amaieraz ari baldin bagara, ordea, ez dut honetaz eta beste hainbat gaiez hausnartzen hastea beste aukerarik ikusten. Iraganari buruzko kontakizuna borrokatu behar da, zalantzarik gabe, baina etorkizunari buruzko kontakizunean ia dena egiteko dugu. Balia dezagun, oraingoz, roboten aurrean dugun abantaila: gauzak beste era batera egiteko aukera izan badugu, gure akatsetatik ikasiz, gizalegez eta arduraz jokatuz, ziklo berria irekiz.•