Ana Elosegi Serna
Harremanak Hezkuntza Elkarteko kidea

Albiste iluna. Non jartzen dute begia!

La Manada» osatzen dutenak ez dira soilik epaiketa horretan eseri diren bost pertsona horiek. Inola ere ez ! «La Manada» delakoa gure sisteman eta jendartean dagoen eredu patriarkala iraunarazten duten emakume eta gizon guztiak dira, epaileak barne.

Hogei urte daramatzat prebentzio alorrean lanean, sexu heziketa eta hezkidetza lantzen hainbat udal eta eskolarekin elkarlanean, herrietan hezkidetza egitasmo integralak martxan jartzen, haur hezkuntzatik hasi eta batxilergoraino, lanbide hastapenak barne, heziketa bereziko ikasle eta gurasoekin lanean, etorkinekin… Emakumeak ahalduntzen saiatzen gara eta maskulinitate eredu berriak lantzen, egunero eskola ezberdin batean, irakasle talde ezberdin batekin, guraso eskola ezberdin batean… eta ilusioz egiten dugu lan, jendarte hori alda daitekeela sinistuz eta askatasunerantz elkarrekin abiatuz.

Epaia publiko egin zen eguna egun iluna izan zen gure etxean; amorrua, nazka… emozio guztiak dantzan. Ezin du egia izan! Justizia falta ikaragarriaren eta gertatutakotik zerbait ikasi eta landu behar dugun pentsamendu sendoa. Ezin du izan berdintasunaren gaia gazteen artean lantzea eta neska bat bost gizonek bortxatu eta ia libre gelditzea… Hori 2018. urtean eta egin diren aurrerapauso guztiekin ez da posible. Zer esan behar diegu gazteei? Nola landu epai horren ondorioak gazteen artean? Neskekin nola indartu beraien askatasun sexuala eta ezezkoa esatearen garrantzia inork babesten ez baditu? Eta mutilei zer esan behar diegu? Baina zer da hau?

Gure kontsultan, klinikan, emakume ugarik kontatzen dizkigute beraien kontakizun isilak abusu sexualen inguruan. Batzuk salatuak eta besteak isilean gordeak. Bestalde, Eusko Jaurlaritzatik, berdintasun alorretatik, Ertzaintzatik… emakumeei salatzeko esaten diegu, salaketarik gabe ezin baita aurrera egin.

Ertzain, epaile, kazetari, abokatu, mediku eta peritu jaun-andreok: ba al dakizue horrelako trauma bat jasan ondoren zenbat kostatzen den epaiketan berriz bizitako guztiaren inguruko narratiba egitea? Eta epaiketa prestatzeko emakumeok gastatzen duten energia guztia, behin eta berriz zauria irekiz? Akusatuen gezurrak eta akusazioko abokatuen mespretxuak entzutearen mina? Ba al dakizue zenbat energia eta indar behar den prozesu horri aurre egiteko?

Eta ez da Iruñekoa kasu bakarra. Tamalez epaiketetan horrelako kasu mordoa dago egunero; tratu txar psikologikoak, bortxaketak, abusuak… egiaztatu ez eta zaintza partekatuak ematen diren kasuak.

Kasuon epaiketetan lan egiten duten epaile guztiek berdintasun alorrean trebatutakoak izan beharko lukete, graduondo baten jabe. Izan ere, hezkuntza, justizia, osasun alorretan dihardugunok elkarren ondotik egin behar dugu bidea!

Epaiaren egunean bertan manifestaldiak lepo ikusi nituenean, horrek indarra eman zidan zorionez aurrerantzean ere lanean jarraitzeko!

«Iritsi da osteguna/ Denok zain geunden eguna/ Baina berriz ere juzgadutatik dator albiste iluna/ Nun jartzen duten begia/ Noren esku dago egia/ Guk badakigu ez dela berdin denontzako justizia/ Bost gizonek hartatua/ Benetan ez al dezue ikusten biolentziaren zantzua/ Parrandan aske ibiltzea/ Izanik eskubidea/ Beldurra bandoz aldauko degu gaba eginaz geurea/ Ozen esan dezakegu/ Borrokan segiko degu/ juzgaduetan sinistu ez arren/ Guk sinisten bai zaituegu». •