Maddi Txintxurreta Agirregabiria
HATOR HONA PROIEKTUA

Argentinan, etxean bezala

Necocheako (Buenos Aires, Argentina) Euskal Etxeak Hator Hona proiektua antolatu du aurtengoan ere. Urtero-urtero, 18 eta 30 urte bitarteko Euskal Herriko euskaldunak Necocheara joaten dira hiru astez, bertako argentinar-euskaldunekin harremandu eta euskal kultura Ozeano Pazifikoz bestalde pizteko. Uztailaren 13tik abuztuaren 3ra izango da aurtengo Hator Hona, eta izena emateko epea zabalik dago maiatzaren 18 arte.

Bizi-bizi dago euskal nortasuna Necochean, hain bizi, ezen bertan egondakoek Euskal Herriko zortzigarren probintzia dirudiela baitioten. Argentinako ekialdeko kostan dago, Buenos Airesko probintzian. Hiri lasaia dela diote; hondartza, parkea eta erreka ditu. Bertako Euskal Etxea herrialdeko handiena da eta urte osoan zehar antolatzen dituzte euskal kulturaren bueltako ekitaldiak, besteak beste.

Euskal Herriko gazteen eta Necocheakoen arteko elkartrukerako proiektu gisa sortu zen Hator Hona 2004an. Euskal kultura eta Euskal Herriarekin harremana bizirik mantentzea ditu itu, eta, horretarako, bospasei euskal herritarrek euskal kulturarekin zerikusia duten tailerrak ematen dituzte hiriko Euskal Etxean hiru astez, izan dantzak, euskara klaseak, kirolak, musika edota gastronomiari buruzkoak.

«Hator Hona elkartrukerako proiektu bat da. 2004tik egiten da, Necochean, eta helburua da jakitea nolakoa den Euskal Herria eta bertako gazteak ezagutzea», azaldu du Ainhoa Agostini Zubillagak (Necochea, 1994). Argentinar-euskalduna da bera, horrela definitzen baitu bere identitatea, eta aurten buru-belarri dihardu Hator Hona antolatzen. Agostini, Necocheako beste asko bezala, Argentinara migratu zuten euskaldunen oinordekoa da, eta sorterriko kultura diasporan bizirik mantentzeko lanari testigua hartu dion belaunaldiko parte.

Euskal Herritik joanda Hator Hona proiektuan parte hartzen duten gazteek Euskal Etxeko familia baten etxean pasatzen dituzte hiru asteak. Sasoi horretan negua da Argentinan, eta tailerrak arratsaldez ematen dituzte, eskola orduak amaitzen direnean.

Bi kulturen arteko begirada

Berezia da oso Necocheako giroa. Chacarera dantzatzen duten oin berdinek dantza dezakete aurreskua, eta charangoa jotzen duten eskuak trebeak dira panderoa astintzen. Bi kulturen arteko begiradaren bisaia da Necochea, argentinar-euskaldun nortasunaren bateratzea. «Necochean euskal kultura oso garrantzitsua da, euskaldun asko daude, eta Euskal Etxea oso handia da. Orain 74 urte sortu zen eta aktibo dago, ekintza ugari antolatzen dira bertan. Horrez gain, beti ospatzen ditugu hango festak, sanjoanak eta sansebastianak, adibidez», dio Agostinik.

Bere esanetan, «denetariko ekitaldiak» antolatzen dira urtean zehar: «Gehienetan, Euskal Etxean ibiltzen den jendea joaten da tailerretara. Hala ere, haurrentzako tailerrak egiten dira, ama direnentzako, dantza talderako, eta abar. Komunitate osoari zabaltzen dizkiogu ateak; eta, sasoiaren eta jardueraren arabera, 20 edo 30 pertsona inguru bil gaitezke. Hemen, jendeari gehien gustatzen zaiona dantza da: euskal dantza talde bat ere badaukagu».

Baina Hator Honak irauten duen denboran are biziago egoten da Necocheaco Euskal Etxea. Eztitxu Harignordoquy (Baigorri, 1990) bertan izan zen iaz, lau kiderekin batera: «Ni euskara irakaslea naiz, eta, beraz, euskara irakasle gisa joan nintzen harat. Nirekin batera egon ziren beste bik trikitia eta panderoa eraman zuten, beste bat dantzaria eta txalapartaria zen, eta beste batek kirolaren inguruko tailerrak eman zituen».

Proiektuaren antolatzaileek Euskal Herriko gazteak aukeratzen dituzte euskal kultura zabaltzeko duten gaitasunaren eta gogoaren arabera, baina ez dute horretarako titulurik eskatzen. Orobat, tailerrak egiteko askatasun osoa izan zutela nabarmendu du Harignordoquyk. Eskoletarako, antolatzaileek talde desberdinak osatzen dituzte, adinen araberakoak. Harignordoquyk nabarmendu du «harrituta» geratu zela 27 urte inguruko gazteetako askok euskaraz zekitela ikustean. Haiekin mintza-praktikak egiten zituen, «lasai eta giro onean, plazer hartzeko helburuarekin soilik».

Harignordoquyk Necocheako Euskal Etxeko familia batean eman zituen hiru aste. Esperientzia «bikaina» izan zen berarentzat. «Familia batekin hiru aste pasatzea integratzeko molde ezin hobea da. Izan ere, hori da haien helburuetako bat; hastapenetik bururaino integratzea, lagun eta familiaren parte bilakatzea. Bertako aita-amek alaba bezala tratatzen zaituzte. Oso babestuta sentitu nintzen», kontatu du baigorriarrak.

Necochean ikasitakoa

«Ikasketa asko ekarri nituen Necocheatik. Lehenik, gaztelera hobetu nuen, haiekin komunikatzeko beharrezkoa baita. Bestetik, haien bizitzeko moldetik eta kulturatik pila bat ikasi nuen», esan du Harignordoquyk.

Tailerrak arratsaldez izaten dira eta eguneko gainontzeko orduak ostatu eman dieten familiekin edo hiriko lagunekin egoteko aprobetxatzen dituzte Hator Honako parte hartzaileek. «Goizetan lasai egoten ginen, Necocheako gazteekin hirian bertan aritzen ginen. Denbora asko pasatu genuen haiekin, goizetik gauera. Familiarekin bazkaltzen genuen eta arratsaldeko seirak aldera Euskal Etxera joaten ginen tailerrak ematera. Ondoren, bertan afaltzen genuen, eta elkarrekin berandu arte geratzen ginen; hitz egiten, festa egiten, kantatzen», azaldu du Harignordoquyk.

Euskal Herritik milaka kilometrotara Ozeano Pazifikoaz gaindi hiru aste egin ostean, Eztitxu Harignordoquyk bigarren etxe bat aurkitu zuen Argentinan: «Konturatu nintzen Euskal Herrian ez direla zazpi probintzia, zortzi baizik. Ez nuen espero hain bizi zaintzea euskal kultura. Euskal kultura bizi dute euskal herritar anitzek baino gehiago. Euskal Etxean ibiltzen dira, gehienek dantzatzen dute, musika tresna batzuk ere jotzen dituzte. Anitz dakite Euskal Herriari buruz».

Beste ezerk baino gehiago, Necocheaco gazteen artean euskarak duen presentziak harritu zuen Harignordoquy. «Gure jokamoldeekin antzekotasun ugari atzeman ditut, batez ere euskaraz hitz egiten dutenekin. Azken finean, Argentinan ginen, argentinarrekin, beraz, desberdintasunak ere baziren. Baina beste hizkuntza bat daukaten arren, euskarak egiten du lotura. Izan ere, hizkuntza bera kultura da, eta kultura ikusteko molde berdina genuen. Batzuetan ahazten zitzaigun Argentinan ginela. Konturatzen ginen Argentinan ginela mateak edaten ari ginelako!», azaldu du.

Hator Hona proiektuaren bueltan ibiltzen diren guztiek ez dakite euskaraz, baina ikasten ari dira asko. Ainhoa Agostini, kasurako, La Platako Unibertsitatera ikastera joan zenean hasi zen euskara klaseak jasotzen. Bestalde, urtean zehar, euskarazko klaseak ematen dira Necochean. «Asko gara Euskal Etxean euskaraz ikasten ari garenak. Hator Honarekin zerikusi handia du horrek: euskaldunekin harremanak egiterakoan, gogoa pizten zaizu esaten ari direna ulertzeko, bestela gauzak galtzen dituzulako», esan du Agostinik.

Izen-ematea

2018ko Hator Hona proiektuan parte hartzeko, beharrezkoa da 18 eta 30 urte bitarteko euskalduna izatea, eta euskal dantzen, gastronomiaren, kirolen, musikaren edo euskararen gaineko jakintza izatea, Argentinako euskaldunei eskolak eman ahal izateko. Ez da titulurik eskatzen, esperientzia eta ikasteko gogoa baizik.

Izena ematen duten gazteek Necochearako bidaia ordaindu beharko dute soilik, gainontzeko guztia (otorduak eta Euskal Etxeko familia baten etxean ostatua) Euskal Etxearen kargu dago.

Parte hartu nahi duenak Hator Honaren blogean (hatorhona.blogspot.com.es) dagoen formulario bat bete behar du, eta erantzuna postaz jakinaraziko zaio.

Ainhoa Agostinik eta Eztitxu Harignordoquyk Hator Hona proiektuan parte hartzeko deia egin diete euskal kultura mugaz haraindi partekatzeko gogotsu daudenei. «Esperientzia paregabea da, bizitzan behin bizitzen ahal dena. Ez izan zalantzarik eta izena eman, luxu bat da horrelako esperientzia bat bizitzea», esan du baigorriarrak.

Anima Zaitez proiektua

Necochean soilik ez, Argentina osoan daude Euskal Etxeak eta diasporatik euskal kultura bizirik mantentzeko borrokan diharduten euskaldunak. Hator Hona proiektu ezaguna da haien artean, eta duela bi urtetatik, Cordoba probintziako Villa Maria hirian antzeko proiektu bat antolatzen dute, Anima Zaitez izenekoa.

Hator Honaren formatu eta helburu berdinak ditu, Euskal Herriaren eta Argentinaren artean loturak sortzea alegia, eta aurten hirugarrenez antolatuko dute, uztailaren 7tik 22ra. 18 eta 30 urteko gazteei zuzenduta dago hau ere, eta izena emateko epea maiatzaren 9an agortuko da. Eztitxu Harignordoquyk Necocheako eta Villa Mariako esperientziak probatu ditu, eta parte hartu nahi dutenei proiektu bietan izen emateko gomendioa luzatu die, «batera ez bada bestera» joan ahal izateko.

Izena emateko, eskaera bidali behar da honako helbideetara: cvascovm@gmail.com eta animazaitez.cvascovm@gmail.com.