Joxean Agirre

Aro berria

Trantsizioari begira bi estratega nagusi eman ziren ezker abertzalearen baitan, Argala eta Mario Onaindia. Elkarren artean xake partida gisako bat jokatu zuten urte horietan. EEk “Egin” galdu zuenean, esate baterako, partida horretako pieza nagusi bat galdu zuela aitortzen du bigarrenak. Eta 1978ko abenduan Argala hil zutenean (Carrero Blancoren kontrako atentatuaren urtemugan hain zuzen), Onaindiak ere erreferente nagusi bat galdu zuela dio bere oroitzapen liburuan, eta, Argalari buruzko kontsiderazio luzeen buruan, hau dio: «Konbentzituta nengoen EEren eta ETA militarraren estrategiak punturen batean berriro elkartuko zirela eta gai izango ginela gizalegez eta kiroltasunez, historiak hala frogatzen bazuen, besteak arrazoi zuela aitortzeko».

Bi estrategia kontrajarri horiek puntu batean egin dute bat: EEk ibilbide labur baten buruan PSEren uretan urtuta bukatu zuen. Erakunde armatuak ibilbide luzeagoa egin du, baina asteburu honetan desegin edo disolbatu du bere burua. Badakit bakoitzak utzi duen emaria ezberdina dela: Argalaren estrategiak independentziaren aldeko bloke bat indartu du beharbada, baina ez bidean samin eta albo-kalte handiak utzi gabe.

Aro zail eta gogor bat bukatu da, baina hastera doana ez da kezkarik eta galderarik gabea: ezkerreko bloke subiranista bat indartu behar al da, EAJ alde batera utzita, ELAk aldarrikatzen duen moduan? Edo EAJrik gabe ezingo dela gehiengo subiranistarik lortu pentsatu behar al dugu, EH Bilduren bidetik, eta itxaron alderdi hori edo bertako kideen multzo bat krisiren batek edo kataklismoren batek erradikalizatzen dituen arte? Edo Estatuaren birzentralizazioa izango al da kataklismo hori? Ez al dira bi bideak bateragarriak?

Eta beste mila galdera. •