Izaga, Xabier
IKUSMIRA

BATZUK PINTADARI BEGIRA, BESTE BATZUK, HAURRARI

Oraintsu egina da argazkia. Oraintsu pintada ere, ETAk desegiteko asmoa zuela gauza jakina zenean. Egilea (pintadarena) harrapatu izan balute, terrorismoaren apologia, kolaborazioa, edo batek daki ETAren zer kontsigna jarraitzea leporatuko zioten. ETAri eskerrak? Izan ere, badira, bere iraganagatik ematen dizkiotenetatik bere orainagatik, desagertzeagatik, alegia, ematen dizkiotenetaraino. Desegin egin da, herrian urtu, bere hitzetan, eta hori eskertzea da, nonbait, pintada egin duenaren asmoa. Behin eta berriz armak entregatu eta desagertzeko eskatu izan diotenak, gailendu omen zaizkion horiek, berriz, beren garaipena ospatu beharrean, haserre agertu dira. Eta bahituriak dituztela gogorarazi dute. Herri horretako jende gehienak argazkiko haur pilotari trebeak inoiz torturarik, kartzelarik, erbesterik, atentaturik –ez berak ez berari egindakorik– ezagutu behar izan ez dezan nahi du. Eta bere eskubideak eta nahiak defendatu ez ezik lortu ere ahal izan ditzan. Xabier Izaga Gonzalez