Amaia Nausia Pimoulier

Manada

Pasa den aste amaieran Nafarroako Auzitegiak La Manada-ren kasuan epaia eman ondoren, emakumeok eraso zuzena jaso genuen. Gerra-deklarazio horren ondoren emakume lagun eta ezagunen artean inoiz ez bezalako nazka eta babesgabetasun sentimendua zabaltzen ikusi nuen. Whatsapp bidez eta sare sozialetan mezuak etengabe jaso nituen, kontzentrazio deialdiak eta haserrez beteriko mezuak. Pentsa, #cuentalo etiketa trending topic bilakatu zen, eta gizartearen erdiak mendeetan jasandako indarkeria matxistaren kontrako garrasiak bazter guztiak zeharkatu zituen.

Larunbatean haserreak gora egiten zuela ikusi nuen; nire alboan, Nafarroako Auzitegiaren aurrean, 35.000 lagunen indarra sentitu nuen. Euskal Herriko eta Estatuko beste hiri eta herri askotan bezala, milaka lagunek Iruñea zeharkatu genuen oihu bakarrean bat eginez: “Justizia patriarkalak emakumeok babesgabe uzten gaitu”. Han geunden, neska gazte zein adinekoak, denak elkarrekin, erasotzaileei aurre eginez. Ez bakarrik La Manada-ko bost bortxatzaileei, baita epaile, abokatu eta matxista guztiei ere.

Argi dago gizarte matxista batek epaile matxistak sortzen dituela eta parametro horien barruan emandako epaiak ezin gaituela harritu. Baina, epaileek emandako kolpearen ondoren, larunbatekoak indarberritu egin ninduen. Justizia instituzionalak Nagoreri, sanferminetan bortxatutako neskari eta milaka emakumeri bizkarra ematen badigu ere, agian, itxaropena badago. Nazka, haserre eta egonezin hori ongi bideratzen badugu, gauzak aldatzeko gai izanen garela sinisten dut. Eta energia hori guztia bideratzeko modu bakarra feminismoa da.

Azken urteotan kontzientzia feminista indarberritu egin da, gero eta zabalagoa, gero eta eraginkorragoa izaten ari delako. Larunbatean nire alboan 16 urte inguruko neska batzuek “gora borroka feminista” oihukatzen zuten bitartean, beste aldean adineko gizon-emakume talde batek gauza bera oihukatzen zuen.

Borroka feministan protagonismoa emakumeok izan behar dugu, hori behintzat ez digute kenduko. Hala eta guztiz ere, poztu egin nau larunbateko kontzentrazioan edo sare sozialetan sumina agertu duten eta borroka honetan gure kide diren gizon asko ikusteak. Zuei, eskaera bat, #me too edo #cuentalo bezalako mugimenduetan zuen kontakizunak gehitzea. Kontzientzia feminista hartzeak erasotzaile, konplize edo zenbaitetan beste aldera begiratu dugunak izan garela onartzea ere esan nahi duelako.

Behin entzun nuen arrazakeriarekin amaitzeko ez dela nahikoa arrazistak ez garela esatea edo jarrera arrazistak ez izatea, arrazakeriaren kontrako aktibistak izan behar dugula, besteengan onartezinak diren jarrerak salatuz. Matxismoari, beraz, printzipio berdinarekin aurre egin beharko diogu.

Emakumeok gure bidean gaude, borrokan, zapalkuntza eta indarkeria horretatik ihes egin nahian. Zuei, beraz, zuen bidea egitea dagokizue orain. Pribilegiatuen eserlekutik altxatu beharko duzue zuen inguruan bertan onartezinak diren jarrerak salatzeko. Eta askotan ez da batere erosoa izanen, zuen Whatsappeko taldeko lagunei emakumeok hipersexualizatzen gaituzten bideo edo irudiak gehiago ez konpartitzeko eskatu beharko diezuelako, txantxa matxisten aurrean barre egiteari utzi beharko diozuelako, eta, noski, ausartak izan beharko duzuelako aldaketa sakona egiteko.

Badugu lana, kolpea indartsua izan da, baina itxaropentsu nago; justizia instituzionalak iraganean ez gaitu babestu, ez gaitu orain babestu, eta, behartzen ez badugu, ez gaitu babestuko. Horrek gure esku uzten du irtenbidea, subjektu pasiboak izatetik aktiboak izatera pasa behar dugu, eta hor guztiok dugu lana. •