Mikel Zubimendi Berastegi

Norbere orbainetatik eta eragindako zaurietatik

ETAk bere ibilbidea bukatu, bere ziklo historikoa itxi eta bere funtzioa amaitu du. Erabat desegin ditu egiturak, ekinbide politikoa bukatu du, eta ETAko kide izandakoek aberriaren alde jardungo dute norberak egokien iritzitako tokian. Hala adierazi dio Euskal Herriari azkena izan den adierazpenean. Garrantzi handiko berria da. Azken urteetako ibilbideari erreparatuta urrats logikoa da, sorpresarik gabeko sorpresa. Hitzaren esanahi zehatzean, historikoa da, azken mendean gure herria gehien aztarnatu duen datu politikoa izan denaren akabera delako.

Josu Urrutikoetxeak eta Marixol Iparragirrek irakurri dute ETAren adierazpena. Hunkitu nau, gure herriaren ondare haragitu dira eta haien ahotsezko lekukotza balore handikoa da. Euskal Herriko historiari zentzua eta gertakizunei sorburua kentzen uzten ez badiegu, biharko ikastoletan aztertuko dela uste dut. Aurrera begira, ikonografia santifikatzaileetatik eta aurreiritzietan oinarritutako deabrutzeetatik askatuta, esperientzia baten edertasuna, bere protagonisten handitasuna aldarrikatu eta kritika historikoa egin ahal izango delako, kontakizuna gertakizunen inteligentziara bueltatuz, bertan errotuz.

Jakina egon direla desgraziak! Beste bide irekirik ezean biolentzia politikoa erabili beharra bera desgrazia izan da. Enfrentamendu zuzen, odoltsu eta beren urte gazteen sakrifizioaren aurrean axolagabea ez zen beste bide irekirik ez zuten ikusi bizitza jokoan jarri zutenek. Asmatzeak eta akatsak izan dira, denok dauzkagu orbainak, denok eragin ditugu zauriak. Denok dauzkagu gogoan sufritu dutenak eta sufritzen ari direnak.

ETAk ez zuen eredu jakin bat izan jaiotzeko, ezta bukatzeko ere. Herritik sortu zen eta herrian urtu da, Euskal Herria beti abiapuntu eta helburu, igorle eta hartzaile. Aro bat itxi da, biolentzia politikoa historiaren emagin zuen aroa. Batzuentzat ez da goiz izan, besteek ez dadila beranduegi izan egiten dute hasperen. Baina, egin, egin behar zena, egin da. Sufrimenduak, baina, segitzen du, nazio ukazioak, Estatuaren mendekuak.

«Itxi» aditzaren irudikapena, batzuentzat, atea giltzarekin zarratu eta giltza ur azpira botatzea modukoa da. Neronek, indiar eta cowboy-en filmetako “saloon” edo taberna haietako atearekin berdintzen dut. Bultzada berberarekin, atea ireki eta, sartutakoan, itxi egiten zen; ireki eta itxi, biak bat, bietan jarrai. Hala irudikatzen dut ziklo baten itxiera: sano eta ongi ixteko, berria ongi eta indarrez ireki. Azterketa eta erabaki propioetan konbentzituta, beldur barik. Aberriaren alde indarrak biltzea eta askatzea lanabes, abiapuntu eta adostasun berriak ardatz.

Aukera paregabea zabaldu da. Antzua eta hutsala da Espainiari justizia eta gizalegea erregutzea, eskatzea. Hemengo, oraingo eta nonahiko euskal indarren ordua da. Kanpoko soinuak betikoan daude, esan edo esan ez daitekeena agindu nahian, hitzak eta irudikapenak debekatzeak eragin handia duelako pentsamenduan, autoritate gorena norena den erakusten du. Jaitsi dezagun kanpoko bolumen hori, entzunak izateko borrokatzen direnen ahots guztiak entzuteko. ETAren amaierak ez du espazio segurua ekarri. Moldagarria da. Ez da espazio perfektua, ezta betidanik izatea nahi edo amestu genuena ere. Gurea da, baina, eta aberriaren alde eskuz esku lan egingo dugu cromlech horretatik, beti eta beteki. •