2018/05/05

Kronika
 
SORBELTZAK ARKITEKTO (SENTSIBILIZATU) BILA DABILTZA

Maiatzeko egun eguzkitsu baten lehen argi-printzek eguna argitu dute. Segituan, txistu fin baina zaratatsuak goizeko isiltasuna hautsi du. Zerura begiratu, eta tamaina txikiko hegazti talde bat abiada bizian igaro da gure aurretik. Sorbeltzak dira. Urtero bezala, Afrika urruna utzi eta bidaia luze baten ostean, ugaltzera euren jaiolekura itzuli dira: Euskal Herrira. Etxeetako eta eraikuntzetako zuloak, zirrikituak eta teilatupeak dira euren habia jartzeko lekua. Azken urteetan, ordea, larri dabiltza horien bila. Eraikuntzen zaharberritze-lanetan ez ditugu sorbeltzak kontuan edukitzen, eta pixkanaka, umatzeko leku gabe geratzen ari dira; gure plaza eta kaleetatik bota ditugu. Europa mailan ari dira neurriak hartzen; guk etxeko lanak egin gabe ditugu. Sorbeltzak hasiko ziren dagoeneko arkitekto (sentsibilizatu) bila…

Iñaki SANZ-AZKUE

Eraikuntza publikoetan, elizetan, etxe zahar zein eraiki berrietan jartzeko, sorbeltzentzako habia integratu asko daude diseinatuta, gainera, etxearen estetikari inongo kalterik egiten ez diotenak

Gure hiriko fauna osatzen duten beste hainbat animaliaren kasuan bezala, ezinbestekoa da arkitekto eta biologoen arteko elkarlana. Etorkizuneko hiri jasangarrien diseinuan asko dago oraindik egiteko

Afrikatik Europarako bidaia luzeak badu arrazoirik: sorbeltzek gurean aurkitzen dituzte ugaltzeko behar dituzten eraikuntzak. Etxe bateko hormaren zirrikituan jaio denak, berriro ere bertara jotzen omen du ugaltzera

Habitat galera, klima aldaketa, intsektiziden erabilera… nahikoak ez balira, orain umatzeko guneak ere kendu egin dizkiegu. Sorbeltzen populazioak, beste hegazti askorenak bezala, gainbeheran doaz abiada bizian

Sorbeltz arrunta (Apus apus) hegazti arraroa dela ez dugu esango; baina berezia dela, bai; hori lasai esan dezakegu. Izenak dioen bezala, arrunta izan da sorbeltza gure inguruan. Euskal Herriko herri guztietan ikusi dute, eta jarri diote izena: abijoi, apeztxori, arrantxori, brintzario, eliztxori, erlai, irrigo, kirrizkarro, kriku, txirri, zirringilo… Zenbat ote dira txori honek gurean dituen izenak? (ikus: www.txoriak.eus); zenbat, egun, txoria bera ere ezagutzen ez dutenak? Berezia izate horrek bihurtu zuen ezagun, eta ekarri zion horrelako izen aberastasuna. Izan ere, sorbeltza ez da isilean ibiltzen den horietakoa. Dagoen tokian, arreta deitzen du.

Santa Kruz eguna

Santa Kruz egunean etorri; Santa Kruz egunean joan. Ahozko transmisioak hala erakutsi digu: sorbeltza, Santa Kruz egunean etortzen da (maiatzaren 3an), eta Santa Kruz egunerako joana da (iraila hasieran ere bada Santa Kruz eguna!). Eta hori ikasi duena ez dabil oso oker. Sorbeltzak migratu egiten baitu, eta maiatzaren 3aren inguruan iristen da gurera Afrika eta Europa arteko bidea egin ostean. Abuztu hasieran, aldiz, kontrako bidea hartzen du. Azken ikerketen arabera, Madrilgoak Kenyara joaten dira; horrenbestez, 5.000 kilometro baino gehiagoko bidaia egiten dute…

Hegalari bikaina da sorbeltza, eta ibiltari eskasa. Airean trebe aritzen da, hegaldi luze eta azkarrak eginez. Lurrean edo nonbaiten pausatuta, alabaina, gutxitan ikusiko dugu, sorbeltzak hankak atrofiatuak baititu. Beharreko guztia hegan doalarik egiten du: jan, ugaldu eta… baita lo ere.

Hegalari finaren famak, eta goizetan eta arratsetan sorbeltz taldeek sortzen dituzten zalapartek egiten dute berezia hegazti hau. Zenbait herritako plaza eta kale estuetan barrena urtero ikusi izan baitira, belaunaldiz belaunaldi, taldean, gora eta behera txistu eginaz. «Ailegatu gaitun!», esanez bezala.

Eraikuntzetako zirrikituen bila

Afrikatik Europarako bidaia luzeak badu arrazoirik: sorbeltzek gurean aurkitzen dituzte ugaltzeko behar dituzten eraikuntzak; habia jartzeko guneak. Etxe bateko hormaren zirrikituan jaio denak, berriro ere bertara jotzen omen du ugaltzera. Ikaragarria dirudi zehaztasunak. Baina, zer gertatzen da Afrikatik hona egindako bidaia luzearen ostean urteroko habia-lekua estalia aurkitzen badu?

Horixe bera da sorbeltz arruntari gertatzen ari zaiona. Habitat galera, klima aldaketa, intsektiziden erabilera… nahikoak ez balira, orain umatzeko guneak ere kendu egin dizkiegu. Sorbeltzen populazioak, beste hegazti askorenak bezala, gainbeheran doaz abiada bizian. Aipatu ditugun faktore horietako askok ez dute soluzio azkarrik, baina euren ugalketarako gune egokiak mantentzeak ez du oso zaila ematen. Eta Europako herrialde askotan elkarte eta udalek hartu dute ardura: eta gurean… beste askoren borondateen faltan, etxe jabe, politikari, arkitekto sentsibilizatuen zain jarraitzen dute sorbeltzek.

Irundik Suitzara, Alhambratik pasata

Saiatu gara, baina ez dugu aurkitu. Ez dugu Euskal Herri osoan etxe berri bat eraikitzean edo zaharra berritzen sorbeltz kolonia bat dagoela kontuan izan duen eredurik ezagutu. Euren aldeko neurri txikiak hartu dituztenak bai, ordea.

Irunen (Gipuzkoa), esaterako, Euskal Jai izeneko frontoiaren atzealdean bada SEO/Birdlife elkartekoek ondo ezagutzen duten hegazti horren kolonia bat. 2015ean, bertan umatzen duten hogei sorbeltz geolokalizatzaile batekin markatu zituzten. Helburua Irungo sorbeltzak negua non pasatzen duten jakitea zen. Urte berean, frontisaren atzealdean dagoen sorbeltzen populazio hori indartu nahian, Irungo Udalak habia-kutxak jarri zituen bertan: 26 habia egiteko moduko kaxak ziren.

Aranzadi Zientzia Elkarteko eraztunlea den Marina Guerrerok Granadako Alhambran buruturiko esperientziak ere interes handia sortu du. Balore historiko handiko eraikuntzetan bertako bioaniztasunaren eta elementu arkitektonikoen arteko oreka nola lortu azaltzen duen eredu ona da. Alhambrara urtero ehunka sorbeltz joaten dira habia jartzera, eta horrek bertako egitura hauskorretan arazoak sor ditzakeela ikusita, habia-kutxa artifizialak jarri dituzte inguruan, ingurumenaren eta monumentuaren gaineko inpaktua murrizteko. 2012an sorturiko proiektu honek dagoeneko 155 habia-kutxa artifizial jartzea ekarri du; Alhambran dauden 150 sorbeltz bikoteen eta eraikuntzaren etorkizuna ziurtatua dago.

Castellongo Benicarlo herrian, gune batera baino, herri osora zabaldu zuten egitasmoa. “Benicarlo, sorbeltzen hiria” lemapean, sorbeltzen populazioa indartzeko habia-kutxak jarri ziren bertako Els Telers plazan. Urtez urte, bertan zegoen hegazti espezie horren kolonia murrizten zihoala ohartuta, indartzeko programa bat jarri zuten martxan 2017an. Udalak, era berean, zomorroen kontrako neurri natural moduan hartu zuen proiektua; izan ere, sorbeltzek ehunka intsektu jan ohi dituzte egunean. Eredu horiek guztiak, baina, txiki geratzen dira Europa mailan hainbat herrialdetan egiten denarekin alderatuz. “Action for Swifts” blogean hainbat lekutan egindako zenbait proiekturen adibide ugari ikus daitezke: Belgikako eskola bateko eraikuntzaren barruan jarritako habia-kutxak, etxe sortu berrietan arkitektoek egokitutako habia-kutxa integratuak, sorbeltzei buruzko proiektuak, eta abar luze bat.

Suitzan, esaterako, asko dira sorbeltzen koloniak mantentzearren eraikuntzetan egin diren lanen adibideak. “Sauvegarde et protection du martinet noir” izeneko lanean azaltzen dira arkitekto eta etxe-jabeentzako hainbat adibide. Sorbeltzek habia jartzeko gunearekiko duten fideltasuna dela eta, espeziearen kontserbaziorako oso garrantzitsua da bere umatzeko guneak mantentzea. Hori dela eta, sorbeltzen populazioak dauden etxeetan zaharberritze lanak egin aurretik, neurriak hartzen dituzte espeziea kaltetua gerta ez dadin. Asko dira ereduak, asko adibideak.

Askotan, ordea, norbanakoen ekintzak ere garrantzitsuak izaten dira. Etxean, balkoian edo teilatupean sorbeltzentzako habia egokiak jartzea ez da oso lan zaila. Interneten webgune mordoa aurki daiteke sorbeltzak nola lagun ditzakegun azaltzen duen informazio praktikoarekin.

Hirietako bioaniztasunarentzat mesede

Eraikuntza publikoetan, elizetan, etxe zahar zein eraiki berrietan jartzeko, sorbeltzentzako habia integratu asko daude diseinatuta, gainera, etxearen estetikari inongo kalterik egiten ez diotenak. Askotan, habiara sartzeko zuloa baino ez da ikusten kanpotik, besteetan, eraikuntza beraren diseinua habiak izango dituela jakinda egiten da. Dudarik gabe, gure hiriko fauna osatzen duten beste hainbat animaliaren kasuan bezala, ezinbestekoa da arkitekto eta biologoen arteko elkarlana. Etorkizuneko hiri jasangarrien diseinuan asko dago oraindik egiteko.

Izan ere, ekoeraikuntzak eta ekoetxeak joeran jartzen ari diren honetan, kontuan izan beharko genuke hirietan eta herrietan badela fauna urbanoa ere. Eraikuntzetako lanetan keinu txikiak egitea laguntza handia izango litzateke bertako bioaniztasunaren kontserbaziorako. Hiriek osatzen duten ekosistema berezi horretan, pausu asko daude oraindik emateko.

Sorbeltzak etxean edukitzeaz

Baina ahaztu ditzagun arrazoi mamitsuak, eta ekin diezaiogun zentzuen munduari. Sorbeltzak etxean edukitzeak ematen du horrelako poztasun bat maiatza inguruan. Euren etorrerak irekitzen dizkio ateak udari, eta ematen du aukera etxeko txikienei migrazioaz, kultura ezberdinez, animaliez, ugalketaz eta beste hainbat kontuz hitz egiteko. Eta entzuten dira udako egun eguzkitsuetan eraikuntzaren parean hegan, zalaparta betean, filmetako soinu bandetan hain ohikoa den sorbeltzaren hots berezi eta bereizgarriarekin. Eta adituko dituzu habian dauden kume jaioberriak txistuka gurasoak janarekin gerturatzen direnean, eta ikusiko dituzu eguzkia ezkutatzen hasten denean altu hegan egiten.

Urtero bueltatzen diren sorbeltz horiek bizilagun bat gehiago izatera irits daitezke, eta desiratuko duzu urtero euren etorrera. Egin kasu. Etxeko teilatuan sorbeltzak dituen batek diotsue…