2018/05/12

Mirari Martiarena Iraola
Bideo jokoa

Gauza jakina da bizitza etengabeko mugimendua dela. Amaren sabelean gaudenetik hiltzen garen arte mugitzen dira gorputzeko zelula guztiak. Mugimenduak batzuetan handiak dira, bistakoak, inguruko guztiek nabaritzen dituztenak.

Hazten garenean, gizentzen garenean, argaltzen garenean berehala esaten digute zenbat aldatu garen. Batzuek aurpegira, beste batzuek belarrira xuxurlatuz. Protagonistak ez entzuteko moduan era esaten dira txutxu-mutxuak.

Zerbait aldatzeko erabakia hartu izan dudanetan erabaki kontzientea izan da. Barruak eskatu didalako, zirkulu zoro batean sartuta nengoelako eta irtenbiderik ez zegoenean aldaketek bide berriak zabaltzen dituztela ikasi dudalako. Horrek ez du esan nahi mugimendu horiek egitea erraza denik, oztopo desberdinak azaltzen dira eta gainditzea nekeza izan daiteke.

«Argalagoa izango bazina zutaz maiteminduko nintzateke», esan zidan ezagun batek. Ez nuen erreakzionatzen jakin. Ostikada bat sentitu nuen urdailean, mina. Baina hori entzuteak baino gehiago mindu ninduen mina sentitu izanak. Ustez gainditutako konplexu guztiak azaleratu zitzaizkidan. Arrapaladan erori nintzen mailaz maila igotako eskaileretatik. Entzungor egitea izango litzateke errazena, baina esaldi horrek nire erraietako ahulguneak ikusarazi zizkidan. Nire burua madarikatu nuen aspaldian ikusi gabeko mamuak azaldu zitzaizkidanean.

Berriz ere aurrera egiteko ordua da, baina argi dut ez naizela lehengo leku berean hasten. Bideo jokoetan bezala, azken pantailatik ekingo diot bideari, ez da ezer hutsetik hasten. •