Koldo Sagasti

Enfokatu beharra

Hautsak harrotu ditu azken asteotan La Manada izeneko “banda terroristaren” aurkako epai-ebazpen epelak. Gutxieneko giza eskubideekiko begirunea duen edonor suminduta sentitu da epaileek gehiegikeria hutsaltzat hartu dutelako boskote kriminalak burututako bortxaketa zitala.

Aferaren kontura iritzi asko eta askotarikoak plazaratu dira. Zenbaiti gutxi iruditu zaio bederatzi urteko zigorra. Bederatzi urte gutxi ala asko ote diren, baina, kontu eztabaidagarria da. Kontua da arretaren fokua aldatzea. Arazoa ez da zenbateko kartzela zigorra jarri, baizik eta kartzela ote den erasoaren biktimari eta gizarteari eragindako kaltea ordaintzeko biderik egokiena.

Izan ere, espetxealdiak behin eta berriz erakutsi du ez duela betetzen ustez aurreikusten zaion funtzioa; birgizarteratzearena, alegia. Bortxatzaile sartzen dena bortxatzaile ateratzen da sarri askotan, zigorra bederatzi ala hogei urtekoa izan. Kartzela bera da, beraz, auzian jarri beharko litzatekeena, eta ez bete beharreko urte kopurua.

Beste askok eraso matxisten balizko biktimak jarri dituzte jomugan: «eta bortxatua nire alaba balitz?». Gutxiago izan dira, aldiz, erasotzailea euren semea izan balitz zer gertatuko ote zen galdetu dutenak. Arretagunea aldatu egin behar da: zigorra gogortzeaz baino, akaso sistema judiziala muineraino kutsatzen duten joera patriarkalak astindu beharraz aritu beharko genuke. Emakumeei erasotuak ez izateko zer egin behar duten ohartarazi baino, agian gizonezkook gara iraultza pertsonal bat egin behar dugunok. •