2018/05/12

Ipar Euskal Herriko lehen ikastolako haurrak

Ipar Euskal Herriko lehen ikastola 1969an sortu zuten, Arrangoitzeko Udalak utzitako gela batzuetan. Aurreneko andereñoa Libe Goñi izan zen, eta ondoren Amaia Aseginolaza eta Begoña Jauregi elkartu zitzaizkion. Urte hartan Daniel Velezek Arrangoitzen egin zuen argazkian ikastola hartako zenbait guraso eta sustatzaile ageri dira, hala nola Jean Hiriat eta Argitxu Noblia. Noblia bera da Seaskaren fundatzaileetako bat. Irudian ageri diren ikasleetako batzuk honako hauek dira: goiko ilaran, Maider Zabala, Claire Daguerre, Aitor Arandia, Anne Driolet, Patricia Daguerre eta Xabier Hiriart; beheko ilaran, Mikel Muñoa, Eric Goñi, Mikel Arandia, Mikel Etxebarria, Christina Goñi eta Chantal Oilataguerre. Irudiaren ezkerrean Maria Jesus Muñoa ageri da. Daniel Velez Donibane Lohizunen jaio zen, 1938an. Haren aita ere argazkilaria zen, eta lanbide horretara bultzatu zuen bera. Parisen hasi zen prentsa argazkilari eta “L'Equipe” kirol kazetarekin kolaboratu zuen. 70eko hamarkadaren hasieran Ipar Euskal Herrira itzuli eta “Sud Ouest” kazetan hasi zen, erretreta hartu arte. Bere garaiaren lekuko, Velezen argazkiak, sarritan paregabeak, Euskal Herriaren historia grafikoaren parte dira.