2018/05/12

Laura Mintegi
Katarsi garaia

Katarsi garaia da, dolu garaia. Agerian ala intimitatean egin daiteke, kolektiboki ala bakarka. Edonola eginda ere, hausnarketa zintzoa izan behar da, benetakoa, nork bere buruari gezur txikirik kontatu gabe

Maiatzaren 3an Genevan ETAk desegitea iragarri eta gero, eta maiatzaren 4an Kanboko Arnagan horren zertifikazioa egin ostean, begi bistakoa da politikoki etapa berriari ekingo diogula pertsonalki eta kolektiboki.

Jazoeraren osteko lehen uneetan deigarria egin zait ikustea pertsona batzuen aitorpenak komunikabideetan, beharra izango baitzuten zama hori jendaurrean lehenbailehen deskargatzeko isilean luze gorde eta gero. Bizkartzainak zituzten hainbat pertsonak agertu dute zein gogorra izan zitzaien mugimendu-askatasuna galtzea eta erasotuak izateko beldurrari aurre egitea. Aitorpen espontaneoa, premiazkoa eta ustez askatzailea egin dute, eta ezagunak diren pertsona ugarik, hedabideetan sarri egoten diren horiek, agerian utzi nahi izan dute zein mingarria izan zitzaien bizi izandakoa.

Deigarria egin zait ikustea, halaber, esperientzia lazgarriak izan dituzten beste biktimek, indarkeria instituzionala jasan duten milaka eta milaka lagunek ez dutela eduki premia ahoz goran azaltzeko beren oinazea, edo, beharrizana izan badute ere, oraindik ez dutela ikusten giro dagoenik beren sufrikarioa askatzeko.

Nola edo hala, bestearen errekonozimendua egiten hasteko, beharrezkoa izango da lehenik nork bere buruari azaltzea zein izan den ETArekiko harremana. Ez dut uste ezinbestekoa denik ahoz goran eta publikoki adieraztea, baina une batean ala bestean denok hausnartu beharko dugu zerk asebetetzen gintuen eta zerk sentiarazten gintuen deseroso ETAren jardunetik. Noiz eta zergatik ametitzen eta txalotzen genuen ekintza bat eta noiz eta zergatik ezin genuen bat egin hartutako erabakiarekin.

Katarsi garaia da, dolu garaia. Agerian ala intimitatean egin daiteke, kolektiboki ala bakarka. Baina edonola egiten dela ere, hausnarketa zintzoa izan behar da, benetakoa, nork bere buruari gezur txikirik kontatu gabe, etikaz mozorrotu gabe interes politikoa, leloak albo batera utzita.

Eta kontrara, nork bere buruari azaldu beharko dio zein jarrera, aktiboa ala pasiboa, izan duen indarkeria instituzionalaren aurrean, injustizia juridikoak gehiegikeriak egin dituenean, errepresioaren errealitatea ostendu eta ukatu nahi izan dutenean.

Bai, hurkoari kontuak eskatzen hasi aurretik, zintzotasunaren garaia da. Gazte-gazteak ez garen pertsona guztiok badugu zer hausnartu, ez baitut uste inor dagoenik bere buruari zerbait aitortzeko ez daukanik, sentsibilitate eta enpatia egoera batzuekiko, eta batere sentsibilitate eta enpatiarik eza beste batzuekiko. Katarsi garaia bizi ostean, aitorpena banaka eta kolektiboki egin ostean, orduan errazagoa izango da hurkoaren lekuan jartzea, haren hausnarketa ulertu ahal izatea. Ezin dugu espero arerioak adiskide bihurtzerik, ezta beharrik ere. Baina gutxieneko adostasuna lortu beharko da aitortzeko samina oso hedatuta egon dela eta elkarren ondoan bizitzen ikasi beharko dugula, espazio bera konpartitu eta konbibentzia eraikitzeko.

Hori guztia bizikidetzaren eremuan.

Baina, adi. Politikaren eremuan ez badago adostasunik onartzeko posible dela asmo politiko legitimoak bide legitimoetatik lortzea, orduan ezer gutxi egin dugu. Konbibentzia ezin da eraiki eskubide ukapenaren gainean. Estatuari bide luzea falta zaio frogatzeko demokrata dela. Eta demokraziarik gabe ez dago elkarbizikidetzarik. Argi ez bazaigu gelditu, hurrengo gatazkarako zimenduak jarriko dira. •