2018/05/12

Maria Pazos Moran
Matematikaria eta feminista

Matematikan lizentziatu zen Madrilen eta estatistikako masterra egin zuen Harvardeko Unibertsitatean. Ikertzailea eta feminista ere bada. Berdintasunaren aldeko hainbat elkarterekin elkarlanean aritzen da eta bost liburu idatzi ditu.

«Patriarkatuan eman behar den katarsirako ezinbestekoa da kontsumoarekin lotutako balioak aldatzea»
Ane Urkiri Ansola
0512_maria2

La Manada izeneko taldearen aurkako sententziak sortutako ajearekin jaso gintuen Maria Pazos Moranek, Iruñeko Katakrak kafetegi, liburu denda eta argitaletxean. Aurreko egunean zen bere azken liburua aurkeztekoa, baina epaiaren ondotik sortu ziren mugimenduek hitzordua aldatzera eraman zuten. «Kalera irtetea zen lehen egitekoa», zehaztu zuen. Patriarkatuaren aurkako liburu bat kaleratu berri du, egun indarrean den sistemari aurre egiteko jarraitu beharreko pautak inoiz baino argiago zerrendatuz. Sistema patriarkala suntsitu eta benetako berdintasuna emateko, funtsezko irizten dio politika publikoek haurtzaroan zein mendeko pertsonen zaintzan esku hartzea, «emakumeak bere lan ibilbidean ez baldintzatzeko». Efizientziatik eta ongizate estatutik abiatuta hainbat gai jorratu zituen Iruñean, Katakrak argitaletxeak berak kaleratutako “Contra el patriarcado” liburuan jorratzen dituenak.

Ekitatetik abiatuta eraginkorrak izatea posible dela defendatzen duzu.

Efizientziaren kontzeptu egokia baldin badaukagu, bai. Efizientzia interesatua baldin bada, hau da, produktibitateari estuki lotutakoa, ez litzateke posible izango ekitatearen eta efizientziaren arteko binomioa. Baina kontzeptu hori aspaldi aldatu zen, XX. mendearen erdialdean onartu zen ongizate estatuen itun sozialarekin. Esperientzian irabazi dugu. Ongizate estatu solidorik gabeko ekonomia moderno bat, arazo asko dituen ekonomi bat izango da. Hori begi bistan dago, krisiari erantzun onena eman dioten herriak Europa iparraldekoak baitira.

Baina balizko ongizate estatu hori batzuen pribilegiorako eraikitzen da.

Nik ulertzen dudan ongizate estatua ez, ordea. Rajoyk ere esan dezake Estatu espainiarra ongizate estatu bat dela, baina errealitatean hori apurtzeko lanean dabil. Nik ulertzen dudan moduan, jendearen behar guztietara egokitzen diren zerbitzu publiko eta laguntza sozialez hornituriko estatua da ongizate estatua, bi printzipio oinarri: bakoitzari bere beharren arabera eta bakoitzak dituen aukeren arabera. Hori da politika sozial eta demokratikoa.

LABek egindako azterketa baten arabera, krisiaren garai txarrenean murriztu egin zen gizonen eta emakumeen arteko lan arrakala. Baina, errekuperazioarekin batera, areagotzen ari da. Atzera goaz?

Aurreikusita zegoen, krisialdi guztietan gertatzen den kontua da. Normalean burbuila bat eratzen da; jo dezagun eraikuntzan gertatzen dela. Horrek eztanda egitean, lehendabizi eraikuntza edo industria kolpatzen ditu krisiak, hau da, maskulinizatutako lanak. Hala, gizonezkoen langabeziak gora egiten du, emakumezkoena mantentzen den bitartean. Baina bigarren etapa batean, eremu publikoan murrizketak ematen direnean, emakumeek jasotzen dute kolpea, zerbitzu publikoen sektorean emakume gehiago daudelako.

Bestalde, familien botere ekonomikoa ahultzen doanez, feminizatutako zerbitzu konkretu batzuk ez kontratatzea ekartzen du krisiak, beraz, langabezia areagotu egiten doa. Gainera, lehen emakumeenak ziren lanpostuetan gizonak ere sartzen joaten dira. Kontuan hartu behar da burbuila eratzen ari zenean emakumeak ere sektore maskulinizatuetan lanean hasiak zirela, gizonen artean langabezia maila oso baxua baitzen.

«Desiguales por ley» liburuan ondorioztatzen zenuen emakumeek samurrago dutela sektore publikoan lana aurkitzea pribatuan baino.

Sektore publikoko lana egonkorragoa da eta ordutegiak zentzuzkoak dira. Horregatik, “argiak” diren emakumeek funtzionario gisa lana egitea ahalbidetzen dieten ikasketak egiten dituzte, edota liberalagoak diren profesioetara jotzen dute, abokatutza kasu.

«Argiak» adjektiboa erabili duzu. Baina ez dirudi eraginkorra emakumeen gehiengoa sektore konkretu batera bideratzea.

Noski ez dela konponbidea, baina konponbide pertsonala izan daiteke. Eta ulertu egin behar da. Horregatik, hain zuzen, aldatu behar da sistema bera. Emakumeek ez ditzaten familia eta lana uztartzea ahalbidetzen dieten lan konkretu horiek soilik aukeratu. Izan ere, emakumeak dira kontziliatzen dutenak, eta guztien egitekoa da. Mundu guztia inplikatzeko, aldiz, familia eta lan merkatuko estrukturak aldatu behar dira. XXI. mendeko feminismoaren erronka da.

Gizonezkoen eskubidea ere bada kontziliazioa, baina zama moduan ikus dezakete.

Eskubidea da, baina baita zama ere. Eta kontziliazioarekin zaildu egiten da goi-karguetara heltzeko aukera. Gainera, emakumezkoen prekarietatearen etekina ateratzen dute gizonek. Hau da, epe motzean, gizonek asko gal dezakete berdintasunarekin, gerora irabazteko asko izan arren.

Atzo [La Manada taldearen aurkako epaia ezagutu zen ezaguna] gizon aunitz zeuden manifestazioetan, eta poztekoa da. Esperantzagarria da gizon asko berdintasun ezak beraiei ere galera ugari eragiten diela konturatu direla ikustea. Horrelako gizon gehiago behar dira. Eta nola eraikitzen dira berdintasuna defendatzen duten gizon gehiago? Jaiotzatik. Orduan barneratzen dira sexuaren araberako lan banaketak, rolen arteko bereizketak. Horregatik dira hobeak, baina ez hainbeste, belaunaldi berriak.

PPIINA Jaiotza eta Adopzio Baimen Parekide eta Transferiezinen Aldeko Plataformako kidea naiz eta aldarrikapen bakarra dugu: aitatasun baja 16 astekoa izatea, transferiezina eta %100ean ordaindua. Horrela denean, gizonek onartu egiten dute eta zaintza lanetan geratzen dira. Eta hor ezarri behar da berdintasuna, haurrek ikus dezaten gizonek zein emakumeek zaintzen dutela. Lan merkatuan ere eragina du, gizonek emakumeek bezainbeste egun huts egiten baitituzte lanen. Horrela ez bada, ahaztu soldata berdintasuna.

Independentzia ekonomikoa askatasunaren sinonimo da?

Independentzia ekonomikoa baldintza ukaezina da askatasunerako. Askatasuna ez da independentzia ekonomikoarekin bakarrik lortzen, baina, hori gabe, ahaztu. Ez baldin badaukazu independentziarik ekonomikoki, ezin duzu zure bizitzaren gain erabaki. Eta programa fiskalak ez du laguntzen, familiako bat zaindu behar den unean emakumea lana uztera bultzatzen baitu.

Soldaten arteko desberdintasunak eragina izan dezake. Hau da, komenigarriagoa izatea emakumeak lana uztea gutxiago kobratzen duelako.

Ikerketek erakutsi dute, esaterako Suedian –non besterengarriak diren baimenak dauden, hau da, batak edo besteak har dezake–, nahiz eta emakumeak soldata handiagoa izan, berak uzten duela lana. Baimenak %100ean ordainduta badaude, zergatik dira ia beti emakumeak hartzen dituztenak? Garrantzitsuena da badakigula nola planteatu berdintasunera eramango gaituzten programa fiskalak, bada, horri buruz mintzo naiz liburuan.

Nola amaitu superestruktura eraikitzen duten arrazoi estrukturalekin?

Estruktura sozialak sortzen dizkigu ideologia eta jarrerako pautak. Eta matxistak gara, patriarkatuak menderatzen gaituelako. Lana eta zaintza txanponaren alderdi bera dira, ezin dugu pentsatu batean hobetzea bestea lantzen ez badugu.

Zaintza lanetan bi aspektu sartzen dira. Batetik, seme-alabak txikiak direnean berdintasuna baja baimenak berberak, besterenezinak eta %100ean ordaindutakoak izanik lor daiteke. Baimenak bukatzean, haurtzaindegi publiko bat, doakoa eta kalitatezkoa izanez gero etxetik hurbil, bikote bat askoz errazago antola daiteke. Bestetik, mendekotasunagatiko zaintza dago. Pertsona horiei zerbitzu publikoak eskainiz gero, ez luke familiako inork lana utzi beharko, ezta lanaldia murriztu beharko ere.

Eta lanpostu gehiago sortuko lirateke.

Egun zaintzari lotutako sektorean eman daiteke lanpostu hazkunde handiena. Lan garbiak dira, sozialki erabilgarriak eta ekologikoak. Liburuan tarte garrantzitsu bat eskaintzen diot ekologiari, daukagun krisi handiena delakoan bainago. Eta gizonen eta emakumeen artean dauden desberdintasunekin zerikusia dauka. Datuekin erakusten dut emakumeen ekologia arrastoa txikiagoa dela, kontzientzia gehiago daukagula, alegia. Eta ekologian zein patriarkatuan eman behar den katarsirako ezinbestekoa da kontsumoarekin lotutako balioak aldatzea. Egun, arrakasta izateko, diru asko eduki eta asko xahutu behar da luxuzko materialetan. Eta arrakastak ez luke hori izan behar. Zaintza lanak eta berdintasuna izan beharko lirateke modako jarrerak.

Arrakasta handinahikeriarekin lotuta dago. Gero eta aberatsago izan, gero eta gehiago nahi duzu.

Kapitalismoaren eta patriarkatuaren artean aliantza bat dago. Patriarkatua kapitalismoaren makuluan babesten da. Eta kapitalismoak, berriz, sistema patriarkala komenigarria dela sinestarazten die gizonei. Horregatik daude erosoago sistema honetan, ez guztiak baina bai gehiengoa, eta horiek ahalbidetzen dute sistema mantentzea.

Kuotak ezartzea positiboa al da?

Bai, baina argitu behar da kuotak eta diskriminazio positiboa gauza ezberdina direla. Badakigu, kuotarik ezean, balio duten emakumeak ez direla heltzen merezi duten postuetara. Aldiz, diskriminazio positiboak edozein emakume saritzen du, eta hori ez zaigu komeni. Kuotak ez dira horretarako.

«La Manada»-koen aurkako epaia patriarkatuaren adibide garbiena izan daiteke.

Noski, justizia patriarkalarena.

Eta zer egin behar da? Espainiar estatuan badago Estatu Itun bat indarrean, baina...

Arazo sakonagoetara joan beharra dago. Noski legeak aldatu behar direla, baina ea nola aldatzen duzun tribunalak esandakoa... Guk badakigu bortxaketa izan zela, baina tribunalak ez du horrela pentsatzen. Are, ez du uste biolentzia egon zenik. Pentsaera da aldatu behar dena, eta horretarako estrukturak aldatu behar dira.

Estatu Itunari dagokionez, ezin liteke pentsatu biolentziarekin amaituko dela biolentzia eragiten duten zergatietan begirada jarri gabe. Eta biolentziaren eragilea berdintasun eza da, eta Itunean ez da aipatu ere egiten. Horregatik deitzen da nire liburua “Contra el patriarcado”. Sistema bera jarri behar da zalantzan.

Zein da emakumeen rola borroka honetan?

Protagonista izan behar dugu. Feminismoaren lehen eta bigarren olatuek egun oraindik mantentzen diren lege eta elementuak lortu zituzten. Ea orain guk zer lortzen dugu. Hori da ederrena.

«Patriarkatuaren eta kapitalismoaren artean aliantza bat dago»

«Ikerketek erakutsi dute, esaterako Suedian, nahiz eta emakumeak soldata handiagoa izan, berak uzten duela lana familia laguntzeko. Baimenak %100ean ordainduta baldin badaude, zergatik dira ia beti emakumeak baimenak hartzen dituztenak?»