2018/05/12

Arantxa Urbe
Hezitzailea eta Hik Hasi-ko kidea
Zer egiten dugu kabitzen ez zaizkigunekin?

Aurrekoan genion gero eta gehiago direla, gero eta gazteagoak, heziguneetan marraztu ditugun «eskola ibilbide» gero eta estu eta zurrunagoetan kabitzen ez zaizkigun haurrak. Eta galdera bat utzi genuen airean: haur eta gazte horiek ikasle izaeratik haratago ikusiak ote dira, ikusten ote ditugu?

Ukaezina da eskolaren, neska-mutilen eta etxekoen artean arrakala gero eta handiagoa sortzen ari dela. Eskolan ikasle batzuek zergatik duten arrakasta eta, batez ere, beste batzuek zergatik ez duten aztertzen hasiko bagina, hamaika hari izango genituzke nondik tira, ezbairik gabe.

Eskola erdigunean jarri eta hari horri tiraka, Francesco Tonucci pedagogo, marrazkilari eta pentsalari italiarrak elkarrizketa interesgarri batean zioena ekarri nahiko nuke lerrootara: «Eskola denentzat zabaldu zenean, unibertsalizatu zenean, bakar batzuentzat prestatuta zegoena denei eskaini zitzaien. Horregatik egin zuen porrot eskolak».

Eskolak ez du lortzen bere funtsezko helburua izan beharko lukeena betetzea: jaiotzez neska-mutilek dituzten desparekotasunak orekatzea. Eta desparekotasun horien artean sartu beharko genituzke ekonomikoak, sozialak, generokoak, kulturalak, ideologikoak eta hizkuntzakoak, gure kasuan, euskarari dagozkionak, esaterako.

Eta zer egiten dugu eskolan kabitzen ez zaizkigun neska-mutilekin? Euskal Autonomia Erkidegoan, erromesaldia hasi beharko dute: tutorea, heziguneko orientatzailea, Berritzeguneko aholkularia, pediatra, neurologoa, psikiatra... eta hor erantzunik aurkitzen ez badute, etxekoen eta eskolaren ezina baretzen ahaleginduko den zerbitzu pribatuen eskaintza oso bat. Jakinik ere, ikerketek diotena: eskola eskakizunetara ongi egokitzen ez den ume orok ez duela, nahitaez, nahaste psikopatologiko bat izan behar. Nafarroan, aldiz, heziguneko orientatzaileak bidera ditzake aprendizaiaren nahasmenak, ikasleari azterketak egiterakoan denbora gehiago izateko eskubidea emango dion agiria luzatuz, adibidez. Izan ere, denek aldi berean, eta denbora beraren barruan aritu behar izateak ere baztertu egiten du.

Onar dezagun. Eskolak hausnartu beharra dauka “nola izan denentzako eskola” eta aitortu behar du hainbat adimen mota daudela, eta, ondorioz, orain egiten duen eskaintza baina anitzagoa egin behar duela.

Horra hezitzaileon eta eskolaren zeregin behinena, sekula gogotik eta begiradatik galdu behar ez genukeena: pertsonekin ari gara, beste zenbait izaterekin batera ikasle izaera dutenak. Bestela, ikasle gisa porrot egiten dutenek, pertsona gisa ere porrot egin dute. Inklusioa, aukera parekotasuna eta beste zenbait izango dira bazterkeria saihesteko tresnak. Eskolak denon arrakasta izan behar du helburu, batez ere arrakasta pertsonala; atzean ez geratzeko bermea da. Eta neska-mutil bakoitza dagoen puntutik abiatzen da, bere motxilarekin, bere gaitasunekin eta bere zailtasunekin. Guztiei aurrera egiten lagundu behar diegu, inor ez dadin atzean geratu.

Sarritan barruan oihartzun egiten didate alabaren botikak probatu ondoren, gerta ala gerta, eskolan hobetzeko botikak gehiago ez ematea erabaki zuen adiskidearen hitzek: «Ez duzu imajinatzen heziguneetako ateetatik at eskolan kabitzen ez direnentzat zer sare dagoen antolatuta». •