Pablo Ruiz de Aretxabaleta
ERRALDOIAK ADISKIDE

Indiak eta Txinak hurbiltasun irudia eman dute elkarren arteko gatazkak alboratuta

Xi Jinping Txinako presidenteak eta Narendra Modi Indiako lehen ministroak elkarlanerako konpromisoa agertu dute egin berri duten gailurrean, baina ez dute argitu munduko bi potentzia populatuenen arteko gatazkak konpontzeko zer urrats emango dituzten. Mugak, bi herriek aldarrikatutako eskualdeak eta Zetaren Bide Berria bezalako egitasmoak dituzte tentsio iturri.

 

Munduko bi potentzia populatuenek –Planetako hiru biztanletik ia bat bizi da Indian edo Txinan–, mugakide izanik sarri ika-mikan ikusi ditugun bi potentzia nuklearrek, elkarrengana hurbiltzeko keinuak egin dituzte azken egunotan. Indiako lehen ministro Narendra Modik Txinara egindako bisitak eta Wuhan hirian egindako bi eguneko egonaldiak, behintzat, irudi hori eskaini du.

Yangtse ibaiaren ondoko Wuhan hirian, Xi Jinping Txinako presidentearekin elkartu zen Modi, eta bi erraldoiek hainbat proiektu batera egitea adostu zuten. Baina, batez ere, bi estatuen arteko liskar giroa alboratzeko asmoa erakutsi zuten. «Txinak eta Indiak auzokide eta lagun on izan behar dute», esan zion Xik Modiri.

Asiako bi erraldoien arteko gatazka hiru zatitan banatuta elkarbanatzen duten 3.000 kilometrotik gorako mugan azaleratzen da sarri. Horregatik, bi armaden arteko komunikazioa sendotzea hitzartu zuten, «elkarren arteko konfiantza giroa» sustatu eta muga arazoak modu eraginkorrean konpontzeko. Horrela, joan den udan Doklam Himalaiako eskualdean gertatua ez errepikatzea nahi dute. Indiar soldaduak Doklamen sartu eta hainbat astez izan ziren bertan, tentsioa piztuz eta bi herrien arteko gatazka armatua sortuko zen beldurra zabalduz.

Indiak babestutako Buthango Erresuma txikiak, Doklam eskatzen dio Txinari. Arazoa ekainean Txinako Armada ingurune horretan errepide bat eraikitzen hasi zenean piztu zen: Indiak soldaduak bidali zituen lanok gelditzeko.

Wuhan hirian egindako gailurrean, «mundu osoan eragina duten» bi herrien arteko harremanetan «aro berri bat» irekitzeko asmoa adierazi zuen Xi presidenteak. Bere aldetik, Modik bilerokin jarraitzeko gonbita egin zion Txinako presidenteari eta 2019an Indian antzeko gailur bat egitea proposatu zion. «Munduko populazioaren %40aren alde lan egiteko erantzukizuna dugu. Horrek Planetan dauden arazo asko konpontzea eskatzen du, eta, horretarako, elkarrekin lan egitea aukera handia da biontzat», nabarmendu zuen Modik.

Hurbiltasuna

Azken hilabeteotako Xi eta Modiren arteko bigarren bilera izan zen Wuhaneko gailurra. 2017ko irailean Txinako Xi’an hirian elkartu ziren, Brasil, Errusia, India, Txina eta Hegoafrika biltzen dituen BRICS taldeko gailurrean. Baina, oraingoan, bilera pertsonalagoa eta hurbilagoa izan da, eta protokolo txinatarraren modu itxietatik urrundu da.

Wuhaneko Ekialdeko Laku bukolikoan bi buruzagiek egindako ibilaldiak edo Hubei Museo Probintzialera egindako bisitak kutsu askoz hurbilagoa izan zuten. Gutxitan ez bezala. Arestian Donald Trump AEBetako presidentearekin eta Melania Trump bere emaztearekin soilik izan du presidente txinatarrak horrelako keinurik. Xik eta bere emazteak tea hartzera gonbidatu zituzten Pekingo Jauregi Inperialean.

Doklameko gatazkak bi herrien arteko mesfidantza eragin badu, ez da txikiagoa Txinak abian jarritako Zetaren Bide Berriaren egitasmoak Indian sortzen duen egonezina. Eta Wuhaneko bileraren bitartez aieru txar horiek uxatzeko asmoa izan du Pekinek.

Zetaren Bide Berria

Zetaren Bide Berria mundu osoan azpiegiturak eta telekomunikazio sareak hedatzeko inbertsio programa erraldoia da. Batzuen arabera, Bigarren Mundu Gerraren ostean AEBek Europan indarrean jarritako “Marshall Planaren” antzeko egitasmoa da. Baina txinatarren egitasmoak Indiaren asmoekin talka egiten du, batez ere Pekin Pakistanen bultzatzen ari den garraio azpiegiturak tarteko. Kaxmirko egoerak kezkatzen du bereziki India, Pakistan eta Indiaren artean zatitutako herrialde hori legez kanpo okupatzen duelako Islamabadek Indiaren arabera. Horrenbestez, proiektuen bidez, Txinak bere «etsaiarekin» bat egingo luke.

Azken batean, Xik nabarmendu bezala, Txinak eta Indiak «atzerri politika independenteak» dituzte. Aipatu gabe, AEBen, Indiaren, Australiaren eta Japoniaren estrategia komunaz ari zen Xi. Izan ere, lau estatu horiek, Zetaren Bide Berriaren kontrapisu gisa, elkarrekin antzeko planak hasteko asmoa dutela uste du Txinak. Asmo horiek oraindik ez dira proiektu zehatzetan gauzatu, baina lau estatuek luze eztabaidatu dute merkataritzaz eta segurtasunaz. Donald Trump AEBetako presidentea bera, «eskualde Indo-Pazifikoaz» hitz egiten hasia da jada.

Aipatutako guztiari, Txinak eta Indiak hainbat lurralderen subiranotasunaren gainean dituzten gatazkak gehitu behar zaizkio. Txinak Indiaren menpeko Arunachal Pradesh estatua bereganatu nahi du. Bi herrien arteko gerra ere izan zen 1962an eskualde hori tarteko. Txinako soldaduek zati bat denboraldi batez okupatu ere egin zuten. Gatazka oraindik konpondu gabe dago, Txinak 90.000 metro koadroko eskualdea bereganatu nahi baitu. Joan den otsailean, Pekinek bere haserrea agertu zion Indiari, Modik estatu horretara egindako bisitagatik.

Indiak, bere aldetik, Pekinen esku den Aksai Txin nahi du. Eta Tibeteko gatazka ere ezin da ahaztu. Dalai Lama Dharamshala Indiako hirian bizi da errefuxiaturik, 1959an Tibetetik ihes egin zuenetik.

Kontuak kontu, arazo horiek guztiak ez ziren aipatu ere egin bi herrien arteko azken gailurreko adierazpenetan. Pekinek «nazioarteko harreman berriak eraikitzeko» Xi eta Modiren arteko adostasuna nabarmendu zuen, «elkarren arteko errespetua, justizia eta irabazi-irabazi kooperazioa oinarri». Indiako iturri ofizialek, berriz, bi herriek gai askotan «elkarrekin lan egiteko xedea» dutela goraipatu zuten, «garapen ekonomikotik terrorismoaren aurkako ekimenetara».

Bi estatuek dituzten muga desadostasunak elkarrizketaren bidez konpontzeko asmoa erakutsi izan dute, baina orain arte gutxi aurreratu dute. Txinako komunikabide ofizialek ondo hartu dute Wuhaneko bilera, adiskidetzerako urrats bezala. Alderdi Komunistaren organo ofizial den “Herriaren Egunkaria”-k editorialean nabarmendu bezala, «elkarren arteko konfiantza sustatu eta liskarren gaineko kontrola handituko ditu gailurrak. Txina eta Indiaren arteko harremana etapa berri batera eramango du». Artikuluaren izenburua bera oso argigarria da: «Bi herri handik elkarlan handia behar dute».

Kritikak Indiako oposizioan

Indian, oposizioko Indiako Kongresu Nazionala alderdia, Modiren aurka agertu da, eta herrialdearen defentsa eta interes estrategikoak arriskuan jartzea egotzi dio. «Boterera Txinari aurre egingo ziola esanez iritsi zen lehen ministroa. Orain aberriaren segurtasuna arriskuan jartzen ari da», esan du Randeep Surjewaala Kongresuko Nazionaleko eledunak.

Surjewaalak salatutakoaren arabera, bi herriek Doklametik ateratzea hitzartu bazuten ere, «Txinak bere soldaduak mantentzen ditu Indiako postutik hamar metrora eta brigada oso bat hedatu du bertan. Halaber, Txina eskualdean errepide bat eraikitzen ari da, Pakistanen urpekoak eta bestelako baliabide militarrak kokatzen ari da eta Arunachal Pradesh, Uttrakhand eta Himachal Pradesh estatuetan militar txinatarrak sartu dira». Modik Txinako presidentearekin hori guztia «adostu» ote duen jakin nahi dutela ere gaineratu du Kongresuko Nazionaleko eledunak.