Xabier Izaga Gonzalez
GAZTETXEA, ZUTIK

Gasteizko gaztetxeak bere 30 urteak biltzen dituen liburua argitaratu du

Gaztetxea, etxea, herrigintzarako lanabesak, eskola... Apirilean disko bat aurkeztu zuten Gasteizko gaztetxeko kideek, hiriko hamabost talderen abestiekin osatua, eta oraindik orain 30 urteko ibilbidea kontatzen duen «Gasteizko gaztetxea. 30 urte» liburua argitaratu dute. 30 urteko historia, 30 urteren istorioek osatua.

Gasteizko gaztetxean ez da jarduerarik falta, asteburuetan bezala astegunetan ere: kontzertuak, hitzaldiak, eztabaidak, tailerrak, euskara eskolak, herri mugimenduko taldeen prentsaurrekoak… Ez da falta eta are gutxiago azkenaldi honetan, Gasteizko muinoko etxeak gaztetxe bihurtuta 30 urte bete dituela ospatzen buru belarri dabiltza-eta.

Antolatu dituzten ekimen eta ekintza ugarien artean, joan den apirilaren 28an, “Prudentzi Egunean”, disko bat aurkeztu zuten, hiriko musikariei eskerrak emateko. Azken urteetan gaztetxearekin elkarlanean jardun duten taldeen diskoa da, hamabost abesti biltzen dituena. Parte hartu duten talde guztiak gasteiztarrak dira eta «betidanik harreman estua» izan dute gaztetxearekin. Estilo asko daude diskoan, gaztetxetik pasa diren taldeen erakusle: irlandar folka, hip hopa, ska, cumbia, musika afrikarra, punka… Modu autogestionatuan editatu dute eta merke-merke dute salgai Gasteizko zenbait taberna, liburu denda eta gune autogestionatutan.

Liburua

Maiatzean, berriz, gaztetxearen ibilbidea kontatzen duen “Gasteizko gaztetxea. 30 urte” liburu puska aurkeztu dute. Ia 400 orrialde ditu, eta, atalak ilustratzen dituzten marrazki ugariez gain, 50 orrialde inguruko argazki galeria. Ez dadila inor ikaratu, ordea, liburuaren mardula gorabehera, salneurria bezain arina baita kontaketa. Une oro eusten dio umoreari, «pozetatik» idatzitako pasarteetan bezala «amorrutik eta minetatik» idatzitakoetan ere. Ez du, beraz, aspertzeko inolako aukerarik ematen.

Kontaketa zorrotza da, gaztetxeak berak lehen pertsonan ematen du bere ibilbidearen berri, garai guztietako lagunen testigantzarekin. Hamaika pasadizo entretenigarri, inoiz hunkigarriak, inoiz barregarriak, betiere jakingarriak. Gasteizko eta Euskal Herriko gazteriaren parte esanguratsu baten azken hamarkadetako historia ere bada, okupazioaren eta autogestioren aldeko herri honetako mugimenduaren historia.

«Dimentsio ezberdinak jorratzen saiatu gara, begirada ahalik eta integralena eman nahi genion liburuari: kanpora begirako jarduerak zein barne mailako bizitza ustez pribatua, diskurtsoak eta praktikak, ekimen propioak zein auzokideekin eta herrigintzarekin batera eginak, desalojo mehatxuen aurreko kanpaina erraldoi entzutetsuak eta eguneroko lan isila», nabarmendu zuten aurkezpenean. Halaber, «une goxoak eta ongi egindakoak jorratzen dira, baina baita une latzak eta hanka-sartzeak ere».

Izan ere, zenbait belaunaldi pasatu dira, zenbait etapa gainditu dituzte, betiere ustez atzean gelditu diren sasoi politiko eta sozialei eusten saiatzen direnen erasoei aurre eginez, batez ere zenbait alderditatik eta instituzio gehienetatik abiatutako erasoei, eta barne krisiak ere ez dituzte falta izan. Horietako batzuk, hain zuzen, gazte asanbladan beti izan den aniztasunaren ondorio izan dira, gaztetxea kriminalizatzen ahalegindu direnak bertan biltzen diren gazte guztiak ideologia berekoak direla saldu nahi izan duten arren.

30 urteko bizipenak

30 urteko historia hau, 30 urteko bidean emandako istorio hauek, 1987an hasi ziren, Apezpikutegiaren “Lorazainaren etxea” okupatu aurreko kanpainarekin. 1988ko San Prudentzio egunean, «haren bedeinkaziorik gabe», eraikin haren atea kolpeka zabaldu eta okupatu egin zuten. Horrela gogoratzen du gaztetxeak duela 30 urte lozorrotik esnatu zuten eguna:

«‘O-ku-pa-zioa, o-ku-pa-zioa, o-ku-pa-zioa, O-KU-PA-ZIOA!’.

‘DANBA!’.

–Dedio! Nortzuk dira larruzko txupaz jantzitako erdi-mandril erdi-pertsona horiek?

‘KATAKRAK! IIIIIIIAPAAA!!! Denok barrura!’.».

Gaztetxearen sorreraren eta garapenaren protagonistetako batek kontatu duenez, lehenengo bi urteak «hiperaktiboak» izan ziren. «Funtzionamendu asanbleario eta autogestionatu bat hutsetik eraikitzen saiatzen ginen bitartean, jarduerak antolatu genituen bata bestearen atzetik. Irreberentzia handiz, baimenik gabe». Esan bezala, hasieran ere ez zen liskarrik falta izan, borroka modu eta ikuspegi ezberdin ugarien arteko talkak, beste lagun batek gogoratzen duenez: «Autogestioa, Hala Bedi, gaztetxea, prozesio ateoak, ezker abertzalea, presoak, independentzia, ikurrina, ‘milia miliekin’... askotariko talde eta aldarrikapenak biltzen ziren. Eta liskar gogorrak izaten ziren!». Hala ere, baziren denek bat egiten zuteneko zenbait kontu, hala nola, presoen defentsa.

Ondoren, gaztetxea hiltzeko zorian egon zen, «barne dinamika ustelduen eta proiektua ulertzeko modu desberdinen ondorioz». Batzuek etxebizitza gisa erabili nahi zuten; beste batzuek, berriz, gizarte etxe gisa, hura izan zen eztabaida nagusietako bat. Baina egoera hari buelta emateko gauza izan ziren, ateak zabaldu zituzten eta auzokideekin akordioak egiten eta herri mugimenduan txertatzen hasi ziren.

Herri babesa

Gasteizko Udalaren huste mehatxuari aurre egin beharko zioten 1993an; edonola ere, ordurako harreman sendoa zuten auzoarekin eta herri mugimenduarekin. Eta sendoa izan zen haien babesa ere.

Hurrengo belaunaldia iritsi zenean, egoera egonkorra zen gaztetxean. Eraikina egokitzeko lan handiak egin zituzten; herrigintzan sakondu zuten, gazte asanbladak errepresioaren aurkako eta presoen eskubideen aldeko konpromisoa bere egin zuen, baita etxebizitza eskubidearen, okupazioaren, kale-dinamiken eta gazteen bizi baldintzen aldeko borroka ere. Jarduera haiek guztiak ez ziren denen gustukoak, ordea, eta Alfonso Alonso “alikateak”, Ertzaintzak eta Alde Zaharreko PERI Barne-eraberrikuntzako Plan Bereziak jomugan jarri zuen gaztetxea. Hala ere, ustez ultrakontserbadorea eta ezarritako ordenaren aldekoa zen hiria, hauteskundeetan boto gehienak eskuinari ematen zizkion hiria, ez zen hain kontserbadorea gertatu eta 10.000 lagunek Gasteizko kaleak bete zituzten 2002an, mobilizazio, ekintza eta atxikimendu kanpaina arrakastatsu baten ondoren. «Eta ‘alikateak’ atzera egin zuen denbora batez».

Izan ere, mehatxuak itzuli egingo ziren, eta hurrengo belaunaldiak haiekin topo egingo zuen, garai hartako lagun batek dioenez: «Asanblada ahulago zegoen. Lan asko, nahi baino esku gutxiago, eta indarrak mehatxuen aurreko defentsara bideratu beharra hein handi batean». Hala ere, ikasten joan ziren, «trebatzen, gure nahiak lantzen».

Alfonso Alonso alkatearen hurrengo erasoa 2005ean izan zen, eraso gogorragoa. Baina erantzuna are sendo eta handiagoa. Urte hartako Gaztetxe Egunean ez ziren 10.000 lagun kalera atera, 15.000 pertsonatik gora baino. Egun osoan zehar, Alde Zaharra “okupatu” zuten aldarrikapen eta jai giroan. «Lasaitasuna irabazi genuen». Eta auzoaren aldeko lana biderkatu zuten, PERIaren eta gentrifikazioaren aurka, Alde Zahar bizi baten alde.

Edonola ere, «errepresio urte latzak izan ziren. Atxiloketak, torturak, desalojoak… amorru eta beldur asko pilatu genuen. Baina ederki gozatu genuen ere auzogintzan eta herrigintzan». 2008an, Hala Bedirekin batera, “Txorionak! 20 urte okupatzen, 25 urte komunikatzen” kanpaina arrakastatsua antolatu zuten, Gasteizko irrati librearen 25. urtemuga eta gaztetxearen 20.a ospatzeko.

Oraingo belaunaldiak ere badu nahiko lan. Dagoeneko bertan goxo egin zaleak ez direla argi eta garbi erakutsi dute: «Elkar-zaintzarik gabe iraultza interesgarririk ez dagoela ikasi dugu gure larrutan. Sei urteren ondoren Ekaitzen [Samaniego presoaren] hutsunea nabari dugu oraindik. Auzo dinamiketan presente gaude eta herri mugimenduentzako tresna izaten jarraitzen dugu». Azken belaunaldi hau, bestalde, «feminismoaren olatura» igo da «eta berak blaitu gaitu gu ere». Gaztetxeko “zaharrenek” errelebo garaia dutela pentsatzen dute; jakitun dira, gainera, “gaztetxito” berriak indartsu datozela atzetik.

Gaztetxearen historia gaztetxeak berak kontatzen badu ere, kontrazalean dioten moduan, ez da autobiografia bat, “komungrafia” bat baizik. «Komunean argitaratua izan delako; hamarnaka esku, buru eta bihotzek erditu dute. Komunean ditugun hamaika bizipen eta istorio jasotzen dituelako. Zuk eta nik, gure auzoak, gure hiriak, gaztetxe eta gune okupatuek, gure herriak». Baina baita gaztetxeak «komunetik idatzi duelako, patioko komun-zulotik. Gure genealogiak ez baititu palazioak edo unibertsitateak sorburu, estoldak eta ertzak baizik».

Bestetik, euskaraz argitaratzea euskararen aldeko hautu kontzientea izan dela diote, baina, aldi berean, erabakia «naturaltasunez» heldu dela.

Gasteizko zein Euskal Herriko hainbat lekutan dago salgai. Liburu denda txikietan, gaztetxeetan eta kulturguneetan, espazio horien aldeko apustu argia egin baitute. Interneten, Argia.eus webguneko “Azoka” sailean ere eskuratu daiteke. Bestetik, laster herriz herri aurkezten hasiko dira, eta aurkezpen horiekin batera «eztabaida mamitsuak» egin nahi dituzte, liburuan agertzen diren hainbat kontu abiapuntu hartuta.

Herrigintzarako lanabesak

Eraikin bat da gaztetxea, eta askoz gehiago. Gazte askoren nahi, asmo eta bizipenenak biltzen dituen etxe fisiko eta erreferentziazkoa. Bizi eredu bat. Eta eskola. Izan ere, belaunaldi guztietako kide guztien lekukotzak bat datoz adierazpen batekin: « Gaztetxea eskola bat izan da guretzat».

Zigor gaztetxeko kide beteranoa da. Berarekin hitz egin du GAUR8k. Argi utzi du hasieratik bera «bat gehiago» dela. Liburua egin dutenetakoa da, baina ez egilea, 30 lagun baino gehiago aritu baitira idazketa, zuzenketa, irudi, maketazio… lanetan. Aspaldiko proiektua zuten, behin eta berriz atzeratua, baina, halako batean, 30. urteurren borobil honetarako, egitasmoa gauzatzea lortu dute.

Hala Bedi irratia «gaztetxearen ahizpa» ez horren zaharrak liburuaren sarreran dioenez, gaztetxearen bizitza osoa deskribatzeko hitz bakar batez definitu beharko balu, hori “askatasuna” izango litzateke. Bat dator Zigor irrati librearen baieztapen horrekin. Hala ere, hain maiz instituzioez jabetzen den pentsamolde kontserbadoreari hitz horrek errezeloa eragiten dio eta pentsaera horrek, gainera, gazteria arduragabekeriarekin lotzeko joera du. Ondo nabaritu izan dutela dio, errezelo hori. Zigorren ustez, baina, askatasunak berekin daramatza ardura eta erantzukizuna. Gasteizen inork gaztetxea eredu dela zalantzan ez jartzea lorpen garrantzitsua dela dio, eta eredu hori gustatu zein ez, haren zilegitasuna aitortua duela.

Zigorren ustez, herrigintzarako baliabide da gaztetxea, modu zabalean ulertuta. Eta gazte asanbladarentzat herrigintzarako lanabes zehatzak dira autogestioa, okupazioa, batzarra eta auzo begirada. Asanbladan aldaketa asko izan direla dio, «baina denak lotzeko haria lanabes horiek izan dira».

Belaunaldi aldaketak une labainak izan dira, kontu handiz jokatzekoak, baina baita, aldi berean, haize freskoa ere. Txanda aldaketek beti eragin izan dute uzten duenaren halako beldurra: «Noren eskuetan utzi dugu gaztetxea?».

Edonola ere, «nire amaren gaztetxeak» Gasteizko muinoan zutik segitzen du 30 urte beteta, dagoeneko heldu baina beti bezain gazte.

 

Une goxoak... eta Latzak

Gaztetxean lasaitasuna eta egonkortasuna ez dira inoiz ohikoak izan. Momentu on asko izan dituzte, baina bolada txar eta latzak ere ugari. Euskal Herrian mende hasiera ez zen samurra izan, eta gaztetxeak ere nabaritu zuen bere larruan. Liburuko pasarte bat ekarri dugu hona, bolada latzen erakusgarri:

«Irailaren 6an gaztetxero bat eraman zuen atxilo Guardia Zibilak, Unai. Hurrengo egunean, ospitaleratu egin behar izan zuten. Unairen aurpegia Estatuaren hamarkadetako jardunaren laburpen fidel bezain makabro bezala igaroko da gure historia txikira.

[...] testuinguru horren erdian, tragoa eskuan hartuta elkarri oporretako gorabeherak kontatzen ari zirela, bat-batean… poliziaren eskutik inoiz bizi izan dudan erasorik bortitzena. [...] nire hormaren kanpoaldean, “Utzi bakean Gaztetxea” zioen kartel handia eskegi zidan gaztetxeroetako batek.

Zipaioak bere atzetik abiatu; justu atearen parean heldu; gaztetxeko atea ixten saiatu, helduta zuen zipaioak besoa kentzen ez zuela; azkenik ixtea lortu; zipaioak nire atearen kontra kolpeka eta gaztetxeroei zemaika zoroen pare: ‘Abrir, hijos de puta, os vamos a matar’; gaztetxeroak seko urduri, baina zipaioei mesedez lasaitzeko eta hitz egingo zutela; ‘Abrid, hijos de puta, que os vamos a matar a todos!’ –atea irekitzeko gonbidapen bikaina, gero!–; beste gaztetxero batzuk abokatuei eta lagunei deika, gertatzen ari zenaz ohartarazteko; ‘¡Abrid, hijos de puta, o echamos la puerta abajo con la furgoneta!’; ‘¡Esperad un momento! ¡Tranquilizaos y buscamos las llaves pero tranquilizaos!’; furgoneta hurbildu eta ostiaka hasi nire kontra; DANBA! DANBA! DANBA!; gaztetxerak izututa ate paretik urrundu; atea ziplo lurrera eta jarraian bere onetik irtendako –edo bere onenak ematen ari zen?– funtzionario kaputxadun armatu samalda bat kolpeka eta biraoka; ‘¡Todos al puto suelo!’; gazteak esaneko; zoruan luze egonagatik ere, kolpatzen jarraitu zuten, mehatxuak eta aieneak nahasten zirela; ‘¡Mirad al puto suelo!’; gaztetxero batek hartu zuen kolperik latzena, odola borborka burutik behera; egoera zer edo zer lasaitu zen; gazte guztiak lurrean edo hormaren kontra, gehienak kolpatuta, baten bat negarrez; oraindik ere ‘¡Tú que cojones miras, salvapatrias de mierda! ¡Te voy a matar, zorra!’. Halakoak eta antzekoak entzun beharko ziren; oraindik ere kolpeak makarroienen aldetik; nagusi batek oihu ere egin zion bati, ‘¡Ya basta, he dicho que ya basta!’; gauzak apurtzen hasi ziren batzuk, musika-ekipoari agur; beste batzuek goitik behera miatu ninduten, froga baten bila ari ziren. ‘Buscad algo! ¡Tiene que haber algo!’, entzun nion bati. ‘¡Hay que limpiar esa sangre!’. [...] Hasieran harrapatzen saiatu ziren gaztea eta burua irekia zuena aurretik eraman zituzten. Denbora pasatu zen, gazteak gertatutakoa sinetsi ezinda zeuden oraindik, gertatzen ari zena. Halako batean,nagusiak: ‘Señores, están ustedes detenidos por desobediencia grave y atentado a la autoridad. Van a ser trasladados a la comisaría’».

Gaztetxearen bertsioa da. Beste bat ere eskaintzen du, ordea: hedabide gehienena eta Ertzaintzarena.

«[...] TVEko albistegiko bigarren berria zen. Terrorismoarekin lotutako hamazazpi atxilotu, hi! Bertsio poliziala honako hau izan zen:

‘Gaueko bederatziak aldera, segurtasun-patruila bat eguneroko errutina egiten ari zen Gasteizko Fray Zacarias Martinez kalean. Ertzaintzaren arabera, lapurtutako auto bat bilatzen ari ziren, eta gazte bat Gaztetxetik irteten ikusi zuten orduan, pankarta batekin, zeinean irakur zitekeen ‘ETA mátalos’ eta polizia autonomikoaren ezkutu bat.

Geroago, gaztea Gaztetxean sartu zen, eta poliziak haren atzetik joan ziren, identifikatzeko asmoz. Ertzaintzaren oharraren arabera, Gaztetxetik gazte talde handia irten zen, poliziei zuzendutako irainak eta heriotza-mehatxuak eginez eta kolpatuz, eta, ondorioz, indarra erabiltzera behartu zituzten poliziak, erasotzaileengandik defendatzeko’.».

Honaino. Zein ote egiazko bertsioa?