Aimar Etxeberria Korta
ALKOHOLISMOA, JOPUNTUAN

Zurrut merkeari amaiera eman nahi dio Eskoziak gutxieneko prezioak igoz

Gerra deklaratu dio Gobernu eskoziarrak alkoholismoari. Zehatzago esateko, graduazio altuko zurrut merkea murriztu nahi du. Izan ere, 22 pertsona hiltzen dira astero herrialdean alkoholismoaren ondorioz, eta 679 pertsonak amaitzen dute ospitalean gehiegizko edana dela eta. Bada arazoa modu eraikitzailean kritikatu duenik.

Batez beste, 22 heriotza eragiten ditu alkoholismoak astean Eskozian eta 679 pertsonak amaitzen dute ospitaleratuta gehiegizko edanaren ondorioz. Zenbaki bakoitzaren atzean pertsona bat dago, familia bat, alkoholaren kontsumo okerrak kaltetutako komunitate bat». Nicola Sturgeon lehen ministro eskoziarraren hitzak dira, iragan maiatzaren 1ean Edinburgoko ospitale batean esanak.

Izan ere, aipatu egunean sartu zen indarrean Eskozian alkoholaren gutxieneko prezioa igotzera behartzen duen legea. Unitateko –pinta batek bi unitate dituela kontuan hartuta– 50 pennyko igoera da Holyroodeko Legebiltzarrak onartu duena, eta alkoholismoari aurre egitea du xede. Bateko zein besteko erreakzioak eragin ditu neurriak, urratsa positiboa bai baina nahikoa ez dela adierazten dutenak.

Legea orain sei urte onartu zuen Holyroodek, baina whiskiaren lobbyarekin izaniko tirabirak atzeratu du haren aplikazioa. Baina sektorearen baitan bada Gobernu eskoziarraren ekimena begi onez ikusten duenik ere. Norman Loughery Tennent’s garagardo etxeko komertzialak, esaterako, txalotu egin du neurria: «Proposatu zen une beretik babestu dugu eta hura aplikatzeko elkarlanean aritu gara Gobernu eskoziarrarekin. Graduazio handiko alkohol merke eta gogorraren aurkako ekinbidea da, kontsumo kaltegarriena da jopuntuan jartzen duena».

Sheffield Unibertsitateak egindako ikerketa baten arabera, 60 bizi salbatuko ditu neurriak ezarpenaren lehen urtean, eta 300 izan daitezke, urtez urte, datozen hamar urteetan heriotza saihetsi dezaketen eskoziarrak. «Erabaki ausarta hartu dugu. Erakutsi dugu izan gaitezkeela, herrialde bezala, osasun publikoak dituen erronkei erantzuten lider. Kontsumoaren eta kaltearen arteko lotura aintzat hartuta, unitateko gutxieneko prezioa igotzea da graduazio handiko kontsumo merkeari aurre egiteko modurik efikazena». Legea SNPren, Berdeen, Demokrata Liberalen eta Laboristen aldeko botoekin onartu da.

Erreakzio ezberdinak

Medikuntza sektoreak txalotu egin du Gobernu eskoziarraren ekinbidea. Peter Bennie Britainia Handiko Medikuntza Elkarteko lehendakariak, esaterako, adierazi du legeak heriotzak saihesten eta alkoholak eragiten dituen kalteak murrizten lagunduko duela: «Osasun zerbitzutik alkoholaren zama gutxitzen lagunduko du. Are garrantzitsuagoa dena, eskoziar gizarteari kenduko dio alkoholaren zama, pertsona eta familiak aldenduko ditu alkoholaren kontsumotik». «Unitateko gutxieneko prezioa igotzearen inpaktua nabarmena izango da, baina beti esan izan dugu alkoholaren kontsumo okerraren kalteei erantzuteko aukera-sorta handia dagoela, eta Gobernu eskoziarrak ebatzi duena horietako bat baino ez dela. Gizarte moduan, prest behar dugu izan etorkizunean, eta norabide berean, proposatuko diren neurriei determinazio berarekin erantzuteko», gaineratu du.

Bada, era berean, neurria modu eraikitzailean kritikatu duenik ere. Max Cruickshank-ek “The National” egunkari eskoziarrean idatzitako zutabea izan daiteke esandakoaren adibide egoki bat. Alkoholaz hitz egitean drogaz hitz egiten du Cruickshank-ek, gogoratuz menpekotasuna sortzen duen substantzia bati buruz ari garela eztabaidan. «Toleratua izan da urteetan, eta ezin kontatuzko bilioika liberako diru-sarreren iturri izan da», gogoratu du.

Zentzu horretan, alkoholaren industriak etekinak izaten jarraitzeko beste bideren bat aurkituko duela uste du iritzi emaileak, eta kritiko agertu da neurriak jomugan dituen gizataldeen egokitasunarekin: «Pobreak eta gazteak jartzen ditu neurriak jomugan, baina alkoholaren arazoa gizarte osora hedatzen da. 60 urtetik gorako klase ertaineko giza sektoreak dira, baina, alkohol kontsumitzaile arriskutsuenak, eta neurriak ez du beraiengan inolako eraginik izango».

Cruickshankek uste du klase baxueneko kontsumitzaileek alkohola utzi eta askoz ere kaltegarriagoak diren drogak kontsumitzera joko dutela neurriaren ondorioz: «Alkohol kontsumitzaile kronikoek hamaika arrazoigatik edaten dute. Badira azterketak diotenak alkoholaren kontsumoa bera azpimarratuz diagnostikatu eta, ondorioz, tratatu gabeko arazo mentalak ezkutatzen direla.

Bestalde, azpimarratu du alkohol unitateko igotzen diren 50 penny horiek alkoholaren industriara bideratzen direla, ez administrazio publikora, ez baita zerga moduan inplementatu. «Alkoholaren industriak 120 milioi gehiago irabaziko ditu neurria indarrean sartzearekin batera; erabil zitekeen diru hori hezkuntzara edo prebentziora bideratzeko, alkoholismoan eroritako horiei tratamendu hobe bat eskaintzeko».

 

kafea tabernan? Taberna (garagardoa) edateko da!

Eskozian, eta Britainia Handian orokorrean, zakurrak ongi etorriak dira tabernetan, pubetan; ez, ordea, adingabeak. Eguneroko bilgune dira tabernak, ohikoa baita lan-jardunaren osteko pinta. Ohikoa izan daiteke, edo behartua, norberaren ikuspuntuaren arabera.

Izan ere, esan dezake batek aisia tabernan igarotzera behartua dagoela. Eguraldia etsai, aterpe gune bakarrak dira, kafetegiek arratsaldeko 17.00etan –16.00etan negu gorrian– ixten baitituzte ateak. Horrek eskoziarrak tabernaren eta gimnasioaren artean hautatzera daramatza.

Alkoholismoari aurre egiteko edo, supermerkatuko salmentan ere ‘mugak’ daude Eskozian: ezin da alkoholik erosi tabernatik kanpo gaueko 22.00etatik aurrera. Beste irakurketa bat eginez, tabernara jotzeko arrazoi bat gehiago izan daiteke.

Eta tabernak taberna dira, tabernak edateko dira. Apenas aurki daiteke kafe bat Eskoziako ohiko taberna batean, ez bada zentroan dagoena eta turistak hartzen dituena. Tabernan garagardoa –edo whiskia– edaten da, eta zuzeneko folk musikarekin girotua bada, hobeto. Eta garagardo bat pinta bat da, hots, 0,5 litro. Dena alkoholismoaren aurka, baina alkoholarekin.