2018/06/09

Amaia Urrejola
Sexologoa eta psikologoa Euskal Herriko Sexu Heziketa Eskolan
Emakumeen ahalduntzea sexuala izango da edo ez da izango

Emakumeak, eskubideak ditugun subjektu gisa, aurkikuntza ilustratua gara, XVIII. mendera arte gizonen ondare besterik ez ginen, gizonaren ama, alaba, arreba, emaztea, maitalea, puta… Hau da, gizonaren zeozer. Emakumeak pertsona bezala kontsideratzea mugimendu feministaren lehendabiziko garaipena izan zen; era berean, emakumeok sexualitate propioa dugula ere onartzea lortu zuen XX. mendean. Ordura arte, gizonari plazera emateko makina izatera eta gizonaren seme-alabak erditzeko inkubagailu soil izatera kondenatuak geunden. XXI. mendean, Estatu mailan eta legearen aurrean, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortu genuen, eskubide, aukera eta betebeharrei dagokienez, beste behin, mugimendu feministari esker. Hala ere, La Manada-ren kasuarekin, kontsiderazioa eta onarpena literatura hutsean gelditu direla ikusi dugu, tratamenduan inoiz baino ageriago gelditu delako “berdintasunaren ilusioaren” menpe eta bortxaketaren kulturan bizi garela.

Berdintasun formala ez da berdintasun erreala; aldi berean, sexualitate femeninoa, egun, ez da propioa eta sexualitate maskulinora egokitzeko hezten gaituzte. Beraz, gizarte patriarkal eta androzentrista honetan, bi pertsonaren artean sexu harreman bat egoteko bien partetik oinarrizko osagaiak (gorputza-gozamena-atrakzioa) eta joko arauak (komunikazioa-adostasuna-errespetua) eskatu beharrean, soilik alderdi bakarra aintzat hartzen da. Ondorioz, badirudi, sexu harremanak bi pertsonaren artean eta elkarrekin egiten den zerbait izan beharrean, zehazki gizonak emakumeari egiten dion zeozer dela, gizonen identitate aktiboaren eta emakumeen identitate pasiboaren ideia faltsua eta estereotipatua mantenduz eta baimenaren inguruko teoria zentzugabea legitimatuz.

Boto partikularra eman duen epaileak bortxaketaren bideoan «zalaparta» eta «gozamena» ikusi dituela baieztatu du. Honen arabera, bost mutilen gozamenarekin nahikoa baita demostratzeko sexu harremana egon zela eta kontrakoa salatzen duen emakumeak delitu baten biktima dela frogatu behar du, ondradua eta duina dela justifikatuz. Horrek argi erakusten du emakumeok bigarren mailako gizakiak izaten jarraitzen dugula, Simone de Beauvoirrek esan bezala, besteak gara eta gure artean mailak omen daude: santuak eta emagalduak (“emakume galduak”). Egun, ama izanik santuak izatera irits gaitezke, baina, ama ez garen bitartean, une oro emagalduak ez garela demostratzen aritu behar dugu. Gazteleraz esaten den bezala “de puta (a) madre”, ama izan arte edo ama ez naizen bitartean emagaldua izan naiteke, beraz, ohorea gordetzeko modu bakarra neure burua birjina mantentzea da.

Funtsean, sexu harremanei dagokionez, emakumeok arimagabeko panpina bezala jokatu behar dugu, ostera, emagalduak gara eta ez dugu ez ahotsik ezta eskubiderik ere. Hortaz, emagalduak ezin dira bortxatu pertsonak ez direlako. Emakumeen askatasuna sexu askatasunarekin lotzeko momentua iritsi da, emakumeen ahalduntzea sexuala izango baita edo ez da izango. Horretarako, esku artean dugun baliabide boteretsuena sexu hezkuntza da. Heldu da garaia emakumeok gure gorputzaren eta sexualitatearen jabe sentitzeko eta bizitzeko, inolako zigorrik eta epairik sufritu gabe. •