2018/06/09

Koldo Sagasti
... eta udaberriak badarrai

Nonbait entzun nuen lore guztiak erauzita ere ezin dela udaberria desagerrarazi. Halaxe da. Nicolas Copernico izan zen, 1543an, bere teoria heliozentrikoan lurra eguzkiaren inguruan biraka dabilela esaten lehendabizikoa. Eta argizagiaren inguruko bidaia horren emaitza dira urtaroak. Astronomoaren postulatuak biltzen zituen liburua idazki debekatuen zerrenda beltzean sartu zuen orduko elizak. Baina zientzialariaren ideia iraultzaileak galaraziagatik, ia bost mende geroago badugu udaberria.

Miguel Servet izan zen, 1546an, mendebalde kristauan lehen aldiz odol zirkulazioaren teoria azaldu zuena. Garaiko elizak, baina, sutan erreta hiltzera zigortu zuen bere ausardiagatik. Alferrik saiatu ziren betiereko sugarrez bere ideiak isilarazten, mendez mende odolak gure zainetatik zirkulatzen jarraitu baitu.

Gaurko garaiak ere ez dira askoz hobeak pentsamendu hegemonikotik ateratzen direnentzat. Beti izan dira eta izango dira euren iritziekin mindu behar ez zituzten sentsibilitateak mintzeagatik zigortutako pentsalari kritikoak; direla raperoak, direla aktoreak, direla sare sozialetako iritzigileak. Inkisizioaren atzaparkada pairatu duen azkenetakoa Evaristo Paramos izan da, belaunaldi erreboltari oso baten soinu bandaren egilea. Kontzertu bat bukatutakoan atzeman zuen guardia zibilak, ustez, irainduta sentitu zirelako aguraindarraren letrekin. Baina alferrik ari dira, haren kantetako hitzek gure zainetatik zirkulatzen jarraitzen dutelako. Saiatu daitezke ahots disidente guztiak isilarazten, baina nekez desagerraraziko dute disidentzia, udaberria bezain tematia baita. •