2018/06/09

Ula Iruretagoiena Busturia - @ulissima5
Arkitektoa
Lurraldeko biztanleria

Gauza jakina den esaldi batekin hasiko naiz: herrialde bat bertako jende-multzoak osatzen du. «Jende» hitzaren orokortasunaren aurrean gu ez garena izendatzeko erabili ohi dugun deitura abstraktua dena, bide batez «biztanleria» hitza aukeratzen dugunean, pertsonak leku batean geoerreferentziatzen ari gara. Eta “biztanle” ideiaz baliatzen gara lurralde baten erradiografia bistaratzeko garaian. Biztanleak zenbatzen ditugu eta taularatzen ditugu: zer jaten duten, non egiten dituzten erosketak, zer adin duten, nolako familia osaera duten, zer lan-baldintzetan diharduten, zer garraiobiderekin mugitzea erabakitzen duten, zer ikasten duten... Biztanleria datuetara eramateak –lurraldearen big data gisa—unean uneko giza joerak eta espazio-gertakizunen larritasun maila kuantifikatzea eta azaleratzea posible egiten du. Esaterako, lurralde bateko emakumeen biztanleria aktiboa %15 denean diogunean, datuek hitz egiteko gaitasuna hartzen dute.

Bistan den bigarren baieztapen batekin jarraituko dut: lurralde bateko biztanleria mugitu egiten da. Desplazamenduak herrialde baten barnekoak izan daitezke (Mundakatik Iruñera bizitzera joatea) edota herrialdeen artekoak (Arrasatetik Hanburgora). Lurraldeak zeharkatzen dituzten biztanleria mugimenduak ez dira gertakizun berria; garai bakoitzeko fenomeno ekonomiko eta sozialek –gerrateak, bizitza hobeago bat lortzeko desioa– herritarrak leku batera edo bestera erakarriko dituzte. Migrazio mugimenduak eta biztanleriaren egitura eraldaketak eta desorekak hain daude prozesu urbanoekin lotuak, ezen hirigintzaren historia biztanleria-egitura aldaketek azaltzen duten. Hori esanda ere, azken hamarkadan gertatutako hiri-fenomenoek beste ildo bat hartu dute, ez baitiete biztanleriaren mugimenduei erantzuten, higiezinen merkatuek ezartzen dituzten segregazio interesei baizik.

Herritarrek jaio diren lekuan bizitza osoa igarotzea gero eta arrotzagoa da, mugitzeko erraztasunak, aukerak eta beharrak areagotu egin direlako. Mugitzeko aukera –teknologikoa– XXI. mendeko gizartearen ezaugarrietako bat bilakatu bada ere, mugitzeko aukerak mugatu egin dira estatu-nazioak sortu zirenetik. Izan turista edo migrante, estatuen artean mugitzeko aukera arras ezberdina da-eta. Santiago Alba Ricok dioen moduan, dirua, datuak eta merkantziak zirkulazio librean mugitzeko bitartekoak garatu ditugun bitartean, indibiduoen mugimenduei aurre egiteko hormak eraikitzen ari gara. Estatuak hartu du erabakitzeko eskubidea, eta berak zehazten du zein gorputz desplazatu daitekeen bere lurraldetik zehar.

Hortaz, gizarte migrantea garenez geroztik, herrialde baten jende-multzoaren osaera jatorri heterogeneoarekin konposatu eta identitatearen definizio konplexuago bat eraiki beharko dugu, kohesio soziala lurraldearen estrategia agendan lehen mailako gaitzat jotzearekin batera. •