Xabier Izaga Gonzalez
UMEEN EUSKAL JAIA

Aro berriko bigarren jaialdia egingo da gaur Gasteizen Jare taldearen eskutik

Hainbat lekutan ospatzen duten Umeen Euskal Jaia Gasteizen ez zuten 1975. urtetik egiten. Iaz, Jare dantza taldeak, «aurrekoek utzitako kultur ondareak bizirik» dirauenez, aro berriko lehen edizioa antolatu zuen. Gaur da bigarrena, Arabako hiriburuko plazetan Euskal Herri osoko dantzari txikiak ikusteko aukera, alegia.

Umeen euskal jaiak, Euskal Herriko hiri eta herrietako kale eta plazak dantzari txikiz betetzen zituztenak, 60ko hamarkadan hasi ziren, eta, frankismo ondorenerako, izugarri ugaritu ziren. Zarautzen, 1964. urtean Euskal Astea sortu zen, irailaren 9ko Euskal Jaiari Umeen Euskal Jaia lotu ziotenean, Manolo Urbieta, nola ez, sortzaileen artean zela. Hainbat lekutan ume dantzarien festa hori ospatzen jarraitzen dute, hala nola Sestaon, Mutrikun, Durangon... Hain zuzen ere, ezpata-dantzaren hiriburuan, 51. edizioa ospatu zuten iaz. Gasteizen ere duela ia bost hamarkada hasi zen Manuel lradier Txangolari Elkartea Umeen Euskal Jaia antolatzen, baina 1975ekoa izan zen garai hartako azkena, besteak beste, 1976ko martxoaren 3ko sarraskiak eten zuelako.

Manuel Iradier Elkartean du egoitza Jare dantza taldeak, eta duela urte bi Hego Euskal Herriko bost dantza talde bildu eta Arabako hiriburuan Umeen Euskal Jaia berpizteko aukera aztertu zuen. Aukera hari heldu zion iaz.

“Haurrak ikas zazue” herri kantuaren hitzak lelo hartuta, egitarau zabalago bat prestatu eta bigarren aroko Gasteizko lehen Umeen Euskal Jaia egin zuten Euskal Herri osoko bederatzi taldek. «Gasteizko azken Umeen Euskal Jaia ospatu zenean, duela zenbait hamarkada, hiri honetako haur gehien-gehienek ez zuten euskaraz ikasteko aukerarik. Gaur egun gehien-gehienek badakite euskaraz, batzuk pilotan ez dira makalak eta haietako asko dantzan ere trebeak dira, gaur erakutsiko duten bezala», zioten jaiaren aurkezpenean. Eta aurreko belaunaldiek egin zuten lana aitortu zuten: «Urte asko joan dira, baina aurrekoek utzitako kultur ondareak bizirik dirau, laino guztien gainetik, sasi guztien azpitik».

Aro berriko bigarrena

Gaur aro berriko bigarren Umeen Euskal Jaiari ekingo diote, lehenengoaren espiritu berari eutsita: «Ordukoek oztopo handiak topatu zituzten, baina handiagoa zen euren gogoa, ilusioa eta herri kulturarekiko maitasuna. Horixe da, besteak beste, haien ondarea, eta gogo, ilusio eta maitasun berberekin datoz ezinbestean dantzari gaztetxo hauek gaur euskal kulturaren jai honetara».

Goizean goiz, 10:30ean, talde guztiak Plaza Berrira bilduko dira, eta, hiriko plazetan zehar dantzatu ondoren, 13:00etan, denen alardea izango da Andre Maria Zuriaren plazan. Arratsaldean ere alardea egingo dute Foru plazan, 17:30en.

Arabako zortzi taldek parte hartuko dute: Gasteizko Adurtza, Udal Folklore Akademia, Indarra eta Jare, Lasarteko Olabide, Amurrioko Aiara, Zuiako Dantzariak eta Urkabustaizko Triskari. Horiekin batera, Gernikako Elai Alai, Pasai Antxoko Alkartasuna, Donibane Lohizuneko Begiraleak eta Orkoiengo Baietz taldea ere izango dira. Hori horrela, 350 ume inguru izango dira guztira Gasteizko plazetan saltoka eta sigi-sagaka beren konposizio koloretsuak erakusten.

Iazko Umeen Euskal Jaiak izan zuen arrakastak ez zien zalantzarako tarterik utzi antolatzaileei eta argi zuten aurrera egin beharra zeukatela. «Bigarren honen arrakastak hirugarren bat antolatzera behartu gaitzala!», diote.