2018/06/16

Erreportajea
KALAMUA, URRE BERDEA
Marihuanaren geopolitika: Trumpen zain AEBak, Txina da superpotentzia berria

Estatuaren bultzadarekin eta kalamu tradizio luzea akuilu, ohi bezala isil-isilik eta handira pentsatuz eta ekinez, Txina bilakatu da urre berdearen superbotere berria. AEBek ez dute, baina, geopolitikoa den lehian atzera geratu nahi. Trumpek seinale argiak bidali ditu eta kalamuaren debekua historiara pasa liteke aurki.

Mikel Zubimendi Berastegi
Urreberdeabat

Errusiako mugaren ondoan dagoen Heilongjiang probintziako Hexin herrian bizi den nekazari baten lekukotzarekin abiatuko dugu kalamuaren geopolitikaz jardun nahi duen artikulu hau. Nekazariak kalamua landatu eta legalki hazten du. Zurtoina ehungintzari saltzen dio kalitate handiko arropak egiteko, hostoak industria farmazeutikoari medikamentuak egiteko eta haziak elikagai konpainiei, zizka-mizkak, kozinatzeko olioa eta edariak egiteko. Harentzat, kalamua urre berdea da: den-dena da mozkina. Buruan honako kalkulua egiten du etengabe nekazariak: soroko hektareak artoa landatzeko erabiliko balitu, askoz ere errentagarritasun txikiagoa izango luke. Eta, gainera, artoarekin alderatuz gero, kalamuak ur gutxiago behar du eta etsai natural gutxiago ditu; pestizida garestietan dirua gastatu beharrik ez du, hortaz.

Txinako iparraldeko Heilongjiang eskualdeko klima ia artikoa da. Eta hala ere, hori da Txinako kalamu laborantza legalaren gune handienetakoa. Ez da, baina, bakarra. Hegoaldeko Yunnan eskualde subtropikalean ere indar handia du kalamuak. Eskualdeko agintariek ezikusiarena egiten zuten bertan betidanik kalamuaren laborantzaren aurrean; legala izan ez arren, ez zuten zigortzen. Iaztik, baina, legalizatu eta arautu egin dute. Eta Txinak beti egiten duen eran, handira pentsatuz eta ekinez egin dute; bi eskualdeok komertziorako kalamu legalaren munduko laborantza eremuen erdia baino gehiago dituzte.

Ez da kasualitatea. Izan ere, gobernuaren laguntzarekin eta Txinak kalamuarekin duen tradizio luzea akuilu, ohi bezala, isil-isilik, landare honen produkzioan eta ikerketaren superbotere bilakatu da Asiako erraldoia. Hazkunde hori, hein handi batean, erabilera militarretarako zientzialariek egindako ikerketak izan ditu oinarri (medikamentuak egiteko, uniformeak egiteko…).

Txinako Armadaren bultzada

Mendeetan landatu da kalamua Txinan, batez ere landarearen zuntz indartsuengatik, sokak, oihala eta papera egiteko oso erabilgarria zelako. Duela 3.500 urteko Shang dinastiaren hilobietan kalamuz egindako oihalak topatu dira. Txinan sortutako paperaren lehen formatan ere aurki daitezke eta kalamu zuntzak. Kalamu hostoak eta haziak, aldiz, Txinako medikuntza tradizionalean oso erabiliak izan dira betidanik.

Txinako Herri Errepublika ezarri ondoren, Alderdi Komunistak gogor zigortu zuen kalamua, baina, praktikan, ohikoa izan da THC kontzentrazio baxuko kalamua landatzen zuten nekazarien aurrean ezikusiarena egitea –Cannabis sativa landarearen barietate ezberdinak kalamuaren osagai psikotropikoa den tetrahidrokanabinol (THC) kontzentrazioak ezberdintzen ditu; kalamuak kanabinola (CBD) ere badu, epilepsia eta Parkinsona tratatzeko erabili ohi den osagai ez psikoaktiboa–. 1970eko hamarkadan hasi zen Txinan gobernuak agindu eta ordaindutako kalamuaren ikerketa, herrialdeak Vietnamen kontrako gerra abiatu zuenean. Armadak Vietnamgo hezetasunari aurre eginez soldaduak garbi eta siku mantentzeko oihal bat garatu nahi zuen, eta, kalamuak, bakterien kontrakoak eta transpiragarriak ziren zuntzak eskaintzen zituen.

Hamarkadetan zehar armadaren esanetara aritutako ikertzaileek garatutako espezie hibridoak ez zuten soilik bizirik irautea lortu, Txinako ingurune ezberdinetan aurrera egitea ere lortu zuten. Hala nola, aipatu Heilongjiang probintzia izoztuan, Gobiko basamortuan edo Yunnan eskualdeko oihan subtropikaletan.

Orduan abiatu ikerketen emaitzak bistakoak dira gaur egun. Datua ezin argigarriagoa da: Jabego Intelektualaren Mundu Erakundearen arabera, Cannabis sativa landarearekin zerikusia duten munduko 600 patenteetatik erdia baino gehiago dira Txinakoak. Eta horrek asko kezkatzen du Mendebaldeko industri farmazeutikoa. Batez ere Txinako industria patenteen lasterketan abantaila handia hartzen ari delako. Horra marihuanaren geopolitikaren beste aurpegi bat: marihuana Mendebaldeko medikuntzan gero eta onartuago dagoela kontuan hartuz, eta zientzia farmazeutikoetako patenteetan txinatarrek duten nagusitasuna hain handia izanik, ba mendebaldar itxura, edo mozorroa, hartu lezakeen txinatar medikuntza gure artean luzerako geratzeko izan dezakegu gure herriko edozein osasun etxetan eskuragarri.

Dena salgarri, dena mozkin

Tan Xin Pekineko Hemp Investing Group enpresako nagusia da, hau da, kalamuaren erabilera farmazeutiko komertzialaren aldeko Txinako talde handienaren burua. Adierazi berri duenez, Armadarekin eskuz esku ari dira lanean kalamuaren gainean Txinak pilatutako jakintza, teknologia eta produktuak munduan zehar zabaltzeko. Besteak beste, gerretatik bueltan soldaduek ohikoa duten estresaren kontrako farmakoa landu dute elkarrekin; azken entsegu klinikoetan dira, eta, jada, emaitza merkaturatzear dira. Tan Xinen kalkuluen arabera, datozen bost urteetan, marihuanaren industriaren negozio bolumena 150.000 milioi euro handituko da Txinan.

Hemp Investing Group taldeak bulego ugari ditu AEBetan. Kanada, Israel, Japonia eta Europan ere laster zabaltzekoak ditu egoitza berriak. Are, eta hona hemen urre berdearen geopolitikaren beste zantzu bat, Txinaren “Gerriko bat, Bide bat” azpiegitura ekimen erraldoiaren baitan, kalamuaren inguruko txinatar jakintza eta teknologia beste herrialdeetara zabaltzeko eskaintza egiten ari dira.

Arestian aipatutako Heilongjiang probintziako gure nekazaria, kalamu soroetan traktorea hartuta eguna pasatu ondoren, etxeratu da afaltzeko. Kalamu haziekin egindako usain gozo eta gustu oso oneko olioarekin prestatu dio afaria emazteak. Ez da lehen aldia izango afal ostean zorabiatu xamar sentitzen dela. Ez, ez da askotan hartzera ausartzen. Era berean, etxalde ondoko nekazari lagunak kalamuaren haziak, pipak bailiran zizka-mizka bezala jateko eraman ditu afaltzeko. Ez dira inondik ere kaltegarriak. Ez. Aitzitik, zerritik bezala, kalamutik ere dena aprobetxatzen da. Dena du salgarri eta mozkin.

Trumpen argi berdea

Munduko beste superpotentziari begiratuta, AEBetan kalamuaren inguruko giroa oso azkar aldatzen ari dela esan behar da. Horren erakusle, estatu eta herri mailan marihuana legeztatzeko ekimenak aurrera atera dira azken urteetan. Aldiz, maila federalean nahiko izoztuta egon da kontua, bereziki Donald Trump presidenteak Jeff Sessions kalamuaren debekatzaile porrokatua fiskal nagusi izendatu zuenetik. Honek, Obamak tokian tokiko marihuana industriei emandako babesak deuseztatzeari ere ekin zion.

Berriki, baina, Senatuko buru Mitch McDonell errepublikano kontserbadoreak, marihuanaren legalizazioaren kontra izanagatik, kalamuaren landaketa eta produkzioa legalizatzeko deia egin du. Nekazarientzat oso onuragarria litzatekeelako, eta ez bakarrik bere estatua den Kentuckykoentzat.

Mitch McDonellek, azken finean, estatu bakoitzak marihuanaren politika propioa garatzeko eskubidearen berme federala eskatu du, eta Donald Trump presidenteak ez du kontrako iritzirik adierazi. Gai honetan eskua ez sartzea erabaki du, politikari bide ematea; horren erakusle, argi berdea eman dio marihuanaren inguruan AEBetako Kongresuan inoiz abiatutako ekimen legegile esanguratsuenari. Bestalde, beste seinale indartsu bat ere nabarmen daiteke: aho batez onartu berri dute Senatuan kalamuaren “balio ekonomikoa” eta “esanahi historikoa” aitortzen dituen ebazpen ez loteslea.

AEBetako “aita fundatzaile” askok kalamua landatzen zuten. Are, konstituzioa eta independentzia aldarrikapenaren zirriborro batzuk kalamu paperean idatzi zituzten. Bestalde, Bigarren Mundu Gerran AEBetako Nekazaritza Departamenduak “Garaipenerako kalamua” pelikula ekoitzi zuen, eta, bere interes militarraren jakitun, kalamua landatzea bultzatu zuen. Gaur egun, arropa, paper, janari eta bioerregaiak ekologikoki eta ekonomikoki erakargarria izan daitekeen lehengaia da. Bere haziak proteina iturri ona dira, beganoen artean oso popularrak. Eraikuntzarako material gisa ere erabilia da, edo goi mailako atletentzako elastiko transpiragarriak egiteko.

Kontuak kontu, Trumpek adierazpen argigarriak egin ditu. Ez duela marihuanaren industrian eskurik sartuko esan du, eta bere fiskal nagusi Jeff Sessionsen drogen kontrako gurutzadaren ildoarekin ez duela bat egingo. Horrek argi erakusten du kalamuaren geopolitikan AEBak posizio berri bat hartu nahi dutela.

Kapitala kalamuarentzat

Orain arte, kalamua legalizatu duten estatuetako industriak zaila, oztopoz beterikoa zuen kapitala eta kredituak eskuratzea. Izan ere, AEBetako legedi federal debekatzaileak sortutako arazo pila batekin aurkitzen ziren. Gauza jakina da, noski, AEBetako legedia aurka izanik, zaila dela oso edozein arlotan aurrera egitea.

Aipatu seinale guztiokin eta Trumpek hartutako jarrera berriarekin, ikuskizun dago orain ea kalamuaren geopolitikan egoera orekatuko duten ala ez AEBek, marihuana industria turismoaren eta entretenimenduko sektorearen parte bilakatuko den, dagoeneko Kalifornian onartutako legalizazioa online zabalduko den ala ez... Goiz da oraindik jakiteko. Baina Trumpek hori lortzeko aukera zabaldu duela begi bistakoa da.

Trumpen argi berdea aurreratuz, AEBetako Senatuak aho batez onartu berri du kalamuaren «balio ekonomikoa» eta «esanahi historikoa» aitortzen dituen ebazpen ez loteslea

Txinak garatutako kalamu espezie hibridoek, bizirik irauteaz gain, ingurune ezberdinetan egin dute aurrera, ingurune izoztuetan, Gobiko basamortuan zein oihan subtropikaletan