Juantxo EGAÑA

«Plencia» baporea, Pasaiako portuan hondora

1919ko otsailaren 18ko goizaldeko lau eta erdiak aldera, «Antonio», Pasaiako kai zaharrean porturatuta zegoen 650 tonako baporea, hondoratzen hasi zen. Guardia egiten ari zen marinelak alerta jo eta karabineroak jakinaren gainean jarri zituen. Ontzia salbatzeko ezer egiterik ez zegoela ikusita, tripulatzaileek lurrera salto egin zuten eta baporea hondoratzen ikusi zuten. Azketa konpainia armadorearena, baporea Dunkerquera abiatzeko prest zegoen, 400 upel ardo zeramatzala. Sotoan zegoen kargamentu guztia galdu egin zen. Egun batzuk lehenago, «Plencia» izeneko beste bapore bat hondoratu zen Pasaiako portuan, almidoi eta ardo kargamentu batekin abiatzeko prest zegoela. Argazkian, ontzia berriz flotarazten saiatzen ari diren unea jasotzen da. Donostiako Hondarribia kaleko Carte etxeko Ricardo Martinek egin zuen argazkia.