Gorka Zozaia - @zotz_
Kimikaria

Dantzarik ez bada

Dantzarik ez bazen ez zela bere iraultza ei zioen Emma Goldmanek. Oso polit gelditzen da halako esaldi batekin artikulua hastea zita Goldmanena denik eta bere obra bera ezagutu gabe. Are politago, dantzaren aldarria egitea, gehienok praktika hori ordu txikitan gorputza konbultsiboki mugitzera mugatzen dugunean. Gaurkoan, beharbada eta suerte pixka batekin pasa berri den udako solstizioa San Juan egunaren bezperarekin ospatzen ari garelarik, dantzaren bat egingo dugu suaren inguruan. Eguzkia puntu gorenera heldu dela ospatzeko, edo, beste barik, behingoagatik irten dela-eta, alaitasun batek gure gorputza hartu duelako.

Era batera edo bestera, nahi baino gutxiago dakigu askok dantzaz, eta, denboraldia hasi berri, gogora datorkigu trikitixa dantzatu nahiko genukeela edozein herritako jaixetan. Deustuko Erriberan zorteko gaude, ekainean erritmo eta konpas eskolak hasi berri baitira auzorako berreskuratu den Bizinahi eraikinean. Gorputzarekin izandako lehen esperientzia interesgarri bezain labur honek gaiaren inguruan irakurtzera eraman nau.

Euskal Wikipedian jasotzen denez, “erritmoa” simetria esan gura duen antzinako grezierako rhythmos hitzetik dator eta elementu sendo eta ahulen segida erregularrez osaturiko mugimendua da. “Konpasa”, berriz, musika lan bat erregularki banatzeko banako gisa hartzen den neurria da, pentagraman lerro bertikalez adierazten dena. Konpas batek duen neurri kopuruak eta konpas bakoitza adierazteko erabiltzen diren noten balio zehatzak konpasaren metroa edo aldia mugatzen dute. Oinarrizko konpasak bitarrak edo hirutarrak dira, ohituraz laukoa ere jasotzen delarik, azken horren oinarria bitarra izan arren –logikoa denez, zenbaki lehenek ezartzen ahal dute oinarri berri bat–. Badira konpas irregularrak ere, besteak beste, gurean hain sonatua den zortzikoa. Kasu guztietan lehen zatia da konpasaren zati sendoa eta “lurra” deitzen zaio. Konpas batean gertatzen den segida erregularra hausten denean sinkopa gertatzen da.

Bihotz taupadek eman bide digute erritmoaren nozioa. Arrazoi garaiotan ez diogu behar besteko arretarik jartzen gorputzari, baina, erreparatuko bagenio, bihotzaren erritmoa bihurrituta dugula antzemango genuke askok, arnasestuka bizi garela, Ondarroako helmugan bezala, topera! Iraultza maratoi bat delako alderaketa maiz erabili izan da eta halaxe uste dut nik ere, norberak bere erritmoa topatu eta berorri eustea bakarrik ez, baizik eta bideaz gozatzea dela erronka; gorputza lurrari akonpasatzea. Horregatik batu nintzen aurrekoan, formazio saio baten atsedenaldian, “herritmoa bizitzeko” dei egiten duen leloa kritikatzera. Batzuetan esprintak behar direla ukatu gabe, gakoa ez baita herri bezala erritmoa bizitzea, modu akonpasatuan aritzea baizik; herria dantzan jartzea, alegia.

Albora ditzagun sinkopak eta bizimodu itogarriak, lurretik eta gorputzetik abia gaitezen, antzeman ditzagun erritmo sostengarriak, adostu ditzagun arnas luzeko konpasak, eta, beharbada, izango dugu dantzatu daitekeen iraultza bat!