Oihane Larretxea de la Granja
GOBERNAEZINAK

Pertsonen artean murgildu eta istorioak bilatu. Urrea dago harritxoen artean

«10 ingobernables: Historias de transgresión y rebeldía» liburuak (Libros del K.O.) hamar pertsonen istorioak biltzen ditu. Mandatu sozialak hautsi eta bizitzan aurrera egiten duten pertsonenak. Iragan gogorrak dituzte; orainak ez dira askoz samurragoak. Baina biktimismotik ihesi, haien «argia eta indarra» jaso du June Fernandezek. Ezberdinak dira hamarrak, baina asko dute amankomunean.

Badira idatzita ez dauden arauak, usteak, gure ekintzak, erabakiak, iritziak modu batekoak edo bestekoak izan behar direla ezartzen dutenak. «Hala izan da beti…». Usadioei lotuta daude. Sexuari. Generoari. Rolei. Tradizioei. Luzea da zerrenda, baina, luzea da, era berean, hori guztia goitik behera botatzeko borroka.

Badira borroka txikiak, isilak. Besteen begien aurretik oharkabean igarotzen direnak. Badira keinu handiak, entzutetsuak. Hedabideetara heltzen direnak. Badira borroka anonimoak eta badira borroka ospetsuak. Denek, ordea, dituzte izen-abizenak. Ematen zaien espazioa da aldatzen dena.

June Fernandez (Bilbo, 1984) kazetariak “El País” egunkarian eman zituen lehen urratsak, baina ondoren egin dituen lanek beste paraje eta gai batzuetara eraman dute. Gaur egun, hedabide ezberdinetan kolaboratzeaz gain, Pikara Magazineko sustatzaile eta koordinatzailetako bat da Fernandez. Bereziki Hego Amerikara egin dituen bidaietan topatu ditu altxorrak: egiazko istorioak. Pertsonek bizi dituzten istorioak. Bizitza errealak dira guztiak.

Genero perspektiba duen kazetaritza landu eta defendatzen du Fernandezek, ez du besterik ulertzen, eta, onartzen duenez, «tabuak» haustea gustatzen zaio. Hausnarketa sustatu, probokatu eta «sektarismoak hautsi». Oinarri horiek ardatz, liburu bat idatzi eta argitaratu du: “10 ingobernables. Historias de transgresión y rebeldía”, Libros del K.O. argitaletxearen eskutik. Eta Susanna Martin ilustratzailearen irudi ederrei esker jartzen diegu aurpegia eta izaera protagonistei. Eta horren harira, hain zuzen ere, hartu du parte “Ikuspuntua da koska” Nazioarteko Genero Kazetaritza zikloan, Donostiako Udaleko Lankidetza taldeak eta San Telmo Museoak antolatu dutena.

Mandatuak desobeditzen

Hamar pertsonaren istorioak bildu ditu Fernandezek. Bost Estatu espainiarrean daude kokatuta, beste bost Hego Amerikan. Anitzak dira pertsonon bizipenak. Deigarriak. Gogorrak. Baina Junek argia eman die, biktimismoari izkin eginez. Ezberdinak dira hamar protagonistok euren artean, eta, aldi berean, asko dute amankomunean. «Guztiek desobeditzen dituzte, gutxi gorabehera era kontzientean, mandatu sozialak». Kasu gehienetan, «baina ez beti», generoarekin, gorputzarekin edo sexualitatearekin zerikusia duten mandatuak dira. Liburuan gai asko lantzen dira: sexu aniztasunaz hitz egiten da, gorputzaz, edertasun arauez, baina baita duintasunez hiltzeko eskubideaz, herri indigenen eskubideez… ere.

Irina da lehen protagonista. «Epikoena da, eta gehien harritzen duena». Julio Bilboko baratxuri saltzailea da beste protagonistetako bat. «Maritxua da, ez gay edo homosexuala», azpimarratu du Fernandezek. Bere burua maritxu bezala deskribatzen du. Azokara doa egunero eta 86 urte ditu, eta ez da inoiz armairutik atera ez delako inoiz barruan gorde. Ezta frankismoan ere.

Kapitulu batzuk aurrerago Galiziako herri txiki bateko emakume talde bat dago. Bugalliña izeneko joko tradizionalean jokatzen duten bakarrak dira. Desagertzear da euren denbora-pasa. «Bitxia egin zitzaidan hori ere beste urratze bat delako. Igandero elkartzen dira. Partida horrek duen balioa interesatzen zitzaidan. Ondare kulturala zaintzea, jokatzeko espazioa aldarrikatzea…». Herriko botere faktikoei ere aurre egin behar izan diete emakumeok: apaizari eta alkateari. Euria egiten duenean elizan jokatzen dutenez, lehenak argindarra kobratu nahi zien. Irudikatzearren, petanka eta puxtarriak uztartzen dituen jokoa da; lurra eta zulo bat behar dituzte. Udalak aparkaleku bat eraiki zuen haiek erabiltzen duten lurzoruan. Beren espazioa loreontziekin inguratuz defendatu zuten.

Alderdi komunitarioak indar handia du istorio guztietan. Generoarekin zerikusia duten mandatuak hausten dituzte. Badira lodi diren emakumeak eta ez aldatzea erabaki dutenak, edo gaixotasun kronikoa izan eta gurpildun aulkian bizi den beste bat. «Ia kasu guztietan jasan duten biolentzia bera da, eta familiaren baitan sufritutakoak ere antza du», kontatu du.

«Nicole Santamaria emakume intersexuala da. Sexu-organo anbiguoekin jaio zen. Bere aitak tortura fisikoak egin zizkion, ez zuelako onartzen semearen gorputza denborarekin feminizatzen joatea». Lodiek, adibidez, ez lukete tratu txarrez hitz egingo, baina zure amak esatea «zein eder zinatekeen argal izango bazina» edo «kontuz zure bikotekidearekin, emakume argal bat ezagutzen badu…» bada jazarpena. Elkar errekonozitzen diote ezarrita dauden ereduetan ez bizitzeagatik jasaten duten birrinketa.

Aktibismoa giltzarri

Arreta hori guztia gainditzeko baliatutako prozesu eta estrategietan jarri du kazetari bilbotarrak. Kasu gehienak oso gogorrak dira, eta, kasu askotan, aktibismoa izan da egoera gainditzen lagundu dien giltzarria.

Nicole LGTBI aktibista da, El Salvadorrekoa. Sexu abusuak eta tratu txarrak jasan ditu. Zentsurarik gabe azaltzen du nolakoak diren bere gorputza eta genitalak. Ama izan daitekeen edo ez azaltzen du, nolakoa izan den bere prozesua… «Hitzaldietan hori guztia azaltzea da besteei laguntzeko duen modua. Besteek ez dezatela egoera berak bizi izan duen bezala bizi: lotsaz eta isiltasunean. Inork ez zion azaldu zergatik den horrela, bere kabuz deskubritu zuen, pixkanaka», azaldu du.

Doña Sebastiana ere barruraino heldu zitzaion Juneri. 63 urteko lider indigena maia da. Guatemalan ezagutu zuten elkar. 13 urterekin, ezkontzera derrigortu zuten. Geroztik senarra duena ere derrigortu egin zuten. Biak ala biak ez ziren zoriontsu, eta gizonak emakumea hasieratik jipoitu zuen. Hamarkada luzez. 13 seme-alaba izan zituzten eta erdiak hil egin ziren. Landa eremu oso txiroan bizi ziren. «Salbatu egin zen laguntza eskatu zuelako emakume alargunen eta gerran gizona desagertu zitzaien emakumeen elkartean», oroitu du kazetariak. Doña Sebastiana nolakoa den ikus daiteke alboan Susanna Martinen irudiari esker.

Aktibismoak lagundu du Doña Sebastiana. Urteak daramatza bortxa eta indarkeriapean bizi diren emakumeak laguntzen. Ez daki ez irakurtzen ez idazten, baina epaiketetan polizia, epaile eta politikariei aurre egiten die. «Emakumeak etxean hartzen ditu eta lehenik te bat ematen die, lasaitu eta ireki daitezen. Zein ezberdinak diren interbentzio prozesuak herrialde batean eta bestean, ezta? Zein ezberdina zuzenean poliziaren ateak jotzea…», hausnartu du kazetariak.

30 urtez jasan du indarkeria Doña Sebastianak. «Elkarrizketa egiten ari nintzela, une batean galdetu nion nola izan zen senarrarengandik banatzea –gogoratu du Fernandezek–. ‘Ez, ez, ni ez naiz banandu. Elkarrekin bizi gara’, esan zidan. Oso europartxo sentitu nintzen, ‘banandu eta salatu’ ereduak erabat baldintzatuta», onartu du. Liburua idaztea oso aberasgarri suertatu zaio, hain justu ideia batzuk eraitsi dituelako kazetariak berak ere.

«Ez du bere senarra maite, eta ez du barkatzen, baina bere testuinguruan ezin du banatu. Logela ezberdinetan bizi dira. Kontatzen zidan nola gelditzen den senarra berak hegazkina hartzen duenean Europara joateko bere bizitza kontatzera… Izugarria da».

Geografiaren baldintzapean

Pertsona batzuk elkarrizketatu aurretik haiekin lotura afektibo bat bazegoen. Antar da horietako bat. Madrildarra, mutil transgeneroa da. Harreman bat izan zutela kontatu du Fernandezek. «Bere burua emakume lesbiana gisa asumituz hezi zen. Gaur egun 40 urte pasatxo ditu eta gaztea zenean transexualitate maskulinoa ezezaguna zen. Gero ohartu zen maskulino sentitzen zela, baina ez gizon, eta gainera ez du bere gorputza aldatzeko beharrik sentitzen hala bizitzeko. Bularrek ez diote enbarazurik egiten, ez du hormonatu nahi eta ez du bizarrik behar gizon sentitzeko». Hirugarren genero baten borroka edo binarismoarekin hausteko erronka.

«Estatu espainiarrean genero identitatearen errekonozimendu legala badago, baina, norberak erabaki eta definitu beharrean, bi urteko hormonazio prozesu bat eta terapia psikiatrikoa egin behar ditu».

Espazio geografikoak, dudarik gabe, prozesuak nola bizi dituzten baldintzatzen du. Juanita Nikaraguako transexuala da. Oso aktiboa mugimendu feministan, beretzat emozionalki sostengaezina zen transexual bezala bizitzea: eraso basatiak jasan ostean, identitate maskulinoa hartzea erabakiko du. Ilea moztuko du, bizarra utziko du eta modu maskulinoan jantziko da. Juan Carlos izena berreskuratuko du, nortasun agirian ageri bezala. «Emakume transexualek traidoretzat dute; feministek, berriz, gizona izanda hauen pribilegioak dituela diote…».

Antar zein Juanita beren «genero identitatea nahi bezala bizi ahal izatearen aldeko borrokan» ari dira, dio Juenek; ordea, Juanita transexualitatea aitortua ez dagoen herrialde batean bizi da. Bere borroka ibilbidea egin ahal izatea zen, hormonak modu seguruan hartu ahal izatea, ebakuntza egin ahal izatea edo nortasun agiria aldatu ahal izatea. Antarren borroka, berriz, «erakustea, Espainian, sexu askatasunaren paradisuan, ustezko lege progresista dagoen lekuan, legea oso maltzurra dela, aldez aurretik bidea zein den definitzen duelako. Bai edo bai hormonak jaso behar dituzu».

Indarkeria dago eremu guztietan, baina maila ezberdinetan gertatzen da. Eta Estatuen inplikazioa ere bestelakoa da.

 

«Ez izateko esan zidaten hori naiz»

«Ez pentsatzeko esan zidaten hori naiz, ez esateko, ez amesteko, ez ausartzeko esan zidaten hori naiz. Ez izateko esan zidaten hori naiz». Joumana Haddad idazle, poeta eta kazetari libanoarraren hitzok errekuperatuz aipatu zuen Fernandezek liburuko protagonistak, bizipenak bizipen, ez direla biktima sentitzen. «Istorio gogorrenek ere balio izan diete ahalduntzeko, egun ‘erresilientzia’ deitzen den hori gauzatzeko».

Direnagatik lotsatu beharrean, harrotasuna sentitu eta beren burua onartu. Liburuko hainbat pertsonak horretarako estrategian bat egin dute: jasotzen dituzten irainak eta jazarpenak bereganatu erasotzailea neutralizatzeko. Joly lodia da eta supermerkatu batean lan egiten du. Bezero bat lapurretan harrapatu zuenean kargu hartu zion. «Isildu zaitez, lodi zikina!», erantzun zion lapurretan ari zenak. «Bai, lodia naiz. Orain esadazu ez dakidan zerbait», erantzun zion Jolyk.

Juanita Marquez Katalunian bizi da eta institutuan zegoenean Joan zuen izena, baina maneratsua zelako Juanita deitzen zioten. Bere lagunek modu maitekorrean ekin zioten hain zuzen Juanita deitzeari, irainari indarra kentzeko. Gaur egun Juanita Marquez deitzen dio bere buruari eta bere maskulinitatea zein feminitatea modu naturalean bizi ditu.

Estrategia hori ezin bikainago azaldu zuen Victoria Santa Cruz afroperutarrak “Beltza esan zidaten!” bideo laburrean –zinez merezi du ikusteak–. Bost urte zituela “beltza!” esan zioten kalean, eta horrek markatu egin zuen urte luzez, bere nortasuna, izaera, arraza ukatzeraino. Prozesu luzea egin zuen horri buelta eman ahal izateko. Gerora, harro, duintasunez, defendatu zuen zena.