Ana Elosegi Serna
Harremanak Hezkuntza Elkarteko kidea

Bizikidetzaren suaren inguruan dantzan

Bizikidetza egitasmoen ondorio kuantitatiboak neurtzea oso zaila da. Ekainean balorazio bilerak eta txostenak izaten ditugu gurean, ikasturteko lanen emaitzak eta prozesuak aztertzeko garaia baitugu udalekin, eskoletako guraso elkarteetako kideekin… Normalean irakasleek asko eskertzen dute egitasmook abian jartzea, beraiei egunerokotasunean jarraibide eta gako batzuk eskaintzen baitizkiete. Bestalde, udaletako ongizate sailak prebentzio arloan ere lan handia egiten ari dira, eta zer esanik ez Gipuzkoako Aldundia arreta goiztiarraren eremuan.

Azkenaldian, tamalez, gurasoengandik jaso izan ditugu mesfidantza gehienak: «Zertarako balio dute egitasmo hauek? Onurak antzematen al dira? Zeini egiten diete mesede?». Horrelako galderak eta kezkak ohikoak dira. Kontsumoan eta kanpo irudian oinarrituta dagoen jendarte batean bizi garenez, dena azkar lortzearren haurrak hiperaktibitatean ohitzen ditugu txikitatik: maila handia exijitzen diegu, baina, aldi berean, beraiekin denbora gutxi partekatzen dugu.

Jendarte honetan bizi garenontzat elkar laguntzea eta kidetza lantzea oso kontzeptu arraroak dira, horregatik asko landu behar ditugu, galdera guztiak erantzunez. Urrutiko baloreak landu nahiko bagenitu bezala, utopiak!

Egunerokotasunak esaten digu geletan berdinen arteko harremanetan zailtasunak gero eta handiagoak direla. Izan ere, Berritzeguneetako tekniko eta adituak, eskola eta ikastoletako aholkulari zein orientatzaileak gainezka daude!

Bizikidetzan oinarritutako egitasmoek prebentzioa lantzen dute. Hala, haur batengan zailtasunak detektatuz gero, haurrari berari laguntzea eta eskolan gustura egotea dute helburu. Nola? Bere gaitasun guztiak indartuz eta egun dituen zailtasun eta hutsuneak landuz etorkizun ezberdin bat eraiki asmotan, bide batez jendarte ezberdin bat taxutuz! Horixe da prebentzioaren helburuetako bat: jendarte sanoago bat eraikitzen joatea.

Baina gurasook askotan ez ditugu Bizikidetzako Behatokiak sortu nahi, bertan zer hitz egingo den beldurrez, nolako interbentzioak egingo diren beldurrez, gure familiako trapu zaharrak aterako diren beldurrez. Askotan ez baikaude gure zailtasunak lantzeko prest. Ez garelako inorekin fidatzen!

Sua piztu, sua mantendu eta suaren inguruan dantzan ibiltzen gara. Askotan, baina, ez gara ohartzen suak erre egin dezakeela, eta, era berean, denon arteko dantza elkartuak su asko itzaltzen dituela jakin gabe aritzen gara.

Bizikidetza egitasmoen baitan haurrei eskoletan arreta eskaintzen zaienean denbora gutxian izugarrizko garapena egiten dute, beraien besarkada eta irriekin eskertuz.

Ekimen mordoa daude oso ondo funtzionatzen dutenak: adituekin egindako jarraipen bilerak, guraso eskolak, ikasleekin egindako banakako aholkularitza saioak, familiekin lan sistemikoa eskolan, behatokien sorrera eta ikasle laguntzaileen rola… Horietako asko urteetan martxan dabiltza herri eta leku askotan! Denon arteko bizikidetzak pertsona hobeak egiten gaituelako. •