Gaizka Amondarain
Irakaslea

«Debaldeko festa»

1994a zen. ETB1en «Debaldeko festa» izeneko zuzeneko berezi bat ematen ari ziren. Joxerra Gartzia garaian «Hitzetik Hortzera» saioko aurkezlea zena gidari lanetan eta gonbidatuen artean lau bertsolari gazte: Maialen Lujanbio, Unai Iturriaga, Igor Elortza eta Jexux Mari Irazu. Bertsolariak performancearen erdian zeudenean, Irazuk esprai bat atera eta “Kalea geurea da, ertzainik ez” pintada egin zuen platoko horma batean. Saioa moztu eta iragarkietara jo zuten atoan. Iragarkietatik bueltan, Joxerra Gartzia Bernardo Atxaga elkarrizketatzen ari zen bitartean, emanaldia eteteko agindua heldu zitzaion aurkezleari. Amatiño zen EITBko burua sasoi hartan, Atutxa Barne Saileko agintari gorena. Gertaerak sortu zuen harrabotsaren ondorioz, “Hitzetik Hortzera” saioa bertan behera geratu zen urte batzuetarako. Pintadarena baino lehen ere, makina bat tirabira izan ziren bertsolaritzari buruzko saioa egiten zutenen eta hedabide publikoko arduradunen artean. Ajuriaeneko Itunaren ondorengo urteak ziren.

Joan den astean jakin dugu, EITBko zuzendaritzak, «Altsasukoak aske» zioen kamiseta jantzita eramateagatik, Laudioko ekoizle bati sukaldaritza saio baterako egindako elkarrizketa zentsuratu zuela. Duela pare bat hilabete, gauza bera gertatu zitzaion Kuartangoko abeltzain bati ere, Espainiako telebista publikoan ematekoak ziren programa baterako elkarrizketa egitera joan zitzaizkionean. Orduan ere, Altsasuko gazteen askatasunaren aldeko leloa paparrean idatzita eramateak ez bide zien grazia handirik egin.

Biak ala biak telebista publiko batean emandako zentsura kasuak izateak larritasun handiagoa ematen die salaketoi. Bata “Euskal Erdiko” telebista publikoan gertatu izana are eta larriagoa da, nire ustez. Zaila baita ulertzeko, herri honen gehiengoak Altsasuko gazteekin egiten ari direna injustiziatzat jo arren, gure telebista publikoko arduradun politikoek horrelako erabakiak hartzea eta gero inork azalpenik ez ematea horren inguruan.

Sentitzen dut bertan lanean ari zareten asko eta askorengatik, badakit kritikez nekatuta egongo zaretela honezkero eta zuen aldetik onena ematen saiatzen zaretela egunero, baina herri honetan bizi garen askorentzat jasanezina bihurtu da gure telebista eta irrati publikoetan gero eta agerikoagoa den lerrokatze ideologikoa. Noiz eta Amatiñoren sasoitik 25 urte pasatu direnean. Noiz eta testuingurua erabat desberdina denean.

Negargarria iruditzen zait ETAren amaierari buruz ekoitzi den saio txukunena TV3 Kataluniako telebista publikoan ikusi behar izatea eta gurean –Espainiako gainontzeko kateetan bezala– bere ibilbidean zehar egindako atentatuetan eta eragindako hildakoetan zentratzea mende erdi iraun duen eta frankismo garaian sortu zen erakunde baten historia.

Negargarria iruditzen zaidan moduan –ez forman bakarrik, baita edukietan ere– espainiar kateekiko gure telebista publikoan azken hamarkadan eman den homologazio prozesu azeleratua. Eta egoera aztertzeko Gasteizko Parlamentuan lan-talde bat sortzea beharrezkotzat jotzen badut ere, eztabaida publikoa izan behar dela uste dut. Eta horretarako, norbaitek pentsatzen badu herritarren iritzia ezagutzeko inkesta bat egitea nahikoa dela, debaldeko festa daukagu zati baterako. •