Gorka Elejabarrieta

«Euskal estatuaren bidean»

EH Bilduk antolaturiko “Euskal estatuaren bidean” jardunaldietan, Euskal Herriko eta estaturik gabeko Europako beste herri batzuetako egoera eta esperientziak hobeto ezagutzeko aukera paregabea izan dugu. Eskozia, Flandria, Korsika, Katalunia, Irlanda eta Faroe uharteetako ordezkariak izan ditugu gurean, eta ariketa oso aberasgarria izan da, dudarik gabe errepikatu beharrekoa. Prozesu guztiak dira ezberdinak, ez dago errezeta magiko unibertsalik, baina, aldi berean, zenbat kezka eta bide partekatzen ditugun ikusteak lehen ondorio nagusi bat ekarri du: elkarlana areagotzeko beharra argi geratu da.

Diferentzia nabarmenena eta prozesuan eragin handiena daukana zein den oso argi dago: estatuen jarrera. Europa berdintsuaren baitan badira jarrera demokratikoa duten eta ondorioz erabakitzeko eskubidea aitortu eta errespetatzen duten estatuak; eta badira ere egiten ez dutenak. Argi geratu zen hori aipaturiko jardunaldietan. Eta horrek herri bakoitzeko eztabaida publikoa eta ekintza politikoa guztiz baldintzatzen ditu.

Eskozian, Flandrian, Irlandan edota Faroe uharteetan eztabaida oso pragmatikoa da: independentziaren aldeko gehiengoa nola eta noiz eskuratu eta independentzia bidean eman beharreko pausuen inguruan zentratzen da. Dudak ere agerikoak dira. Esaterako, gaur egungo egoeraren eta independentziaren artean, bitarteko agertoki juridiko instituzional berriak igaro behar diren edo ez. Flandriarrek baietz deritzote eta izen-abizenak jarri dizkiote proposatzen duten agertokiari: estatu konfederala. Eskoziako kasuan, berriz, ez dago argi garaian SNPk defendatzen zuen Devo-Max edo autonomia indartsuagoa egun oraindik ere beharrezkoa litzatekeen. Faroe uharteetako kasuan, hogei urte daramatzate Danimarkatik jasotako diru laguntza murrizten eta etorkizunean dependentzia ekonomiko hori guztiz desagertzea beharrezko pausu jotzen dute independentziarako bidean . Kanpo faktoreak ere aztertu genituen jardunaldietan, eta horiek izan dezaketen garrantzia. Brexitak, esaterako, Irlandako batasun prozesua azkar dezake eta Eskozian bigarren erreferenduma aurreratu.

Erabakitzeko eskubidea errespetatzen ez duten estatuetan, estaturik gabeko herrietako jarduna oso bestelakoa da. Demokrazia eza nola gainditu bilakatu baita eztabaida eta ekintza politikoaren muina. Proposamen eta jarrera politikoak ez dira libreak, ondo dakigun bezala, independentziaren aldeko jardunak ondorio lazgarriak ekar ditzakeelako. Argi dago, baina, Kataluniaren eta Euskal Herriaren kasuan behintzat, estatu ez demokratiko berdina pairatzen dugun neurrian, gure jardunak eta prozesuak gehiago sinkronizatzeko gai izango bagina gure irabazteko aukerak ere handitu egingo liratekeela. Sinkronizazio handiago bat izan daiteke, beraz, etorkizuneko estrategia irabazle baten oinarrietako bat.

Noizbait norbaitek Europan estatu berri bat eraikiko badu, nazioartearen aitortza eskuratu beharko du, bestela jai dauka. Ez da lan erraza, orain arte ikusi ditugun esperientziak ez dira oso positiboak izan. Bide horretan Europako estaturik gabeko herrien arteko elkarlana aztertu beharreko bidea dela argi geratu zen jardunaldietan. Norberak bere bidea jorratu behar duela argi dago, prozesu bakoitza bakarra den neurrian, baina estaturik gabeko herrien kanpo politikan koordinazio edo sinkronizazio maila altuagoa izateak norberaren aukera partikularrak hobetu ditzakeen aztertu beharra dago, eta, horretarako, elkarlana indartzea behar-beharrezkoa da.

Europako estaturik gabeko herriei dagokionez, duela hamabost urte inork gutxik pentsa zezakeen azken urteotan ikusi ditugunak ikusiko genituenik. Gerezien garaia badator eta uzta emankorra izatea gutako bakoitzaren esku ere badago. •