2018/07/07

Arantxa Urbe
Hezitzailea eta Hik Hasi-ko kidea
Bidaia batean bezala

Lagunak esan dit gure burua programatuta dagoela ikasturte bat irauteko. Horregatik, seguruenik, hezitzaileak, ikasleak eta hezkuntzaren bueltan gabiltzan gehien-gehienak guztiz akituta eta umore txarreko ibili gara azken egunotan.

Antz handia du ikasturte batek bidaia luze batekin; bidaiak bezala, hainbat fase ditu. Hasieran, dena da emozio eta irrika: bidaide berriak, lagunak egitea, nola moldatuko ote naizen haien artean... dena da zoragarria. Gero, elkar ezagutu dugunean, basamortuko zeharkaldia etorriko da: elkarbizitzaren zailtasuna, egunerokoaren monotonia, albokoa jasan beharra. Nekea agertuko da, orduan. Eta, azkenik, zirt edo zart egitekoa: hau amaitzera doa, ez da betirako... eta hor dator ere oporretarako zenbat falta den zehatz-mehatz kontatzen hasten garen unea.

Horregatik, bidaia luze batean gertatzen den bezala, hargatik edo honengatik, epe mugaz haratago luzatu beharko balitz ikasturtea, animikoki oso nekeza litzateke epe mugaz haratago jarraitzea, bidaia luze batean bezala, burua egun jakin baterako programatuta baitago.

Egutegiari eta kalkuluei hutsik egin gabe, amaitu da 2017/2018 ikasturtea Euskal Herriko heziguneetan. Azken asteetako eromenaren ondoren, isiltasuna gailendu da, dagoeneko, ikasgeletan. Orain, beste kontu batzuetan murgiltzeko tenorea heldu da. Baina ez dezagun ahaztu irakasleak ez diren beste hainbat langilek, eta denok gara hezigunean eskaintzen den hezkuntzaren parte, beste aste batzuez jarraitu beharko dutela, oraindik ere, lan isilean.

Azken asteetako zoramena baretuta, sentimendu gazi-gozoa sortu da nire baitan. Gozoa, udako atsedenaldi desiratua iritsi delako, noski. Eta gazia, sufrimendu handia nabaritu dudalako nire inguruan ikasturte amaieran, sekula ez bezalakoa. Ezinean zebiltzan neska-mutilena, haien inguruan dauden etxekoena, hezitzaile desengainatuena... Kezkek eta zalantzek ez dute adinik izan.

Izan ere, ez da erabaki samurra ezta gozoa ere, neskato edo mutiko batek ikasturtea errepikatu behar duen ala ez deliberatzea, hain da zaila zer gertatuko den iragartzea, zer den zuzenena asmatzea!

Ikasturteak gainditzea edo curriculumetan ezarri ditugun eskakizunetara azken momentuan ozta-ozta iristea lortu duten neska-mutilak izan ditut inguruan. Azken asteetan haiek salbatzeko ahalegin neurtezina egin duten etxekoak eta haien desesperazioa ikusi ditut. Eta lubakiaren alde honetan gauden hezitzaileen zalantzak eta ondoeza sentitu ditut.

Kezkatu egin naute biziki egoera horiek guztiek, eta zer pentsa ere eman didate. Huheziko irakasle den Alex Barandiaranek Ebaluazioaren gaineko jardunaldi batean esandakoek egin dute salto nire gogora: «Heziguneetan nola bizi garen, zoriontsuak ote garen, ebaluatu beharko genuke».

Ez litzateke erronka makala hurrengo ikasturtean, gure heziguneetan, bakoitza dagoen lekutik, eskolan nola bizi garen eta ikasturtea nola bizi dugun ebaluatzea. Akaso, neska-mutil, etxeko, hezitzaile izan, gure txikitik, eraiki nahi dugun (edo amestu esan beharko dugu?) Hezkuntza Sistemaren oinarri humanoenak jartzen ariko gara.

Usteak uste, bidaia guztietan bezala, gu ere heldu gara helmugara.

Opor eta atseden egun politak izan ditzazuela! •