2018/07/07

Erreportajea
 
Duela 40 urte Poliziak odolez tindatutako sanferminak
Juantxo EGAÑA
0707_behatxulo2

1978ko uztailaren 8an, Iruñeko sanferminetan, zezenketa bukatutakoan, gazte talde batek plazara salto egin zuen amnistiaren aldeko pankarta bat eskuan hartuta. Halako batean, dozenaka polizia plazara sartu ziren gomazko pilotak eta ke-potoak jaurtiz eta gupidarik gabe ezker-eskuin borra-kolpeak emanez. Geroxeago sartu ziren polizietako batzuek eskuan pistola ere bazeramaten. Errepresioa basatia izan zen. Irudion egileak, Jorge Nagore Cavero Iruñeko argazkilariak, 25 urte geroago artikulu batean kontatu zuen beretzat egun hura bere bizitzako txarrenetakoa izan zela: «Robert Capa 1944ko ekainaren 6 hartan bezala sentitzen nintzen, goitik behera dardarka nengoen, eta argazkiak nekez ateratzen ziren, sentimenduek bustita. Zaldi-patioan lurrera botatako gorputz nahaspila zegoen, frantses batek, ipurdian tiro bat zuela, hanka arrastaka zeraman. Izugarria». Poliziaren jokabide basatia egun hartan Iruñea osora zabaldu zen eta dozenaka zauritu eragin zituen, baita German Rodriguezen heriotza ere, Orreaga etorbidean, bekokian tiro bat jaso ostean.

Oso gaztetik argazkizalea, Jorge Nagorek 1977an hasi zuen “Deia” egunkarian bere ibilbidea fotokazetari gisa, eta hasierako urte haietan Estatuko zenbait aldizkari eta egunkarirekin ere kolaboratzen zuen, besteak beste, “El País”. 80ko hamarkadaren hasieran liburu ilustrazioan ere jardun zuen, eta zenbait sari irabazi zituen. 1983an “Diario de Navarra” egunkarira pasatu zen; bertan, argazkigintza atala antolatu eta editore grafiko lanak egin zituen 2012an erretreta hartu arte.