2018/07/07

Ula Iruretagoiena Busturia - @ulissima5
Arkitektoa
Porlanezko lurraldea

Berriz ere, gertatzen ari da. Garabiek euskal herri eta hirien «skyline» edo profilak okupatu dituzte. Gaur egungo ekonomia-susperraldiaren irudikapen bilakatu dira, barne produktu gordinaren irabiagailu garaikide bihurtuta. Gertakari horren arrazoia hazkuntza gizarte-garapenarekin nahastu dugula da. Beste garai batzuetan, hirietako garabien presentziak gerrateen osteko suntsialdi egoeratik atera eta hasiera berri baten berrabiaraztea irudikatzen zuen. Izan ere, “eraikitze” hitza beste testuinguruetan erabiltzen dugunean etorkizuna egiteko proposamen sendo batekin erlazionatzen dugu, gai material edo immaterial bati erreferentzia eginez.

Oraindik ere eraikuntza sektorea gizartearen tresna eraikitzailea dela ulertzetik urrun gaude. Horregatik euskal ekonomiaren produkzio logikan sartu dugu eraikuntza sektorea; metalurgiako torlojuak, armagintza, azpiegiturak eta eraikinak zaku berdinean. Baina, behingoz, ikas dezagun: hormigoiaren ekonomiari eredu aldaketarik ezartzen ez badiogu, egun aberatsak eta urte pobreak etorriko dira. Eta larriena da bitartean lurraldea porlanezko bilakatuko zaigula; eta porlanezko paisaian ez da elikagairik hazten, ezta animaliarik bizitzen ere.

Arkitektura praktikan eta arkitektura irakasten dugunon artean, gure eginkizunak suspertzen dituen –edo suspertu ditzakeen– lurralde-ekonomia eta politika ez dira maiz eztabaidagai izaten. Eraikuntza sektorearen norabidearen gaineko hausnarketak irribarre izoztuak eta deserosotasunak sortzen ditu arkitektoon gremioan. Samurragoa zaigu eraikuntzako xehetasunak edo espazio eraikuntza baten sublimazioa elkarbanatu, komunean duguna mundu materikoa eraikitzean balego lez. Nola kuestionatu, lagun dituzun arkitektoak Airbnb enpresarako lanean badira? Edo nazioarteko hotel entzutetsu batentzat edo burtsan gora eta gora doan arropa denda batentzat lanean direla, nola krisian jarri arkitektura-lan bikain bat egiteko aukera? Arkitekturako giza-konpromisoa espazio atseginak lortzera mugatzea, baina, ez ote da autokonplazentzian jardutea, diot nik...

Ezbairik gabe, eraikuntzaren ekonomia sektoreak etorkizuneko lurraldean paper handia jokatuko du. Kontua da porlanezko lurraldea eraiki beharrean, klima aldaketak eragin ditzakeen hondamendiak ekiditeko eraikuntza nagusituko dela. Azken mendean asko, azkarregi eta gabezia handiekin eraiki da. Eraikuntzok energia subiranotasunerantz bideratutako eraikin izateko lanak egin beharko dira. Hiriak ere egokitu eta prestatu egin beharko dira klima aldaketaren erronkei begira –eta beraz plangintza beharrezkoa izango da–. “Eraiki” hitza osatzen joango gara: kenketaren operazioarekin, eraispenarekin, birnaturalizazioarekin lotuz. Porlanean aritzeko beste modu batzuk bilatzera behartuta izango gara, porlanezko bihurtu baino lehen. •