Beñat Gaztelumendi
Bertsolaria

Afonia

Barruan txintxetaz zintzilikatu beharreko kontzeptu horietako bat da galerarena: gauzei ez diegula garrantzirik ematen galtzen ditugun arte. Gaztetan irakurri eta arkatzez eginiko ohartxoz betetako liburuak barrua nola mugitu zigun ez gara konturatzen etxe-aldaketatik etxe-aldaketarako kartoizko kaxaren batetik desagertzen zaigun arte; haurtzaroan etxe aldamenean orduero puntu-puntuan jotzen zuten kanpaien hotsez ez gara ohartzen gaueko isiltasun erabatekoak loa galarazten digun arte. Eta gauzekiko memoria selektibo bera izaten dugu pertsonekiko ere: ondoan daukaguna ez dugu baloratzen bere hutsuneak sabelaldea erretzen digun arte.

Ahotsarekin ere gertatzen da: udako gau labur eta sargorietako garagardo hotzak eta emozio astinaldiek katu azkazal zorrotzen gisa urratzen digute eztarria. Eta esan nahi eta ezinean igarotzen dugu biharamuna, ahora iristerako hainbeste hodi, gihar eta haragi minberatu igaro behar dituen hitz bakoitza kristalezkoa balitz bezala. Hizketan hasterako kalkulatuko dugu tonua, bokalen bat grabeegi geratu eta gure ahotik irteterako desegin ez dadin; ingurukoen isiltasunaren neurria ere kalkulatuko dugu, beste norbaiten hizketaldi ozenak ia xuxurla bilakatutako gure jarduna estali ez dezan; hizketan hasterako kalkulatuko dugu esaldien luzera, kalkulatuko dugu esatera goazenaren egokitasuna, garrantzia; hizketan hasterako kalkulatuko dugu dena. Eta hala ere. Hala ere ez gara iritsiko, esan dugunak ez du pentsatu dugunaren pisurik izango; ez du inoren baieztapenik jasoko. Esan duguna esan izan ez bagenu bezala geratuko gara. Eta ahots ozenagoren batek gaina hartuko digu; txikitzen eta txikitzen sentituko dugu gure burua, gure ahotsak hori adierazi baitu: urratuta gaudela, zaurituta, zalantzan. Ahots urratu batek emaniko argudioak ere urratuta baleude bezala.

Orduan akordatuko gara kale hauetan kuadrillan igarotako larunbat gauez: nor baino nor puztuago, nor baino nor ozenago, bata besteari hitza kenduz ia. Orduan akordatuko gara asanbladetan isilik geratzen denaz, bertso eskolan gaizki pasatzen zuela esaten zigunaz, autoko ordubeteko bidaia hartan kopilotuaren aulkian gure abenturak entzuten eduki genuenaz, afalosteetako eztabaidetan sekula arrazoirik ematen ez diogunaz, beraiek esandakorik inoiz aintzat hartu ez diegunez. Eta oihu egin nahiko dugu: gure eztarri urratua gehiago zauritu: ezer esateko balio ez duten ahots korda finegi hauen korapiloak banan bana askatu. Beti pentsatu izan dugulako gure argudioen indarra dela arrazoia ematen diguna. Kaka zaharra. Argudioei ahotsak ematen die gorputza; ahotsak esaten duena ere esaten diogu diskurtsoari: gure ziurtasuna, indarra, pieza batekotasuna. Elkarrizketa ere lehian ari bagina bezala bizi dugu, denok abiapuntu beretik hasten garela sinetsita. Eztarriak ezarri gaitu gauden lekuan, eta ezarri zaigun lekua daramagu eztarrian.

Ez dago tartekako afonia bat baino sendagai hoberik. •