Idoia ERASO

HORMIGOIZKO BLOKEAK DIKEETARAINO GARAI BATEAN BEZALA ERAMATEN DIRA

Urtero bospasei aldiz, «Babeslea» itsasontzia Donibane Lohizuneko portutik ateratzen da badiako babesa osatzen duten hiru kai-muturretan hormigoizko bloke berriak jartzeko asmoz. Dagoeneko 50 tonako 20.000 bloke inguru jarri direla kalkulatzen da.

XIX. mendean bezala, gaur egun ere elkarri lotutako bi gabarrek garraiatzen dituzte hormigoizko blokeak Donibane Lohizuneko portutik bertako hiru kai-muturretara, eta, iraganean bezala, ontziek bertara hurbildu eta gero, blokeak behar den toki zehatzean kokatzeko langileak soka-tiran aritzen dira. 1864. urtean dikeak eraikitzen hasi zirenetik, gauza gutxi aldatu da Donibane Lohizuneko badia babesten duten kai-muturrak osatu eta berritzeko orduan. Lanon gidaritza duen “Babeslea” itsasontziak radarra bezalako teknologia berriak baliatzen baditu ere, iraganean bezala, baldintza meteorologikoen eta mareen koefizientearen arabera aritzen dira egun ere. Aurtengo eguraldi traketsak lanok ohi baino gehiago atzeratzea ekarri du.

Hiru morruk osatzen dute Donibane Lohizuneko badiaren babesa. Alde batean, Zokoan, 390 metroko dike bat dago; beste aldean, Santa Barbaran, 180 metroko beste bat; eta, erdian, 255 metroko Arthakoa. Ekainean egin zuten lehen irteera dikeotara blokeak eramateko. Donibane-Ziburuko portuaren kudeaketaren eskuduntza lortzeko lehian Pirinio Atlantikoetako Departamentua irabazle atera dela erakusteko, politikari eta kazetarioi bisita eskaini zitzaigun.

Zokoko portuan aurkitu genituen gerora lanean ikusteko parada izan genituen ontziak. Adituak ez direnentzako arrantzontzi arrunta dirudien “Babeslea”, normalean txalupa txikiak soilik egon ohi diren portuko gunean zen. Horren atzetik, sokaz elkarren artean lotuta bi gabarra zeuden, eta horien arteko loturatik zintzilik, gero ur azpira joanen zen blokea. Teknika bezala gabarren forma ere oso gutxi aldatu da mendeotan; XIX. mendetik hona ontzia bera aldatu behar izan badute ere, egonkortasuna segurtatzen duen egitura bera atxiki dute. Jantzi fluoreszenteak soinean zenbiltzan langileak gabarren gainean, baina orduan gutxik uste genuen gizonon egitekoa hormigoi blokeak sokaz tiratuz aurreikusitako tokira hurbiltzea izanen zenik.

Uharte bat bezala badiaren erdian dagoen Arthara eraman gintuzten. Kai-muturraren gainean jantzi dirdiratsudun beste sei arizale ikusi genituen, eta orduan hasi ziren benetako maniobrak. Gabarren gaineko sei gizonek, dikean zeudenei soka muturrak igorri zizkieten, eta bestaldera mugimendu bera egin zuten bertan zirenek. Margo fluoreszentez markatutako tokitik sokatik tira eta tira hasi ziren barraderan zeuden gizonak. Gabarrak teknologia lagun zehaztutako gunera bitarte hurbildu zituzten, eta, behin adierazitako gune zehatzera helduta, blokea askatu eta urpera bidali zuten.

Egunean jarritako bosgarren blokea zen bisitari gonbidatuak ikusle zirela jarritakoa, azken aurrekoa hain zuzen ere, salbuespenik ezean sei bloke ezartzen baitituzte egunean. Urtean 30 inguru jartzen dituzte orotara, nahiz eta eguraldiaren arabera kopurua aldakorra izaten den; azken finean, itsasoak eragindako kalteen arabera egokitu behar dira dikeak. 2016an, esaterako, 40 bloke kokatu behar izan zituzten, kalteak handiak izan baitziren.

Orotara 25-26 pertsona inguru aritzen dira lanean Donibane Lohizuneko dikeetan blokeak jartzen. Bi gabarretan, inguruan laguntzen ibiltzen den txalupan eta dikeetan sokatik tiraka aritzen dira langileok. Urtean zehar Zokoko portuko tailerrean aritzen diren langileak dira blokeak jartzera itsasora ateratzen direnetako batzuk, eta, bertako buruarekin eta ingeniari batekin batera, normalean errepideetako langile gisa aritzen diren beharginak ere aritzen dira maniobrok egiten. “Babeslea” itsasontziko langileak eta Marcel Areiza kapitaina ere ateratzen dira lanok egitera. Itsasontziaren buruak, azken blokea jartzeko lanak bertatik bertara ikusteko kazetarioi “Babeslea” ontzira igotzeko baimena eman zigun. Aurreko bidaia, bisitariontzat prestatutako txalupa turistiko batean egin bagenuen, bigarrenean hurbileko ikuspegi pribilegiatua izan genuen.

Txalupa baten laguntzarekin sokak elkarrekin nola trukatzen zituzten ikusi genuen. Itsaso zabalerako bidea hartua zuen “Babeslea” ontziak, gabarrak atzetik zekartzala; buelta eman eta aurreikusi bezala Arthatik hamabost bat metrotara kokatu zen, margoz adierazitako tokiaren ondoan. Gero harria zekarren ontzia sokekin egokitutako gunera joan zen. “Babeslea” ondoan zuela, seinalea eman eta harri handia askatu zuten. Hormigoizko blokeak inguruko ura nola erakarri eta xurgatzen zuen ikusi genuen. Egun horretan itsasoa nahasita zegoenez, harria erortzen ezin izan genuen ikusi, baina kapitainak azaldu zuenez, eguraldia lagun, batzuetan hamabost metroko sakonerara nola erortzen den ikus daiteke.

Itsasontzian hiru gizon ari ziren lanean, kapitainarekin batera marinel bat eta Didier Sallaberry mekanikari nagusia. Konponketetan ze lan egiten duen galdetzean, bere lana «matxurarik inoiz ez izatea» dela aldarrikatu zuen argiki. Etengabe tenperatura, presioa eta izan daitezkeen ihesak kontrolatzen ditu, behar delarik piezak aldatuz. Helburua argia da: itsasontzia lanean ari denean inoiz ez gelditzea. Hori dela eta, itsasora egiten diren irteera guzti-guztietan mekanikari bat joaten dela azpimarratu zuen.

Lau orduko ekinean sei blokeak ezarri eta gero, portura bueltatu ziren langile guztiak. Batzuk merezitako pausa berehala hartzera joan ziren bitartean, beste batzuk ontziak berriz bere tokira eramatera joan ziren; “Babeslea”-k Donibane Lohizuneko porturako bidea hartu zuen, eta gabarra txalupekin bideratuta, eta sokak eta makilak lagun, portuko bere tokia hartu zuen.

Baldintza naturalak egokiak izan eta hurrengo sei kuboak ezartzeko eguna heldu arte, ontziak babesean gelditu ziren. Itsaso koefizientea 90 eta 110 artean den egunetan soilik egin baitaitezke lanok; hori dela eta, aitzinetik jakin dezakete zeintzuk izango diren egunik egokienak. Horien artean, tirainak gehienez metro batekoak izango diren egunak zeintzuk diren ikusi behar dute, eta eguraldia sobera kaskarra ez izatea. Gainera, itsasgora baino bi oren lehenagoko eta bi geroagoko tartean soilik egin dezakete lan, batzuetan muga izan daitekeena. Baldintza horiek guztiak beteta, eguzkipean eta marinelak ez ziren bisitariak sobera ondoezik izan gabe gauzatu ahal izan zen kazetariekin egindako bidaia. Aurreikus daitezken baldintza naturalak, bereziki itsaso koefizienteari loturikoak, aste honetatik goiti emanen dira berriz, baina uhinen altuerak eta eguraldiak horrekin bat eginen duten ikusteke dago oraindik. Ekainekoa aurten blokeak jarri ahal izan dituzten lehen aldia izan zela kontuan harturik, aukera den aldiro baliatzeko asmoa dutela azaldu zuen “Babeslea” ontziko kapitainak.

Teknologia zaharrak eta berriak

Badia itsasoaren indarretik babesten duten hormigoizko kuboen bide osoa, Donibane Lohizuneko badian bertan egiten da, sorkuntzatik itsasoan utzi arte. Neguan uztai eta zirrindolak egiten dituzte portuan dagoen tailerrean. Hormigoiaren isurketa eta blokearen osaketa urri eta abendu artean egiten dute, tailerrean momentu horretan lan egiten duten sei lagunek. Bloke bakoitzari bere zenbakia ezarri eta gero, Zokoko portuaren ondoan itsasoratzen den Untsin ibaiaren bidean kokatzen dute, hurrengo urtera begira. Ehunka metro batzuk besterik egiten ez dituen trenbidea dute ondoan, eta, errailak baliatuta, blokeak gabarrak eta itsasontzia zain dauden portuko aldera eramaten dituzte. Azken partea besterik ez da, olatuen arteko bidaia ikusgarria segituz aurreko urteetan itsasoratutako kideengana eramanen dituena.

Udakoa lan ikusgarriena bada ere, langileak urtean zehar ere itsasoan ibiltzen dira bestelako lanetan. “Babeslea” urri eta apiril artean draga lanetan aritzen da. Badiako ibai nagusia den Urdazurik ekartzen dituen lohiak biltzen ditu, nahiz eta bestelako materialak ere agertzen direla baieztatu zuen kapitainak: «Anitzetan bizikletak agertzen dira. Jendea Donibane Lohizune eta Ziburuko portuen aldean paseatzen aritzen da, bereziki udan, eta, uretara erortzen direnean, jendea ateratzen dute baina bizikletak urpean gelditzen dira. Gero, negua heltzean, guk aurkitzen ditugu».

Alubioiak kentzen 130 metro kubiko inguru biltzen dituzte egunean, bi itzulitan. Bukatu berri den ikasturtean 10.000 metro kubiko inguru bildu dituzte orotara. Ondoren basa hori itsasoan toki zehatz batean askatzen dute, kostaldetik milia bateko distantziara. Blokeak kokatu ahal izan arte kai-muturretan egon daitezken ahulguneak edo zuloak konpontzen ere aritzen dira langileak urtean zehar.

Lan horiek guztiak garai batean bezala egiten badira ere, hainbat aldaketa jasan dituzten egitekoak ere badira, noski. Morruetan ikus daiteke esaterako, bereziki uretatik kanpo egin beharreko lanetan. Horren erakusle, batzuetan helikoptero baten laguntza izaten dute beharrezko materialak oinez joan ezin daitekeen Arthako eta Santa Barbarako dikeetara eramateko.

Uda heltzean blokeak zehatz-mehatz non kokatu behar diren erabakitzeko ere, teknologia modernoak erabiltzen dituzte. Itsaso azpiko zorua aztertzen duen batimetria definitzeko teknologia aitzinatua baliatzen dute kasu, eta, marea handiak daudenean, itsasbeheretan argazkiak ateratzen dituzten droneen laguntza baliatzen dute. Olatuek kai-muturren paramentuetan egiten duten presioa aztertzeko ikerketa unibertsitarioak egiten ere ari dira. Izan ere, presio hori zer-nolakoa den hobeto ezagututa, kuboen kokapen egokiena zehazteko gai izan daitezkeela aurreikusten dute.

Erakusketa portuan

Kazetari eta politikarioi bisita bakar batean aurkeztu zitzaigun prozesu osoa hiru urtez segitzen aritu da Greg Underfly. Denbora horretan bildutako irudiekin “Itsasoko gerlariak” izenburupean erakusketa bat atondu du, eta blokeen sorreratik itsasoan ezarriak diren arteko prozesuaren etapa guztiak erakusten ditu.

Irudien interesa gutxietsi gabe, erakusketaren berezitasun nagusia kokagunea bera da. Izan ere, hainbat metroko zabalera duten argazkiak blokeen gainean ezarri zituzten hasiera batean, eta, hormigoizko meta handiak itsasoratzeko momentua heldutakoan, Zokoko portuan bertan jarri zituzten ikusgai. Gauzak horrela, uda guztian zehar badiaren muturrean dagoen gotorleku ezaguneko hormetan ikusgai izango da “Itsasoko gerlariak” erakusketa. Heldu den urtean ere ikusgai jartzeko asmoa agertu dute, jendearen artean izan duen harrera ona kontuan izanik.