Iñaki Soto

Herritartasunaren irudi sakon eta ikusgarria

Sarri, ideia soziopolitiko estrategiko batekin bat egin arren, egunerokotasun politikoan ez diogu ideia horri bideragarritasun praktiko errazik ikusten. Alegia, epe ertain eta luzera emankorrak izan daitezkeen zenbait ideia praktika politikora eramaten zailak izaten dira. Gizartearen pentsamoldea edo kultura politikoa aldatzeko gai diren ideiez ari naiz, jakina.

Herritartasunarena gure herriaren etorkizuna markatuko duen kontzeptua da. Beste ikuspuntu batzuetatik azter badaiteke ere, jatorrian euskal auzia herritartasunaren gaineko auzia ere bada. Hemen maila desberdinetako herritarrak bizi gara: zenbait herritarren proiektu politikoa konstituzionalki bermatuta dagoen bitartean, besteona konstituzionalki mugatuta baitago. Publikoki eta pribatuan izan ditudan eztabaida guztietan badago unionistek erantzuten arazo handiak dituzten galdera bat: zergatik zure proiektu politikoa bermatuta dago eta nirea, independentziarena, ez da bideragarria? Zergatik zure gogo politikoak nireak baino gehiago balio du? Beste era batera esanda, zergatik naiz ni bigarren mailako herritar?

Gure eztabaida tradizionaletatik harago, gaur egun eta hemen, herritartasunaz gogoeta egiteak etorkinei buruz hitz egitera behartzen gaitu. %10era ez dira iristen gaur egun, baina gero eta gehiago izango dira. Komunitateen arteko talka demokratikoan, determinanteak izan daitezke. Historikoki, botere-harremanak direla medio, unionismoaren alde kokatu izan dira horietatik asko. Estatuek, ordea, zentzu askotan hirugarren mailako herritartzat dituzte.

Herritartasuna eskubideekin lotzen duen mugimendua izanik, independentismoak lan-esparru interesgarria du alor horretan. Euskal Estatu baten proiekzioan komunitate horiek tokia topatu behar dute. Eta ideia borobilez harago, toki hori ez da diseinu bidez erabakiko, baizik eta praktika politiko eta kulturalen bidez.

Sanferminetan dena da posible

Azken urteotan, sanferminetako azken egunean, Kulturen Kalejira egiten da. Hemen bizi diren komunitate eta jatorri desberdinetako pertsonak beren kulturen adierazle den desfile bat egiteko batzen dira.

Aurten 1.400 bat pertsonak hartu dute parte eta 67 elkarte ibili dira antolakuntzan, Iruñeko Udalaren babesarekin. Uztailaren 14an Gaztelu plazan gutxienez Peru, Senegal, Bolivia, Venezuela, Argentina, Kolonbia, Nikaragua, Bulgaria, Ekuador, Ukraina, Sahara, Mali, Nigeria eta Ijitoen Komunitateko herritarrak euskal herritarrekin bildu ziren, norbera bere komunitatearen kulturako jantzi, musika-tresna eta aldarrikapenekin [irakurri hemen Aritz Intxustaren kronika, gazteleraz: goo.gl/cv5BEm]. Ikusgarria izan zen.

Herritartasunaren eta kultur aniztasunaren eztabaidan borobilak diren ideiak izan ohi ditugu, baina horiek praktikara eramaten zailtasunak nabarmenak dira. Esperientzia honek ideia horien gaitasun estrategikoa erakusten du, maila xumean eta jaien testuinguruan bada ere. Gainera, korapilatsuak diren hainbat eztabaidatan irtenbide zuzenak eskaintzen ditu. Adibidez, elkarlana bultzatzen du, paternalismorik gabe eta protagonismoa komunitate horien esku utzita. Gutxiengoen eta gehiengoen arteko harremanetan urratsak ematen ditu, bizikidetzaren beste alderdi bat erakutsiz. Mundura herri hobe gisa proiektatzen gaitu. Eta, zergatik ez, dekantazio politikoa bultzatzen du, baina ez zentzu instrumentalean, baizik eta sakon eta aberatsean. •