Garazi Goia - @GaraziGoia
Idazlea

Oporretarako irakurketak

Urteko garai honetan tradizioa den bezala, oporretan gozatzeko irakurketa batzuk gomendatuko ditut aste honetan. Eta, zutabe honi dagokion gaiari eutsiz, Londresi buruzko bi liburutan zentratuko naiz, bata nobela, bestea ez-fikzioaren alorrekoa. Londresa etorri behar den edozein turistarentzat, nahiz lehenengo aldia izan nahiz aurretik ere hiria bisitatzeko aukera izana izan, irakurketa ezin hobeak dira beste perspektiba bat edo informazio osagarri interesgarria izateko eta bisita aberatsagoa izateko.

Zadie Smith idazle britainiarraren “White Teeth” da lehenengo gomendioa. Ezagutzen ez duzuenontzat, 1975. urtean Londresen jaio zen Smith eta 2000. urtean argitaratu zuen bere lehenengo nobela, aipatutako “White Teeth”. Liburuak arrakasta izugarria izan zuen, izen handiko sariak lortuz. Idazlea etorkizun oparoko idazleen zerrendan ere sartu zuten askok zuzenean, “Salman Rushdie berria” ezizena (eta presioa) bere gain jarrita besteak beste. Ordutik beste lau lan kaleratu ditu eta bere hurrengo lana datorren urterako espero da. Bigarren Mundu Gerran elkar ezagutu zuten ingeles baten eta bangladeshtar baten arteko harremana ardatz bezala hartuta, orduan hasitako adiskidetasun horren garapena gerra amaitu eta 30 urtera du kontagai “White Teeth” nobelak.

Familien arteko harremanak eta sustrai eta jatorri etniko ezberdinen eragina Londresen bizitza berriak eraikitzerako orduan dira narrazioko gai nagusiak. Fundamentalismoak ere leku berezia dauka nobelan, erlijioaren testuinguruan eta harremanak sortzerako orduan. Fikzionatutako hainbat egoerak errealismo handiz biltzen dituzte hemen bizi garenok edo turista moduan etorritakoek ikus eta senti ditzaketen dinamikak, Londres hiria mundu osoan berdingabe egiten duen egoerak deskribapen zehatzez kontatuz.

Idazlearen testuinguru pertsonala adierazgarria da baita. Aita ingelesa eta ama jamaikarra zituen, apurtutako familia batean hezia izan zen, fama onik gabeko eskoletan ikasi zuen, eta, hala ere, Cambridgeko unibertsitate ezagunean egin zituen bere unibertsitate ikasketak eta han idatzi zuen “White Teeth” nobelaren lehenengo zirriborroa. Idazleak Londresekin duen lotura pertsonal estua eta berezia garbi geratzen dira nobela honetan eta aipagarria da ere bere lan denak Londresen kokatzen direla. Bide batez, Smithek idatzitako istorio labur bat euskaraz eskuragarri dago, Paul Beitiak itzulia, “Ero esan didate” izenburupean.

Bigarren liburua, “White Teeth” bezala 2000. urtean kaleratua, dagoeneko “klasiko” bat bihurtu da: “Peter Ackroyden London: The Biography”. 79 kapitulutan banatuta, Erdi Arotik hasi eta XXI. mendera arte, pasarte historikoak, anekdotak, idazlearen behaketak, hiriaren pertsonalitate apartekoa definitzen duten ezaugarriak, mapak, irudiak, paradoxak, aniztasunaren deskribapena eta metaforak, den-denak 800 orritan bilduta. Hiriak idazleari sortu dion obsesio baten marka eta ukitu pertsonal bat nabarmenak dira oso narrazioan, pasarte asko lehenengo pertsonan idatzita daudelarik.

Bada esaera bat ingelesez honela dioena: «Londresez aspertu bazara, bizitzaz aspertu zara». Samuel Johnson idazleak esan zuen, XVIII. mendean. Alegia, Londresek eskaintzen dituen aukera guztiekin bizitzako egun guztietan dagoela egiteko interesgarriren bat. Beste bi liburuak irakurtzeko denborarik edo irakurtzeko zaletasunik ez duenarentzat, esaera horretan oinarrituta eta izenburu berdinarekin, Londresko 365 leku biltzen dira ilustrazio eta argazkiz betetako liburu batean. Ez nuke beste bi liburuen parean jarriko, baina turista gida tradizionaletik haratago hiria esploratzeko beste metodo baliagarri bat da dudarik gabe. •