2018/07/21

TXIKITAKO LAGUN HANDIAK
Amagoia Mujika Telleria
0721_ikusmira
June PRIETO | FOKU

Festetan dena da desberdina. Euriak ez du askorik inporta, ez dago ezertarako presarik eta umore ona da nagusi. Jendetza, ilarak, zarata... dena zaie samurragoa helduei festa garaian. Ez dira hainbeste haserretzen, dantza egiten dute, barre erraz samar, ordutegiak ahazten zaizkie... Eta, batez ere, lagunekin egoten dira. Jaiak laguntasunaren apologia egiteko egunak direlako. «Aspaldiko» eta «aspaldiko», orain muxua, orain zaplada bizkarrean. Harrituta geratzen gara, hainbeste lagun nondik atera ote dituzten gurasoek. «Txikitako lagunak» direla esaten dute, guri ez iruditu arren, haiek ere haur izan zirelako behinola. Gu txikiak omen gara oraindik, baina dagoeneko lagun handiak ditugu, festarako konpainia paregabea. Gure aitonak dio bere garaian parranda egiten bakar-bakarrik ikasi zutela eta orain, guri, erakutsi egiten digutela. Parrandero galantak izango omen gara. Tira, «aspaldiko» esanez gu ere elkartuko ote gara hamarkada batzuk barru hemen, festa honetan.... Amagoia Mujika Telleria