2018/07/28

Gaizka Amondarain
Irakaslea
Atezainaren beldurra penaltiaren aurrean

Ezagun du aurpegieran. Egunak dira bazkalostean fundamentuz lo kuluxkarik egin ez duela. Euliz josita dauka egongela. Behin baino gehiagotan ahalegindu da honezkero periodikoarekin intsektu hegalariak leihoz bestalderako askatasunera bultzatzen. Beraien hobe beharrez ari dela esan nahiko balie bezala zabaltzen ditu besoak leiho irekiaren parean zutik jarri eta ezerezera emandako aire kolpe bakoitzaren ondoren, gorputz adarrak gora eta behera astinduz, atezainak penaltia jaurti aurreko segundoan nola, etxe barruko metro koadroak kanpotik datorren mehatxutik defendatzeko ahalegin etsian. Izaki ñimiño arrotz horiek sartu ziren bide beretik kanporatzeko asmo bakarrari leial, eta ordura arte nagusi zen bakearen izenean zernahi egiteko prest.

Denetarik eduki arren ezer gutxi saltzen duen pareko dendan neguan baino ozenago jartzen dute musika bero hauekin dominikarrek. Eulien antzera, barruraino sartzen diren dantzarako erritmoek gorazarre egiten diote kurtsoan zehar egindako merezimenduei esker azkenik iritsi zaigun urteko sasoiari. Bentiladorea aulki ondoan paratuta, hara eta hona gelditu gabe, haize ufada aringarriak demokratikoki barreiatzen.

Finalaren egunean Kroaziaren aldekoak ziren oihu gehienak auzoan. Ez zuen ulertzen oso ondo zergatik. Ekaitza lehertu zen gero. Hiri inguruan ari ziren erortzen tximistak, gero eta hurbilago, gero eta maizago. Non edo nondik jaurtitako bonbak ematen zuten, ikaragarria zen danbatekoa. Moskun euria goian behean izan arren telebistan Putin bekokirik busti gabe aterkipean ageri zen bitartean, Gasteizen ere zaparrada galanta ari zuela gogoratuko du jendeak etorkizunean. Futbolariak saria jasotzeko desfilatzen hasi zirenean jo zion tinbrea auzokideak: katuak etxetik alde egin ziola eta ea bere terrazan zegoen begiratzerik bazuen. Ez zen lehenbiziko aldia izango. Terrazara irten eta han ikusi zuen lau hankako animalia zut, begiak zabal-zabalik berari so, burua arean makurturik, terrazako izkina baten jabe. Auzokideari han zegoela eta igotzeko esan zion. Bazekien ez zituela katuak maite. Berak ere ez. Semearena omen zen eta oporretan zenez, hari zaintzea tokatu.

Saiatu zen emeki terrazako izkinara hurbiltzen. Katuak beldurra adierazten zuten aieneak egiten zizkion. Eskua lehenengoz luzatu zionean lehen abisua, ahoa zabalik eta hortzak erakutsiz. Bigarrenean salto batekin terrazaren beste aldera egin zuen ihes katu arreak, hesiaren eta hormaren arteko tartean ezkutatzeko. Ordubetez ahalegindu bazen ere, ez zuen katuari heltzerik lortu emakumeak. Gaua etxetik kanpo pasa beharko zuen azkenean. Bizilagunari ateraino lagundu eta mugimenduren bat egotekotan abisatuko ziola esanez agurtu zuten elkar. Irabazi zutenen ospakizunak eta galtzaileen negarrak bukatuak ziren telebistan ordurako. Mokadu bat egin eta sofan loak hartu aurretik oheratzea erabaki zuen. Logelako atea ireki eta terrazara irten zen lehenengo, egoera zein zen ikuskatzera. Arratsaldean aurkitu zuen leku berean zegoen katua, mugimendurik egin gabe, zuzenean berari begira, zernahi gerta ere, finala erabakiko zuen hurrengo mugimendurako gertu. •