Ion Salgado
SANTO DOMINGO KALEA

Auzokideak batu egin dira Gasteizko Udalaren utzikeria salatzeko

Iaz Santo Domingo kaleko bi atalondotako auzokideak kaleratu zituen Gasteizko Udalak, etxeak berehala behera etortzeko arriskua zegoelako. Oraindik ezin izan dute haien pisuetara itzuli, eta, dirudienez, irtenbidea ez da erraza izango. Behintzat beraien auzokideen babesa dute. Batu egin dira erakundeen utzikeria salatzeko.

Gasteizko erdigunean dago Santo Domingo kalea. Alde Zaharreko iparraldean, Santa Maria katedraletik gertu, Aldabe Gizarte Etxetik ehun metro eskasera. Hiriaren bihotzean dago; kokapen bikaina dauka, paregabea. Baina bertako errealitatea ez da Zabalguneko beste kale batzuetakoa. Kalearen egoera tamalgarria da. Pasa den urtean kalea komunikabide askotan ere agertu zen, urrian Gasteizko Udalak bi atalondotako bizilagunak kaleratu baitzituen, etxeak berehala behera etortzeko arriskua zegoelako. 40. eta 42. zenbakietako bizilagunek 48 ordu izan zituzten beren gauzak hartzeko. Urriaren 29an, amaitu ez den amesgaiztoa hasi zen guztientzat.

Hanane Borrouhoren ama eta ahizpa egun horretan kaleratu zituzten etxetik. Neska gazte horrek gogoratzen duenez, kaleratzea agindu baino lehen, Gasteizko Udaleko teknikariak noizbehinka pasatzen ziren bertatik. «Tartean behin etortzen ziren, baina ez ziguten esan arazoa hain larria zenik. Ur-ihes bat zegoela soilik genekien», azaldu du.

Arazoak pasa den urtean hasi ziren, apirilean, Amvisak, Gasteizko urak kudeatzen dituen sozietate publikoak, 42. atalondoan ur kontsumo handiak nabaritu zituenean. Ur-ihesa La Caixa entitatearen pisu batetik zetorren. Bigarren solairuan zegoen eta teknikariek prezintatu egin zuten bisitatu ondoren. Halaber, lehenengo pisua ere prezintatu zuten, bertan hezetasunak eragindako kalte larriak agertu zirelako. Eta beheko solairuan zegoen pub bateko sabaia ere hondatuta zegoen.

Hainbat hilabete pasa ondoren, urrian, kalteak uste baino askoz larriagoak zirela ohartarazi zuen Gasteizko Udalak. Urriaren 26an argitaratutako txostenean jasotzen denez, ur-ihesa mantendu egin da –badirudi ur-ihesaren jatorria beste puntu batean egon daitekeela– eta erakinen egitura usteldu egin da. Hala, egun batetik bestera lehen aipatutako bi atalondotan bizi ziren auzokideak kaleratu egin zituzten. «Egun batean Udaleko arkitektoa etorri eta etxea behera etortzeko arriskua zegoela esan zigun, eta bi egun eman zizkiguten gauza guztiak hartzeko», dio Borrouhok, Udalak erabilitako moduak gogor kritikatuz. «Ez ziguten denborarik eman gauzak prestatzeko, eta ez genekien zer egin. Ez ziguten inolako irtenbiderik eman», gogoratu du.

Borrouhoren senideek, beste auzokide askok bezala, ez zuten nora joan eta Udalera joan ziren, kexatzera. «Kexatu ginelako eman ziguten ostatu. Isilik geratuz gero, ez ziguten ezer emango», salatu du. Lehenengo asteetan, gainera, prozesua «kaotikoa» izan zen. «Ama eta ahizpa lau leku ezberdinetan egon dira pisu bat lortu arte. Aste bat igarotzen zuten apartahotel batean, hurrengoa hotel baten...», gogoratu du, erakundearen inprobisazioa salatuz. «Ez zegoen ezer planifikatuta, arazoak sortu ahala hartzen zituzten neurriak». Auzokideek beraien gauzak uzteko prestatu duten lonja adibide da. Kaleratzeak martxan jarri zirenean, auzokide askok ez zuten lekurik altzariak uzteko, eta senide eta lagunen pisuetan gorde behar izan zituzten. «Hilabeteak pasa ziren lonjaren aukera proposatu ziguten arte. Gainera, bertan izan den auzokide batek lekua zomorroz beteta dagoela esan zigun», adierazi du.

Borrouhok azaltzen duenez, gaur egun auzokideak Gasteizko Udaleko pisuetan daude, baina ez dakite noiz itzuliko diren Santo Domingo kalera, oraindik ere ordaintzen ari diren etxeetara. Erakinetan egin beharreko obrek milaka euroko kostua dute eta gehienek ez dute dirurik lanok ordaindu ahal izateko. Gainera, antza denez, teknikariek Eraikinen Ikuskapen Teknikoa egiteko baliatu dute egoera, eta, kaleratu dituzten etxeak berritu baino lehenago, arkeologoek lurpea aztertu behar dute. «Orain arte proiektua auzokideen artean ordaindu dute, baina gastuak igo dira eta Udalak esan du lanak era subsidiarioan egingo dituela», azpimarratu du Albaro Anta Santo Domingo Bizirik plataformako kideak.

Hori arazo larri bat izan daiteke, formula horrekin egiten diren lanak bi urtetan ordaindu beharko direla aurreikusten baitute. «Nola egingo dute auzokideek ordaintzeko? Auzokide batek ez du 20.000 euro ordaintzarik 24 hilabetetan», adierazi du Naiara Bernal Santo Domingo Bizirik plataformako kideak. Ohartarazi duenez, orain arte Gasteizko Udalak ez du lanak era subsidioan egiteko formula erabili halako berritze proiektuetan. Inork ez daki zer gertatuko litzatekeen, esaterako, auzokideek ordainduko ez balute. «Teorian Udalak etxebizitza bahitu dezake, baina ez dago argi zer gertatuko litzatekeen», gaineratu du.

Ikerlan diagnostikoa

40. eta 42. atalondoko egoerak mamu zaharrak birpiztu ditu Santo Domingo kalean. 2016. urtean 38. atalondoko auzokideak kaleratu zituen Udalak eta 18. atalondoa aurretik zegoen hutsik. Alarmak piztuta daude, etxe ugari daudelako egoera larrian kalean.

Santo Domingo Bizirik plataformak egindako ikerlan diagnostiko batean azaltzen denez, kalean 38 eraikin daude, eta horietatik 35ek 50 urte baino gehiago dituzte. Are, 23 eraikinek ehun urte baino gehiago dituzte. Gehienek Eraikinen Ikuskapen Teknikoa pasa behar dute aurten eta, txostenean azaltzen denez, jabeen erkidego ugarik ezin diete aurre egin gastuei; pisu askotan pertsona bakar bat bizi da eta erkidego batzuetan bakarrik bi edo hiru lagun bizi dira. Eta ezin ahaztu atariotan bizi diren 40 familiak gizarte zerbitzuen laguntza jasotzen dutela beraien oinarrizko beharrak asetzeko.

Badaude laguntzak zaharberritze lanak aurrera eramateko, baina bete behar diren baldintzak oso zorrotzak dira. Gainera, lanok egin ondoren jasotzen dira, «eta berandu iristen dira». Bernalek azaldu duenez, «Santo Domingoren kasuan arazo larriena da auzokideek ezin dutela dirua aurreratu obrak egiteko». Dioenez, diru laguntza aurretik jasotzeko, orain arte legeak auzokideen %70ek urteko 9.000 euro baino gutxiagoko errenta izatea ezartzen zuen. Santo Domingo Bizirik plataformak zenbait proposamen aurkeztu zituen araudi zorrotz hori aldatzeko, eta Zabalgune XXI enpresa publikoak onartu du urteko errenta 15.000 euro baino gutxiagora igotzea. «Hori izan zen gure garaipen txikia, baina, hala ere, jabeen erkidego gehienetan ez da betetzen», gaineratu du. Plataformak nahi duena da laguntza aurretik jasotzeko baldintzak banan-banan aztertzea, familia bakoitzaren kasuaren arabera.

Aldaketa Alde Zaharreko biztanleentzat onuragarria litzateke, izan ere, Santo Domingo kalearen kasua «icebergaren punta besterik ez da». Zentzu horretan, Manu Arakama Gasteiz Txiki auzo elkarteko kideak auzoak pairatzen duen utzikeria salatu du. «Ez dago benetako politika bat Alde Zaharra berritzeko, eta egoera horren ondorioa da Santo Domingo kalean ikusten ari garena», gaineratu du. Arakamaren ustez, Udalak auzokideei lagundu behar die, «baina orain arte kontrakoa egin du. Berain kezka ez da etxeak berritzea, beraiek Alde Zaharra baliabide turistiko bat bezala ikusten dute, eta ahazten dute zein den etxeen egoera». Alde Zaharraren gentrifikazioa eztabaida zaharra da, askotan hitz egin da arazo larri horri buruz, eta Santo Domingo kalean gertatzen ari dena mesfidantzaz ikusten dute auzoan.

«Auziaz asko hitz egiten da. Kalea hil zorian uzten badute, pisuen salneurria jaitsi egingo da eta enpresa berriak sartuko dira apartamentuak eta negozio ‘modernoak’ egiteko», dio Bernalek. Hori ez gertatzeko, Santo Domingo Bizirik plataformak hiru esparrutan lan egiten du: etxebizitza, komertzioa eta elkarbizitza.

Elkarbizitzaren inguruan, Arakamak Santo Domingo Bizirik plataformaren barnean gaia jorratzeko talde bat sortu dela azpimarratu du. Talde horretan parte hartzen dutenen helburua da arrazakeriari, xenofobiari eta elkartasunaren aurkako jarrerei aurre egitea. «Guri gustatuko litzaiguke Gasteizko Udalak arazoari aurre egiteko neurri zehatzak hartzea, bitartekaritza politika bat martxan jarriz. Baina proposatzen duten irtenbide bakarra errepresioa da», kritikatu du.

Etorkizunari begira

Irailetik aurrera Santo Domingo Bizirik plataformako kideak lanean jarraituko dute kaleratutako auzokideen egoera salatzeko. Kalean izango dira behin betiko irtenbide bat aldarrikatzeko. «Eta kaleko egoera ere salatzen jarraituko dugu. Udalak orain arte bete ez dituen konpromisoak bete ditzan eskatuko dugu. Lan luzea daukagu aurretik», dio Arakamak, Santo Domingo kaleko egoera konpondu ondoren Alde Zaharreko beste arazoei helduko dietela iragarriz. Eta datorren urteko hauteskundetara begira, Alde Zaharreko birgaitzearen aldeko konpromiso argia eskatuko diete alderdi politiko ezberdinei.

Utzikeriaren beste froga bat: duela hamahiru hilabete hildako gizon baten gorpua aurkitu dute Santo Domingo kaleko etxebizitza batean

Uztailaren 16an Gasteizko Udaltzaingoek eta Osasun Publikoko teknikariek gizon baten gorpua aurkitu zuten Santo Domingo kaleko pisu batean. Eduardo zuen izena gizonak, 55 urte zituen eta duela hamahiru hilabete hil zen. Inork ez zuen faltan bota, teknikariak bertara usain jasanezina ateratzen zelako hurbildu ziren.
Santo Domingo Bizirik plataformak ohar batean salatu zuenez, gizon horren heriotza Alde Zaharreko kaleak pairatzen duen utzikeriaren besta froga bat da. Pasa den urtean, ekainaren 26an, auzokideak Udalari deitu zioten pisu batetik usain jasanezina ateratzen zela salatzeko. Erakundeei premiazko neurriak hartzea eskatu zieten osasun publikoko arazo bat saihesteko.
«Zein izan zen Udalaren erantzuna? Hilabete bat pasa zen Osasun Publikoko teknikari batek txosten bat egin zuen arte, eta honek etxebizitzan sartu beharra nabarmendu zuen. Bi hilabete geroago auzokideek berriro salatu zuten egoera eta ikerketa berri bat egin zen. Usaina are txarragoa zela ohartarazi eta premiazko neurriak hartu behar zirela berretsi zuen teknikariak», azaldu zuten plataformako kideek. Hirugarren txosten batean, abenduan egindakoa, egoeraren larritasuna jasotzen dela ere gaineratu zuten.
«Eta hortik aurrera zer? Esandakoa, utzikeria... uztailaren 16ra arte: etxebizitza garbitzera sartu zirenean, aurreko jabearen semearen gorpua aurkitu zuten. Duela hamahiru hilabete hil zen. Zabor poltsa pila bat ere bota zituzten etxea garbitzen aritu ziren langileek. Norbaitek uste al du horrelako egoera bat Gasteizko beste auzo batean eman daitekeenik?», salatu zuten, Udalaren jokaera gogor kritikatuz.
Zentzu horretan, Udaleko Gizarte Zerbitzuen jarrera kritikatu zuten. Izan ere, hildakoak gizarte laguntzak jasotzen zituen, eta Santo Domingo kaleko auzokideek ez dute ulertzen zergatik ez zuten segimendu bat egin. Halaber, Osasun Publikoko arduradunen erantzuna kritikatu zuten, pisua gune infekzioso argi bat baitzen, bertako auzokideentzat arriskutsua.
Santo Domingo Bizirik plataformak Gasteizko Udalak gertutakoa ezkutatu nahi izan duela salatu zuen, asteartean Udaltzaingoak argiratutako partean aurkitutako gorpuaren berri eman ez zuelako. «Udalak Santo Domingo kalea hilerri bilakatu nahi du, baina ez genuen uste literalki zela», gaineratu zuten, eta kaleak bizirik irauteko lanean jarraitu dutela nabarmendu zuten.
Gasteiz Txiki auzo elkarteak ere salatu zuen gertatutakoa. Dolumina adierazi zien hildakoaren gertukoei eta izandako utzikeria kritikatu zuen. «Nola izan daiteke posible auzokide baten gorpuak hainbeste denbora ematea pisu batean? Nola izan daiteke posible Udalak ezer ez jakitea?», galdetu zuen ohar batean.
Gasteiz Txikik nabarmendu bezala, auzokideek hiru aldiz salatu zuten usaina jasanezina zela, baina Udalak ez zuen neurririk hartu. «Gertatutakoa oso larria dela eta udal zerbitzuen erantzuna oso txarra izan dela uste dugu. Horregatik, ikerketa bat eskatzen diogu Udalari, azalpen ofizial bat eman eta erantzukizunak argitzeko. Gure ustez, gauzak gaizki egin dira. Hori ukaezina da». Haserrea nabaria da: «Beste behin ere argi ikusten dugu erakundeen interes falta gure auzoaren egoera globalari buruzko hausnarketa bat egiteko».
Alde Zaharreko auzokideek hainbat ekimen antolatu dituzte bizi duten egoera salatzeko eta hobekuntzak aldarrikatzeko. Baina Gasteizko Udalak ez du erantzun publikorik ematen. GAUR8 berak ere auzoko egoerari buruzko informazioa eskatu zion Udal Gobernuari pasa den astean eta ez du erantzunik jaso.