Joxean Agirre

Beroa

Badirudi beroak materia oro dilatatzen duela salbu eta materia grisa, alegia garuna. Neure esperientziatik ari naiz. Urte osoa igarotzen duzu arimako gozamenak, sormenak edo edertasunaren kontenplazioak ekartzen dituenak kantatzen edo goraipatzen, eta, udan sartzearekin bat, konturatzen zara gorputzekoak ez direla txikiagoak.

Olatuen aparrarekin jolasean tarte luze bat aski da pozik jartzen zaituela ohartzeko; zuhaitz eder baten itzalean etzatea nahikoa da zoriona zer den susmatzeko; bazoaz Aiatik Oriora goitik behera bizikletan haizea beste frenorik gabe eta arteak edo inteligentziak ematen ez duen euforia batek hanpatzen dizu bularraldea; dozena bat sardina erre eta botila bat sagardo aurrean dituzula esertzen zara ilunabarrean Alabortzako kantinan, Pasaiako badiari begira, eta norbait sentitzen zara.

Termodinamikako lege arraro horren berri badakite egunkari serioetako zuzendariek eta udan sartzearekin bat hasten dira orrialdeak murrizten. Abuztua iristerako anorexiaren ispilu bihurtzen dira gurea bezalako hedabideak. Bazoaz hondartzara, eta, galerna txiki batek jotzen badu, kaio handiak bezala hegaldatzen dira orrialde bakanak, hegan doazela dirudi-eta Katalunia, paterak, euskal presoak, Seaskako aldarrikapenak (portzierto, ordu hauetan beren pankartak astinduz ibiliko dira Senpere eta Ezpeleta arteko etapan) eta beste hainbat kezka; desagertu egiten direla ematen du.

Baina ez dira joan, hozkailuan sartu ditugu eta Ferragosto-a igaro orduko udazkeneko lehen haizeekin batera itzuliko dira, gure garuna hasiko da berriro bere ohiko tamainara itzultzen. Ordurako Elsa Pataky eta enparauak ere joanak izango dira inguru hauetatik eta itzuliko gara arimaren gozamen betierekoak gozatzera batzuk eta lanaren gurpil makurrera besteak, gizakiak udako zorion izpi labur horiek behar baititu, konforme biziko bada. •